Ez da gauza bera


Joxe Rojas
Galdetu zalantzak teknopatari:
Internet eta web-orriak lehentasunezko1 asmo orokor batekin sortu ziren: jakintza eta informazioa trukatzeko sistema erraz eta unibertsala izatea. Baina bizi dugun turbokapitalismoak bere atzaparretan2 harrapatu zituenean, pixkanaka, baina etengabe eraldatu zuen kontzeptua, zerbait 'eraginkorragoa','produktiboagoa' eta, batez ere, 'errentagarriagoa' bilakatu arte.
Eta hala iritsi gara iritsi garen egoerara. Berez, web-arakatzaile3 batek programa sinplea izan behar du. Norbaitek Interneten eskegi4 dituen web-dokumentuak irakurtzeko aplikazio bat. Baina ez! Gaur egun, web-nabigatzaileek hamaika gauza egiten dituzte, web-dokumentuak irakurtzeaz gain, haien helburu nagusia ez delako informazioa 'trukatzea', negozioa egitea baizik. Google Chrome nabigatzailea, adibidez, gehien erabiltzen dena, zure informazioa zurrupatzeko⁵ makina da. Ikusi nahi duzun webgunea ondo erakustea da mundu honetan gutxien axola zaiona. Chromek xiringa balitz bezala funtzionatzen du. Erabiltzen duzun bakoitzean, zuri buruzko ahalik eta informazio gehien zurrupatzen du bere Googlerentzat, bere jabearentzat, hain zuzen: zer webgunetan sartu zaren, zer egun eta ordutan, nola iritsi zaren hara, zenbat denbora pasatu duzun bertan, non egin duzun klik eta non ez... Aurretik eta ondoren beste zer bisitatu duzun. Zenbateko maiztasunez sartzen zaren orri horretan, zer antzekotasun duen bisitatzen dituzun beste batzuekin... Horrekin guztiarekin, zure profila osatzen du pixkanaka, zure gustu eta ohituretara egokitutako publizitatea eskaintzeko. Publizitate hori agerikoa izan daiteke: webgune guztietan ikusten duzun iragarki hori. Edo izan daiteke disimulatuagoa: hurrengo bilaketa egiten duzunean agertuko zaizun lehen emaitza, nahiz eta zure bilaketarekin zerikusirik izan ez.
Horregatik, Interneten ibiltzean komeni da oraindik informazio-truke irekiaren eta erabiltzaileon datuak babestearen alde dauden tresnak erabiltzea. Teknologia inoiz ez baita neutrala: ez da gauza bera itsasora belaontzian edo gurutzaontzi diskotekadun horietako batean ateratzea. Eta Interneten nabigatzean, berdin-berdin.
LOTURAK
https://www.mozilla.org/eu/
Mozilla Firefox arakatzaile librea. Estandar irekien eta sarearen askatasunaren aldekoa, nahiz eta azken boladan polemika bat edo beste izan duen.
https://vivaldi.com/
Europan garatutako nabigatzailea, Chromium motorrean oinarritutakoa, pribatutasuna xede.
https://mullvad.net/browser
Mullvad ere enpresa europarra da, VPN zerbitzuak eskaintzen dituena. Bere nabigatzaile propioa ere badu, Firefoxen oinarritua.
1. Lehentasunezko: prioritario, -a (es), prioritaire (fr).
2. Atzapar: zarpa (es), griffe (fr).
3. Arakatzaile: nabigatzaile.
4. Eskegi: colgar (es), mettre (fr).
5. Zurrupatu: absorber (es), absorber (fr).
