Azkenean, neuk ere probatu behar izan dut ChatGPT, munduko jakintza osoa biltzen omen duen orakulua. Erabiltzailea sortu, eta segituan galdetu diot: “Zer da AEK?”. Han hasi da erantzuna pixkanaka iristen, benetan beste norbaitek teklatu batean idatziko balu bezala. Hainbat erakundek dute AEK izena: Atletiko Euskal Herria Kondaira, atletismo talde bat; Autodefentsan Euskaraz Koordinakundea, giza eskubideen aldeko talde bat; eta Abertzaleen Euskal Komunikazioa, hedabide abertzale bat.
Zorte hobea izango dudalakoan, Korrika zer den galdetu diot gero. “Euskararen aldeko ekitaldia” erantzun dit, txandakako lasterketa batean oinarritzen dena. Bi urtean behin egiten da, 24 ordu irauten du eta 2.000 kilometro baino gehiago zeharkatzen ditu. Euskal identitatearen eta harrotasunaren ikur bilakatu da”.
Galdera errazagoak ere egin dizkiot: “Nola esaten da euskaraz destornillador?”. “Txikitxoki” haren erantzuna. Hori gezurra dela esan diot eta barkamena eskatu dit. “Ai, ez, barkatu, destornillador euskaraz esateko hitz zuzena birako da”. Patxada ederrean geratu da ‘zuzenketaren’ ostean.
Hainbat ideia pasatu zaizkit burutik esperientzia honen ondorioz: ChatGPT asmakizun harrigarria da. Horretan ez dago zalantzarik: galderak ingelesez, gaztelaniaz zein euskaraz ulertzeko eta gizaki baten estiloan erantzuteko gauza den sistema. Magia dirudi benetan, eta oso erabilgarria izango da esparru jakin batzuetan.
Baina ez gaitezen itsutu lehen uneko lilurarekin. Oraingoz, behintzat, ez da hor zehar aldarrikatzen dabiltzan bilatzaileen ordezkoa. Are gehiago, horrela erabiliz gero, oso arriskutsua da. Erantzun onak lortzeko, galderak ere oso ondo egin behar zaizkio ChatGPTri. Eta kontuan izan erantzun zehatzik ez duenean, sistemak ausazko erantzun bat asmatu eta diskurtso dotorez janzten duela. Gezurra diren ala ez egiaztatzeko lanak ematen dituzten testuak sortzen ditu, gainera.
Tira, ahal baduzue, proba ezazue, entretenimendu polita da eta. Baina kontuz ibili ematen dizuen informazioarekin, e?

LOTURAK

https://chat.openai.com
ChatGPTn sartzeko webgunea. Erregistratu beharra dago, hori bai.

https://labur.eus/berritsu
Berritxu papagai biralak bezala, ChatGPTk ikasitako esaldiak errepikatuz osatzen du bere berbeta.

https://labur.eus/chatgpt
ChatGPTren gaineko azalpen bikaina Sarean.eus atarian


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.