heltzear web

493rojas

Joxe Rojas

Galdetu zalantzak teknopatari: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.

Urtarrilean, 19 urte bete dira Steve Jobsek lehen iPhonea aurkeztu zuenetik. Hura ez zen izan, inondik inora ere, lehen smartphonea. Palm, Nokia, Blackberry eta Microsoft enpresek urteak zeramatzaten telefono adimendunak saltzen. Baina Appleri aitortu1 behar zaio berak lortu zuela estandartzat jotzen ditugun ezaugarriak finkatzea: atzamarrez maneiatzen den ukipen-pantaila, teklatu fisikorik eza, gailuaren forma eta tamaina...
Estandarizazioarekin, ordura arte zeregin eta publiko oso jakinentzat ziren telefono aurreratuak orokortu eta hedatu egin ziren pixkanaka, unibertsalak bilakatu arte. Egundoko pagotxa telefono- eta software-egileentzat... eta gizartearen eta ekonomiaren goitik beherako eraldaketaren hasiera.
2007ra arte, Interneten sartzea borondatezko hautua zen. Pertsona batek e-mail bat bidali, kontsulta bat egin edo txat batean denbora pasatu nahi zuenean, propio eseri behar zuen ordenagailu aurrean, konexioa ezarri behar zuen, programa hau edo hura ireki... Ostean, aplikazioa eta konexioa itxi, eta Internetetik kanpo geratzen ginen berriz, mundu zabalarekiko konexiorik gabe.
19 urte geroago, egoera justu kontrakoa da. Internetera konektatuta gaude etengabe, eta borondatezko hautua eta ahalegina egin beharra dago hura eteteko2. Jakinarazpen eta distrakzioen etengabeko bonbardaketan bizi gara: posta elektronikoa, mezularitza-sistemak, sare sozialak, aplikazioen gaineko albisteak, bankukoak, osasunari buruzkoak... Gure arretarekin zein egunerokoaren datu guzti-guztiekin negozioa egiten dutenek jakinarazpen horiekiko mendeko bilakatu gaituzte.
Ingelesez FOMO esaten zaio mendekotasun horri, Fear of Missing Out: jakinarazpenei kasurik egin ezean3, informazio garrantzitsua galtzearen beldurra. Horren aurrean, gehiago dira ingelesez JOMO, Joy of Missing Out, bultzatzen dutenak: jakinarazpenei nahita muzin egitearen4 plazera. Praktikan jartzen hasi beharko dugu lehenbailehen, bestela antsietateak irentsita bukatuko baitugu guzti-guztiok.

LOTURAK

https://labur.eus/WikiFomo
FOMO sindromea eta haren gaineko jakingarriak, Wikipedian.
https://labur.eus/teknoiz
Zurriola Ikastolako Teknoiz taldeak (oporretan) deskonektatzeko aholku praktikoak zerrendatu ditu. Argia aldizkarian jasota dago zerrenda.
https://labur.eus/JobsiPhone
Jakin-mina baduzu, bideo honetan ikus dezakezu nola aurkeztu zuen Jobsek iPhonea. Ordura arteko smartphoneak ere ikusten dira bertan.

1. Aitortu: reconocer (es), reconnaître (fr).
2. Eten:
interrumpir(se (es), (s')interrompre (fr).
3. Ezean:
a no ser que (es), à moins que (fr).
4. Muzin egin:
uko egin, ez onartu.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.