Gelakidea

Goiatz Labandibar

Zortzi urte genituen esan zigutenean gelakide berria etorriko zitzaigula ikastolara. Esan ziguten errefuxiatua zela, gerra batetik ihesi zetorrela gure herrira. Ziurrenik, gerra hitza hurbileko norbaiten ahotik entzun genuen lehen aldia izan zen hura.
Etorri zen mutiko hura. Rihad zuen izena. Ez zuen euskararik ulertzen. Baina guk euskaraz egiten genion, ez genekielako bestela nola hitz egin behar genion. Bosniatik etorri zen. Sarajevotik. Rihad gure gelakide bihurtu zenean kokatu genituen Balkanak mapan.
Garai hartan, telebistak egunero ematen zuen Balkanetako gerraren berri. Baina guk ez genituen albistegiak ikusten. Guk Dragoi Bola ikusten genuen, eta bukatzen zenean lotara joaten ginen.
Gure gelan hilabete batzuk egin ondoren, beste herri batera joan zen bizitzera Rihad, familiarekin. Haren ikastola berriko gelakideekin karta-trukean hasi ginen (bai, gutunen garaiak ziren oraindik). Eta, urtean behin, denok elkartzen ginen: futbol partida bat jokatzen genuen eta elkarrekin jaten genituen etxean prestatu zizkiguten ogitartekoak1.
Unibertsitatera heldu nintzenean, herri hartako neska bat izan nuen gelakide. Esan nion: “Gutunak trukatzen genituen zure herriko haur batzuekin”. Eta, hara, bera gela hartakoa izaki! Ez berak ez nik ez genekien non zegoen Rihad ordurako. Gerra bukatutakoan, Bosniara itzuli zirela esan zidan.
Duela gutxi, Sarajevoko giza safariei buruzkoak irakurri ditugu. Haur, emakume eta helduei tiroka aritzera joaten ziren aberaskumeak ziren ehiztari haiek, gure gelakide Rihadi berdin-berdin egingo ziotenak tiro miran2 jarri izan balitzaie.
Badakigu gizatasunik3 gabeko izakiak garela. Baina hain-hain gutxikoak ginenik ere…
1. Ogitarteko: bocadillo (es), sandwich (fr).
2. Mira: punto de mira (es), collimateur (fr).
3. Gizatasun: humanidad (es), humanité (fr).
