
Goiatz Labandibar
Fobien mundua liluragarria1 da. Fobia gehiegizko eta justifikaziorik gabeko beldur irrazionala dela dio definizioak. Ia denerako dago fobiaren bat, eta, irrazionalak edo absurdoak badira ere, izen eder eta ikaragarri klasikoak dituzte, behintzat. Hartara, fobiaduna izateak nolabaiteko dotorezia puntu bat ere adieraz dezake. Badira fobia arruntegiak, nik eta beste askok ditugunak, armiarmei alimaleko2 ikara3 (araknofobia), adibidez. Beste batzuk kuriosoak, bederen, badira: amatofobia (hautsari izua) edo tripofobia (zuloei). 
Aurreko batean pentsatzen aritu nintzen nola sortzen ote diren fobiak. Izan ere, egun batean ez diozu batere beldurrik hegazkinez hegan egiteari eta hurrengoan hortxe zabiltza bidaiatu aurretik lasaigarriak hartzen; eta, azkenerako, hegazkinik hartu gabe ere bizi zaitezkeela erabakitzen duzu (aerofobia deritzo4 hegan egiteko ikara irrazionalari). Maria Gainza idazle argentinarrak kontatutako pasarte eder bat gogoratzen dut sarri: senarrak Ezeizako aireportura eraman zuen, kongresu batera joateko hegazkina hartu behar zuelako, baina hegan egiteko ikara irrazional eta absurdoak erabat jota, hegazkinean sartu aurretik taxia hartu, eta senarra baino lehen etxeratu zen Gainza. Ordutik, ez du sekula bidaiarik egin hegazkinez. Bizitza filosofia bihurtu zaio aerofobia.
Azkenaldi honetan, bestelako fobia bat ari naiz garatzen ni: auskalo zenbat denbora lehenago sarrerak salgai jartzen dituzten emanaldi/ikuskizun/kontzertuekikoa. Jendeak eroen pare erosten ditu sarrera horiek eta niri, aldiz, gero eta atzerako handiagoa ematen didate.
Alabaina, bilaka aritu naizen arren, ez dut topatu fobia horretarako izen ponpoxorik. Inork badu proposamenik?
1. Liluragarri: fascinante (es), fascinant, -e (fr).
2. Alimaleko: izugarri, ikaragarri, egundoko, itzel.
3. Ikara: pánico (es), panique (fr).
4. Deritzo: izena du, izendatzen da.

 
															