493labandibar

Goiatz Labandibar

heltzear web

Zahartzen ari zarela konturatzeko mila modu daude. Ez dira bakarrik aurpegiko zimurrak1, ile urdinak2, gehiegi irauten duten biharamunak3 eta/edo baduzula iragan bat konturatzea; hitz egin dezakezula duela hogei urte egindako bidaiez, edukitako ikaskideez eta bizi izandako anekdotez.
Zahartzen ari zarela konturatzeko, badaude beste keinu batzuk ere. Ez dirudite hain nabarmenak, baina aurreko horiek guztiak baino esanguratsuagoak dira; arranopola!⁴
Seinale horietako bat da, esaterako, liburu edo film batean noren azalean edo noren zapatetan jartzen zaren. Pertsonaietako zein egiten zaizun hurbilekoen.
Esaterako, duela hilabete gutxi batzuk Jone, batzuetan filma ikusi nuen (bide batez: balio dezala zutabe honek gomendio zinematografiko gisa). Jone protagonista gaztearen bizitzako egun gutxi batzuk kontatzen ditu, bere hiriko festetan (Bilboko Aste Nagusia) bizi dituenak. Tarte hori baliatzen du filmak lagunekin duen harremana, maitasun-aferak⁵ eta etxean bizi duen egoera kontatzeko, hain gazterik zaintzaile bikoitz bihurtuta: aitarena, gaixotasun degeneratibo bat baitu, eta ahizpa gaztearena.
Drama hutsa izan zitekeen filmari oreka zoragarria ematea lortu du Sara Fantova zuzendariak. Aho-zapore ezin hobeaz atera nintzen filma ikustetik, baina baita ziurtasun batekin ere: “Goiatz, zahartzen ari zara”. Izan ere, negar egin nuen (eta ez gutxi), baita irribarre ere, baina ez zen izan etorkizunik gabeko desamodio-istorio horregatik edo hogei urteko nesken kuadrilla horretako konplizitateengatik edo haien parrandaren inbidiarengatik.
Neure burua, Joneren tokian baino, aitarenenean ikusi nuen: bi alaba gazteegi/oso haur oraindik utzirik hilko den aita alargun⁶ hori. Zer egingo nuke nik haren tokian? Nola egon prest zure alabak hazten ez ikusteko? Hurbilago sentitu dut bere heriotzari aurre egin behar dion aita bizitza osoa aurretik duen alaba baino.
Zalantzarik ez: Goiatz, zahartzen ari zara.

1. Zimur: arruga (es), fronce (fr).
2. Ile urdin:
cana (es), cheveu blanc (fr).
3. Biharamun:
resaca (es), gueule de bois (fr).
4. Arranopola!:
¡rayos! (es), sapristi! (fr).
5. Afera:
asunto (es), affaire (fr).
6. Alargun:
viudo, -a (es), veuf, veuve (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.