Onintza Enbeita

Ez dakit zenbat kanta egin zaizkion irailari: baladetan aipatzen dute, maitasun harremanak hil honetan amaitzen dira film amerikarretan, nostalgiari leku egiten dioten hitzak sortzen ditu… urtarrilak baino hasiera kutsu handiagoa du gurean irailak. Udako oporrek markatzen dute jende askoren urte amaiera, eta irailak hasiera. Agian, horrek egiten du hain berezi iraila. Edo, besterik gabe, kulturala baino ez da irailari garrantzi hori emateko ohitura. Oporrak desberdin antolatzen diren herrialdeetan ez du izango, beharbada, gurean daukan kutsua.
Hasi da ikasturtea berriro. Etorri zaigu iraila, eta berriz ere guk espero baino askoz lehenago. Berriz ere guk etxea txukundu baino lehen; abuztuak berea egin du guk kirolik egin gabe; iraila etorri da iazko udan erabili ez genituen arropak armairutik atera ditugunerako; ikasturtea hasia da eta oraindik ez ditugu irakurri ekainean gau mahaian pilatuta genituen liburuak. Iraila beti agertzen zaigu guk nahi baino lehen. Aurten ere bai. Oraindik ez dut egin beharko nituzkeen eta egin ez ditudan gauzen zerrenda egin, baina badakit asko direla. Beti bezainbeste. Edo beti bezain garrantzitsuak. Eta, aldi berean, garrantzirik gabeak; izan ere,  inoiz egiten ez ditugun arren, bizitzak hortxe jarraitzen du.
Agian, garrantzi handiegia ematen diegu hainbestekoa ez daukaten gauzei. Iraila etorri da, eta, egin ez ditudan gauza horiek guztiak gorabehera, bizitzak hementxe jarraitzen du. Eta ez dirudi egin ez dugun horrek gure bizitzak asko aldatuko dituenik. Edo, apika, bai. Hori frogatzeko aukera bakarra ekainean egin genituen promesak betetzea da. Eta, orain, gauza asko dauzkagu egiteko: lanera joan behar da, ikasketei berrekin behar zaie, bertsolari txapelketa hasi da eta medikuak agindutakoak bete behar ditugu, Gabonak etorri arte arte.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.