Udaberriaren zain egon behar genuke hil honetan. Normalean, martxoan loratzen ziren zelaiak, eta belardietan bitxiloreak agertzen ziren lehen. Aurten, ordea, otsaila mimosak loretan direla hasi dugu, eta bada hilabete kalak biltzen ari garela. Ez da negurik izan. Astebeteko hotza jasan dugu, asko jota, baina negua, guk ezagutzen genuena, ez dago. Beldurra ematen du urtarrilean izan dugun giroak. Garai bateko martxoa urtarrila izan da aurten. Beldurra ematen du.
Bitartean, klima aldatzen ari dela ukatu egiten digute. Lurra berez ari dela berotzen entzun nuen behin. Aspalditik omen zen haren joera. Hala izango da. Ez diot inori ez dakidanik eztabaidatuko, baina niri ere inork ez dit eztabaidatuko berotze horretan lagundu egin dugula. Konplizeak izan gara, guztiok. Badakigu ez dela jasangarria ostiral gauean Londresera joatea eta igande gauean etxera itzultzea. Ez dauka zentzurik arropa erostera Parisera hegazkinez joateak, eta Hegoaldeko euskaldunok mila modu ditugu Madrilera joateko. Hala ere, hegazkina erabiltzen dugu askotan, eta israeldarrak hedatzen ari diren lainoak odola baino gehiago dauka. Fosforo zuria eta bestelako substantziak inolako kezkarik gabe barreiatzen ari dira, eta gure zeruak su artifizialez beteko dira udaran, itzaltzen direnean uzten duten laino sendoa inori axola gabe, eta irailetik aurrera bakarrik joango gara lanera egunero-egunero milaka auto mugiaraziz, eta janaria supermerkatu handietan erosiko dugu ekoizpen ereduei erreparatu gabe, eta orbanak kentzen dituzten produktuak erabiliko ditugu etengabe gure komunetik eta garbigailutik ateratzen den urak zer daraman aztertu gabe. Eta horrela eguneroko gauza asko.
Ez dakit sortu dugun egoerak atzerabueltarik daukan ala ez, baina argi dago gizakia desagertzeak mesede handia egingo liokeela planetari. Eta nolakoak garen jakinda, unibertsoari ere bai, seguruenik.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.