GPS pertsonak

Goiatz Labandibar

Gidatzen baldin badakizu, jakingo duzu zeinen garrantzitsua den txofertzen1 ari zarenean ondoan eserita egongo den pertsona. Ez du edonork balio pilotuaren laguntzaile izateko. Gogoan dut duela urte batzuk lagunok bidaia egin genuela Danimarkan barrena eta auto bat alokatu genuela han zehar mugitzeko. Txandaka gidatzen genuen eta gidari izatea zegokionak aukeratzen zuen ondoan zein eseriko zitzaion. Nik beti lagun bera aukeratzen nuen. Oso argi neukan nor izango zen nire GPSa.
Ezagutu ditut mapa eskuetan bidaiatzen zen garaiak, nahiz eta, egia esan, ez zaidan tokatu haiekin gidatzea. Gidabaimena atera nuenean eta nire kabuz2 bidaiatzen hasi nintzenean, autoaren aurrealdean TomTom edo GPSak jartzen ziren dagoeneko. Gogoan dut Portugalera egindako bidaia batean Marta izeneko ahotsa izan genuela laguntzaile, eta kasik bidaiako laugarren kidea izan zen, ahots hura humanizatu egiten genuen. Ez genuen makinari buruz hitz egiten, baizik eta Martari buruz. Porton lapurtu ziguten arte. Auskalo non bukatu zuen gure Martak….
Orain, bidaiatu behar dugunean, mugikorrean pizten dugu GPSa gehientsuenok. Eta, hala ere, galdu egiten gara batzuk. Bai, ni horietakoa naiz. Akaso, horregatik liluratzen3 naute hainbeste orientatzeko sena⁴ baduten pertsona horiek, edonora doazenean badakitenak ezkerretara edo eskuinetara jo behar duten iritsi nahi duten tokira heltzeko.
GPS pertsonak dira, eta beti aukeratuko nituzke gidari naizenetan nire ondoan bidaiatzeko. Beharbada, baten batek esango du bideko sorpresak gal daitezkeela horrela eta bizitzak orduan ez duela graziarik, baina uste dut osasunerako mesedegarria dela GPS pertsona bat aldamenean edukitzea, tokietara galdu gabe iristeak bizitza luzatzen baitu.
1. Txofertu: txofer jardun, gidari aritu, gidatu.
2. -nor(k) bere kabuz: bakarrik, inoren laguntza gabe.
3. Liluratu: fascinar (es), fasciner (fr).
4. Sen: sentido (es), sens (fr).
