Kasualitateak

Goiatz Labandibar
Aurreko batean, irratian entzun nuen lehenengoz norberaren herriaz dolu1 egin beharraren gainean hitz egiten andre bat. Gure herriak aldatu direla, ez dutela gure haurtzaroko herrien antzik (ez arkitektonikoki ez demografikoki ez sozialki) eta horretara egokitu behar dugula, ezinbestean. Sor dezakeela nolabaiteko hutsune bat, nolabaiteko min bat, baina orain hau dela gure herria, izan zena bezain gurea.
Asko idatzi izan da herriminaz2, morriña-z edo saudade-az, baina hau beste zerbait da.
Ez nuen sekula pentsatu herri batengatik, muga zehatzak dituen eremu geografiko konkretu horregatik, auzoz eta etxez eta bidez osatutako toki horregatik, dolua egin zitekeenik. Baina gustatu zitzaidan kontzeptua, aizue.
Aurretik, sarri pentsatu izan dut nolakoa izan behar duen norbere herrira bueltatzea urte asko kanpoan pasatu ondoren. Itzuli, eta ez errekonozitzea. Konturatzea norberaren buruan dagoen herriaren irudia zuri-beltzezko erretratu zaharra dela, koloretako orainaldiarekin ia zerikusirik ez duena. Kalean zurekin gurutzatzen direnak ez agurtzea, ez dituzulako ezagutzen.
Baina ez dut sekula pentsatu ni neu izan naitekeela horietako bat, inoiz herritik lekutu3 gabe. Banaiz zortzi abizen euskaldunen klixe hori. Gurasoak, aitona-amonak eta haien gurasoak guztiak ditut herri berekoak. Haien aurrekoek ez zuten ibilbide geografiko handirik egin beren bizitzan.
Baina askotan pentsatu izan dut kasualitate handiagoa dela gu hemen egotea, ez egotea baino. Inguru hauek ezagutu dituzten gerra eta triskantza4 denen bizirauleen ondorengoak garela.
Errazagoa zatekeela hiltzea, desagertzea eta/edo, oinarrizkoenera joanda, espermatozoide bat eta obulu bat ez ernaltzea5. Eta gauza bera, mundu zabaleko gutako bakoitza.
Baina, hala ere, hemen gaude ez dakit zenbat milioi kasualitate. Historiaren biziraule batzuk gara, Historiatik bizirik irten badaiteke, behintzat.
1. Dolu: duelo (es), deuil (fr).
2. Herrimin: nostalgia (es), nostalgie (fr).
3. Lekutu: desagertu, alde egin.
4. Triskantza: masacre (es), massacre (fr).
5. Ernaldu: fecundar (es), féconder (fr).

