Garai ilunetarako argi-izpiak


ETA MAIZ EZ DA BESTE EZER
Ohil
Hainbat zigilu, 2026
Ohil taldeko kideak ez ditu lozorroak hartu1; iazko apirilean ekarri genuen orri hauetara haien estreinako lana, Akorde beste orbain2, eta dagoeneko hemen dugu bigarren diskoa: Eta maiz3 ez da beste ezer. Musikari dagokionez, lehenengo diskoan irekitako ildoari jarraitzen diote, indarraren eta emozioaren arteko oreka zail horretan kulunka; zenbait doinutan, baina, halako distira moduko bat atzematen da, eta hitzetan ere nabari da garai ilun hauetan esperantza apur bat topatzeko gogoa. “Dena ilun ikusi arren, nahiz eta erori berriz, ez utzi saiatzeari”, diote Beti beltzaren alde kantuan. Argi-ilunetan da beste abesti baten izenburua; izan ere, ilunetik argira doan diskoa da Ohilen bigarrena.
Gotzon Hermosilla
1. Lozorroak hartu: lo sakonak hartu.
2. Orbain: cicatriz (es), cicatrice (fr).
3. Maiz: askotan, sarritan.
