HEDOI ETXARTE (Iruñea, 1986) idazlea, poeta eta itzultzailea da. Baita Iruñeko Katakrak proiektuaren sortzaile eta bazkideetako bat ere, Berria kazetako eta Ser Navarra irratiko iritzi emailea, solaskidea Euskadi Irratian… Sortaldekoak kaleratuko du urrian. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Egiten duzunaz, alaba txikiaz, aitaren heriotzaz... mintzatu zara liburuan. Autobiografia modukoa da?
Ez, helburua izan da ahalik eta poema onenak egitea. Erreferente izan ditut Sharon Olds, Louise Glück eta Edna St. Vincent Millay. Beren egunerokoaz idazten dute, baina poema da garrantzitsuena. Haiengandik ikasi dut: nabarmengarria dela uste dudan zerbait gertatu bazait, beraiei gertatu zaiena nola kontatu duten aztertu dut. Nik Audi A4 autoari buruzko poema bat egin dut, baina agian liburu bat ere egin liteke horrekin: urte askoan gurean egon den autoa, esku askotatik igaroa, kilometro asko egina, gauza asko ikusia... hor badago zerbait. Baina zerbait hori aurkitu egin behar da, neure interesetik aparte. Auto bati egiten diozu olerkia, baina edozeinek dauka auto bat; edo abortu batez egiten baduzu poema, askori gertatu zaio hori, tamalez. Hortaz, saiatu behar zara gertatu zaizuna ondo ulertzen eta horri, kasuaren arabera, dentsitatea edo arintasuna ematen, gainerakoentzat nabarmena izan dadin. Kontua da irakurleak, gertukoa izan gabe eta egoera hori bizi izan gabe, hor poema bat ikusi eta zerbait aurkitzea.
Noiz eta nola sortu dira poema horiek?
Batzuk oso zaharrak dira, beste askoren oharrak lehendik zeuden oso zirriborratuak, eta olerki asko iazko azarotik, aitaren ospitalizaziotik, aurtengo ekainera bitartean idatzitakoak dira. Leire Lopez editorearekin egin nuen lehen bilera aita lokartu eta hamar egunera izan zen. Oso aktibatuta nengoen orduan, eta, horrelakoetan, molde bat aurkitu eta kasik makina baten moduan produzitzen duzu. Halaber, presente daude Emily Dickinson, Rosa Luxemburg, Louise Michel...
Ezagutzen zaituztenei gehiago gustatuko zaie liburua?
Ez dakit. Hau izan da, orain arte egindakoen artean, esku gehienetatik pasatu dena. Beldurra nuen, oso kontu pertsonalak kontatzen ditudalako neure eta ingurukoen gauzei buruz. Horregatik pasatu ditut iragazkiak editoreei eman aurretik, inplikatuta dauden pertsona batzuek muga batzuk gainditzen nituela senti zezaketelako. Bestalde, ez nuen uste exhibizionismoa zenik, erreferente izan ditudan idazleek kontatzen dutena ikusi egiten delako, haien testuingurua ezagutu ez arren. Eta ikus-entzunezkoa egiteko ere jende gehiagori erakutsi dizkiot poema batzuk. Ez dira zuzeneko lagun edo senideak, baina bai oso gertukoak. Adibidez, Jon Celestinok aitaren hiletan jo zuen, baina gure eguneroko harremana gehiago da burkideena, eta olerkia irakurri arte, adibidez, ez zekien abortu bat izan genuenik. Poema batzuk irakurrita, hau esan zidan: “Nire tokiak dira, nahiz eta ez diren nire toponimoak”. Hau da, badaki zertaz ari naizen, baina ez identifikazioagatik, baizik eta narratiboki funtzionatu egiten dutelako.

Olerki bati ahotsa ematen diogunean, beste zerbait bihurtzen da

Twitterren asko egiten da bullyinga, baina ez da aukera bakarra

Ahotsa ematen didaten tokiak beste batzuen ahotsak sartzeko erabiltzen ditut

Jendea ez bada luzaroan gelditzen bertan, zaila da proiektuei eustea

Nafarroa Garaian, euskalgintza krisi handi batean dago, oso egoera latzean

Euskaldunak = klase ertaina identifikazioa oso arriskutsua da epe ertainera


Zertan datza ikus-entzunezko hori?
Olerkia sozializatzeko beste modu bat da. Poemetatik abiatuta, soinu paisaiara jo dugu Xabi Erkiziarekin, eta abestira Jon Celestinorekin eta Moisés No Duermerekin. Irakurketa egin dugu, Erkiziaren kasuan, nire ahotsarekin. Hark zuzendu dit interpretazioa, eta Iruñerriko eguneroko tokietako soinuaren parte bihurtu ditu poemak. Batzuetan, badirudi testuok toki horietan irakurtzeko idatzi zirela. Olerki bati ahotsa ematen diogunean, beste zerbait bihurtzen da. Eta hori bizitzaz erabat desinfektatutako eta ustez inolako zaratarik gabeko estudio batean egin dezakezu, edo bizitza eta zarata dauden toki batean.
Twitterren, 8.000 jarraitzaile baino gehiago dituzu. Barrena askatzeko balio dizu?
Azkenaldian, oso toki toxikoa bihurtu da, baina horren bidez jakiten dituzu gauza batzuk, eta zerbait toki arriskutsu edo suntsikor batera lerratzen ari dela uste baduzu, euste-hormarena egiteko balio dezake. Tresna guztiek dituzte aukerak, baina Twitterren asko egiten da bullyinga. Aukera hori ematen du, baita zutabegintzak ere, baina ez da aukera bakarra. Tresnak zertarako erabiltzen dituzun da afera. Balio dezake egiten duzuna edo zerbait egingo duzula zabaltzeko, merezi duen zerbait interesgarria irakurri duzula partekatzeko...
Iritzi emaile eta solaskide aritzean, mugak jartzen dizkiozu zeure buruari?
Bai, arrazoi ezberdinengatik. Horietako bat ahots propioaren (existituko balitz) galera da. Proiektu kolektiboetan parte hartzean, azpiratzea konpromisoaren baitan dago, proiektua ez kaltetzeko. Katakrak muntatzean, txip aldaketa egin nuen publikoki iritzia emateko moduan. Bestalde, orain oso denbora gutxi joan daiteke zerbait pentsatzetik publikoki esatera, eta hori arriskutsua da, gauzak oker uler daitezkeelako. Zenbat eta kateatuago egon bat-batekotasun horretara, orduan eta gehiago biderkatzen da arriskua. Duela zazpi-zortzi urte hartu nuen iritzi gutxiago emateko erabakia. Horren ordez, irakurtzen dudanaz idazten dut, edo gure auzoko denda edo kafetegi bati buruz. Hau da, ahotsa ematen didaten toki horiek beste batzuen ahotsak sartzeko erabiltzen ditut.
Katakraken erretiratu nahi omen duzu...
Proiektuak egonkorrak ez badira, jendea ez bada luzaroan gelditzen bertan, zaila da haiei eustea. Guk kontrakoa pentsa badezakegu ere, gure bizitza zikloak ziklo historikoak baino laburragoak dira, eta zatikatzen baditugu... Osakidetzako langileen % 58 behin-behinekoak badira, zer osasun sistema da hori? Gauza bera Nafarroa Garaiko hezkuntzan: urtero, ekainean, milaka irakaslek ez badakite hurrengo ikasturtean Tafallan ala Beran ariko diren, zer atxikimendu izango dute ikastegiarekiko, lankideekiko eta lanarekiko? Ikasketa prozesu asko oso luzeak dira. Katakraken ikaragarri ikasi dugu pandemia garaian, aurretik eskarmentua eduki arren, lantaldearen zati handi bat La Hormiga Atómica liburu dendatik datorrelako. Baina denbora pasatzen da, jende berria sartzen da, aldaketa teknologikoak daude, kontzeptualak, eztabaidak... Hori galtzea edo ez zaintzea drama da. Proiektuak sortzea oso nekeza da, eta bukatzea... ez dut esango erraza denik, baina...
Umetan euskaraz irakurri duten gazteek ez dute segitzen euskaraz irakurtzen...
Ez diogu inolako garrantzirik ematen, baina fenomeno nahiko orokortua da artearekiko eta literaturarekiko interesa duen jende euskaldun askok, euskaraz alfabetatuak, nerabezaroan erdaretara jotzea. Batetik, interesatzen zaizkionak ez dituelako euskaraz aurkitzen; bestetik, eta honetan hezkuntzak paper handia dauka, ez zaizkiolako iristen. Kultura kasik identifikatzen du gaztelaniarekin Hegoaldean eta frantsesarekin Iparraldean. Asko gertatzen da, bereziki liburugintzan. Aldi berean, euskaldunok uste dugu oso militanteak garela kulturalki. Hori uste izan eta gero ez bazara... konbinazio txarra.
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Euskal Herrian bizi bazara eta euskara ez badakizu, begiratu eta ikus ditzakezun gauzetako asko ez ikustea bezala da, dioptriak ditugunok betaurrekorik gabe gaudenean bezala. Gauza pilo bat galtzen duzu euskara ez dakizunean, mota askotakoak, gainera, hor dabilen kode bat delako. Norbaitek musika entzungo ez balu bezala: irratia entzuten ari da eta, abesti bat jartzen dutenean, bat-batean ez du ezer entzuten, horrelako zerbait. Uste dut atzerritik etorri diren eta euskara ikasi duten gehienek horregatik ikasi dutela, badakitelako zerbait galtzen dutela euskara jakin ezean.
Maria Txibitek “argi” omen du euskara ez dutela merezimendutzat joko Nafarroako eremu ez euskaldunean...
Euskalgintza krisi handi batean dago, oso egoera latzean: kristalezko sabairaino iritsi gara Nafarroa Garaian, baina ez dugu inolako hipotesirik gorago joateko. Ez dugu indarrik euskaldunoi dagozkigun eskubideak zabaltzeko, ez dago ez protokolorik ez diskurtsorik. Arazoa Txibite balitz... Benetako arazoa da Nafarroa Garaian milaka lagunek ez dutela nahi beste milaka batzuek eskubideak izatea. Eta ez da, batzuetan EAEn gertatzen den bezala, hauteskunde aurreko esperpentoa edo polemika, ez; hemen, muga batera iritsi gara, eta duela 40 urtekoek zituzten anbizioen herena bete da.
Itxaropena eragiten dute Iruñean sortzen ari den Laba bezalako egitasmoek?
Bai, noski! Antolatu beharra dugu, edozein molde askatzailetan. Eta erreparatu behar diogu duela urte batzuetatik euskalgintzan gero eta jende gehiago sumatzen ari den zerbaiti: izugarrizko konexiorik eza dago Nafarroa Garaian sozialki kolpatuen dagoen jendearekin. Euskaldunak = klase ertaina identifikazioa oso arriskutsua da epe ertainera, oso kaltegarria izan liteke. Egia da euskara ez dagoela Nafarroa kontrolatzen duten elite ekonomikoko 30 familia horietan, baina ezta toki kolpatuenetan ere. Oso ongi dago “euskaldunok euskaldunekin, euskaratik eta euskaraz” eta hori guztia, baina ez baldin badaukagu kezkarik kolpatuengatik eta gero eta kolpatuago egongo diren horiengatik, arazoa izango dugu, jende horrentzat euskara bera baino hobeto daudenen hizkuntza delako. Gainera, hor pintza bat egiten ahal da, goikoek behekoak elikatuta4... l

 

KOLKOTIK

Zein bide erabiltzen duzu informatuta egoteko?
Asteburuetan, papera. Aste barruan, irratia bereziki.
Gehien poztuko zintuzkeen berria?
Nafarroa Garaiak Europako errenten eta jabetzen gaineko batez besteko zerga dauka.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan?
Marmelada.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean?
Etxean, neuk kozinatzen dut gehien, gustatzen zait.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Lo.
Zerk galarazten dizu loa?
Ezerk ez, asko gustatzen zait lo egitea.
Zerk ematen dizu lotsa?
Zein egoeratan nagoen, hitz egiteak.
Zerk beldurtzen zaitu?
Poliziak.
Zerk eragiten dizu barre?
Ia edozerk.
Eta negar?
Oroitzapenek.
Zure bizitzako leloa?
Amonarena: "Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon".
Bizio bat?
Txokolatea.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Gero eta ile urdin gehiago.
Liburua, paperezkoa ala digitala?
Paperezkoa.
Autoan, musika ala irratia?
Irratia.
Nor da zuretzat heroia?
Valentina Terexkova.
Labur esanda, nolakoa da Hedoi Etxarte?
Gauzen arteko loturak aurkitzea gustuko duen pertsona bat.

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.