OIHANA AZKORBEBEITIA (Abadiño, 1981) mendi lasterkariak sekulako palmaresa osatu du ia 20 urteko ibilbidean, bertoko zein nazioarteko probetan. Euskal Herriko Txapelketa (68 km) irabazi berri du Zubirin. Horren ostean eta Zegama-Aizkorri maratoiaren aurretik egin genuen elkarrizketa. M. Egimendi. Argazkia: Javi Colmenero.
2006an hasi zinen mendi lasterketetan, oso kirol berria zenean. Asko aldatu da? 
Lehen lasterketa Izarraitzen (Azpeitia) egin nuen, 21 kilometrokoa. 40 bat lagun izango ginen, horien artean hiru neska, eta helburua amaitzea zen. Gaur egungoa lehia da: elikadura, pultsometroak, entrenamenduak... Eboluzio hori, nire ustez, txarra izan da, mendiko balioak galtzen ari direlako. Ni asko joaten naiz mendira, baina geldituz, arnasa hartuz, soinuak entzunez, txoriak, ganadua... Mendira entrenatzera doanak, kaskoekin eta denborari erreparatuz, galdu egiten du hori, ez daki non dagoen ere, berdin dio atletismoko pista batean egon. Ni mendizalea naiz, baina orain lasterketak lehiakortasun hutserantz doaz eta mendia bera ez da baloratzen.
“Oraingo gazteak 40 urte betetzerako nekatuko dira kirol honetan”
“Mendira entrenatzera doanak ez daki non dagoen ere”
“Ondo ibili nahi dut, ez helmugara erdi hilda heldu”
“Beti eman diot ezezko biribila espainiako selekzioan parte hartzeari”
“Emakumeak lasterketetara bakarrik joatea lortu behar dugu”
“Euskaraldiaren kontzientzia urte osora zabaltzeko erabili behar da”
Zeure kasa entrenatzen zara...
Ez dut entrenamendu espezifikorik, beti izan da horrela. Ez naiz honetatik bizi, niretzat gozamen hutsa da, egunerokotasunetik aldentzeko gauza bat. Jaikitakoan erabakitzen dut zelako buelta egin, eguraldiaren eta gogoaren arabera. Erloju berezi edo pultsometrorik ere ez daukat, askatasun osoz ibiltzen naiz. Mendira joateko era bat da, eta lehiatzeko balio dit. Neurezkoa izango dut, emaitza onak ateratzen dira eta pozik nago, ez dut lasterketarik bereziki prestatzen. Izan ere, albaitaria naiz eta arratsaldean lanera joan behar dut, bi ume eta hiru txakur dauzkat, eta beste mila kontutan nabil. Arineketak askatasuna ematen dit, mendikoa neuretzako unea da, beste guztia utzi, izerdi pixka bat bota eta lasai egoteko aukera.
Osasungarria da gorputzari horrelako egurra ematea?
Osasungarria da lagunekin egunero poteoan ibiltzea? Bada, 60 kilometro egitea, zelan egiten duzun. Ia 20 urte daramatzat kirol honetan eta ez dut lesiorik izan, ez dut ezer hautsi. Egurra neurtua bada eta gorputzak ondo erantzuten badu, ez duzulako gehiegi behartu, eusten dio. Gaur egun, jendea topera dabil, baina horien kirol ibilbidea nirea baino laburragoa izango da. Sareetan jarraitzen ditudan kirolari gazteen lasterketak, entrenamenduak eta bizimodua ikusita, dena neurtua, estresa... Horrek bai, horrek gorputza eta burua desgastatzen ditu, eta ez da sanoa. Horiek, seguruenik, 40 urte betetzerako nekatuko dira kirol honetan eta alde batera utziko dute. Kirola osasungarria da, baina norberak neurtu behar du noraino heldu.
Zuk, orain, nahiago ibilbide luzeak?
Gaur egun bai, jada ez dugulako duela 20 urteko txinparta hura, ezta grina ere. Lasterketa luzexeagoak behar ditut, 30 kilometrotik gorakoak. Maratoia distantzia polita da, hortik gorakoak egingo ditut aurten. Ibilbideak, berriz, zenbat eta gogorragoak (teknikoagoak), hobe. Jaistea gutxixeago, baina lau hankan igotzea asko gustatzen zait, ahuntzen moduan: igo, jaitsi, igo... Orain, irten eta txiri-txiri joaten naiz, beste erritmo batean; horrela, paisaia ikusteko aukera dago. Asfaltoan ez naiz ibiltzen, oso gogorra delako niretzat eta txakurrekin joaten naizelako beti entrenatzera.
Ez dizute inoiz eskaini buru-belarri entrenatu eta goi-goi mailan lehiatzea?
Entrenatzaile edo nutrizionista batengana joateko aholkatu, bai, baina ez dut gura, beste estres puntu bat izango litzateke nire bizimoduan. Egunez egun planifikatutako entrenamenduak edukiko banitu, emaitzak txarragoak izango lirateke. Ez naiz batere metodikoa, inprobisatzekoa baizik. Duela urte bi, Euskal Selekzioan ezagututako entrenatzaile lagun batek ipinitako jarraibideak betetzen ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen: goizean jaiki, zer tokatzen zen begiratu eta horretarako gogorik ez banuen, beste gauza bat egiten nuen. Hau ez da nire beharra, ezin naiz estutu ez dudalako entrenamendua betetzen. Eta, adin batetik aurrera, lasterketak beste kontu bat dira: nik neure lekua topatu dut, distantzia luzeetan eta erritmo lasaian, eta oraingoz ondo doa kontua. Espero dut horrela jarraitzea, auskalo noraino edo noiz arte. Hor dabil Irene Sarrionandia, 75 urterekin. Egun, gazteek obsesio puntu batekin bizi dute, baina nire mezua da disfrutatu egin behar dela, ez duela merezi kirol gisa bakarrik bizitzea, ustekabe asko gerta daitezkeelako: lesioak, gaixotasunak... Orduan, zer? Bukatu egingo da mundua? Ez, mila gauza daude bizitzan, eta kirolak parte bat besterik ez du izan behar.
Ez zara nahikoa lehiakorra?
Lehiatzen naiz, ondo ibili nahi dut, jakina! Baina “ondo” horretan ez da sartzen helmugara erdi hilda heltzea; txarto banoa, eta aurrean dudan neska ezin badut harrapatu, kito! Saiatuko naiz, baina puntu bateraino; hortik aurrera, ez du merezi, ez naiz arriskatuko. Behartzen dut gorputza lasterketan, noski. Gura barik, adrenalinak sufrimendu puntu horretara heltzea eragiten dizu, baina neurtuta daukat eta urrunago ez dit merezi. 
Euskal Selekzioko kidea izan zara 2007tik, baina uko egin diozu Espainiakoari. Zergatik?
Birritan eduki dut aukera Espainiako Selekzioan parte hartzeko, Europako Txapelketa eta Munduko Txapelketa banatan, baina beti eman dut ezezko biribila, ez dudalako inondik inora ikusten horretarako beharrizanik. Ez naiz korrikalari profesionala, nire etorkizun profesionala ez dago ezeren mende, eta are gutxiago Espainiako koloreak defendatzen. Ez dut sekula inongo arazorik eduki horregatik. Badirudi ezezkoak ateak itxiko dizkizula, baina nik gura dudana egiten jarraitu ahal izan dut, eta berdin jarraituko dut.
Horregatik ez duzu parte hartu aurtengo Domusa Teknik lasterketan?
Antolakuntzakoak lagunak dira, oso jende jatorra, baina ezetz esan nien, Espainiako Txapelketa ere izan delako aurten. Azpeitia Espainia barruan kokatzeak bihotzeko mina ematen zidan. Euskararentzat eta euskaldunontzat, arnasgune gutxi egongo dira hain indartsuak Euskal Herrian, eta horrelako herri batean Espainiako Txapelketa egitea... Horregatik esan nien ez nuela parte hartuko. Helmugan bertan ere ikusi zen gauza bera adierazi nahi zuten ikurrina eta Nafarroako bandera piloa.
Gero eta emakume gehiago animatzen dira mendi lasterketetan lehiatzera...
Gero eta gehiago dago, bai, baina oraindik lan handia dago egiteko. Arazoa da kosta egiten zaigula, jaso dugun heziketagatik edo, kalera bakarrik irtetea arineketan edo lasterketa batera bakarrik joatea. Lagun talde baten edo bikotekidearen babesa bilatzen dugu, lasterketara nahi dugunean eta nahi bezala joateko kapaz garela konturatu barik. Nik nahiago dut bakarrik ibili, ez dut inor behar, baina beldur hori hor dago oraindik. Hala ere, lortuko dugu egunen batean muga hori gainditzea.
Lasterketetan horrenbeste jende pilatzea ez da mendiaren kalterako?
Mendiak lehiatzeko leku bihurtzen ari dira. Egin daitezke lasterketak, bai, baina non gabiltzan kontziente izanda. 2009an egin nuen nire lehen Zegama-Aizkorri eta jendea zegoen, baina iaz ikustera joan, eta Aizkorri gaineko jende pilaketa ez zitzaidan gustatu. Horregatik izango da aurtengoa nire azken Zegama-Aizkorri. Mailagatik ere bai, baina larregi hazi dela iruditzen zaidalako, batez ere. Lekuz kanpo sentitzen naiz.
Badago Etiketa Berdea izeneko ekimena, ezta?
Ekimena baino, dekalogoa da. Lasterketa batek hartzen duen konpromisoa mendia eta ingurunea zaintzeko, parte hartzaile kopurua murrizteko eta ikusleei mendira ez igotzeko eskatzeko. Gera daitezela herrian lasterketa ikusten, mendiak eta animaliek sufritu egiten baitute. Helburua kontzientzia garatzea izanik, horrelakoak ondo daude, 60 lasterketak baino gehiagok egin dute Etiketa Berdearen aldeko hautua. Konpromiso hutsa da, etiketa ez da erosten, ez dago dirurik tartean. Tristea ere bada halakoak egin behar izatea jendea konturatzeko zelako kaltea egiten ari garen eta norantz doan kirol hau.
Euskaraldiko hamaikakoan egon zara.
Euskaraldia jendeari toketxo bat emateko ekintza da, baina gero 10 egun horiek erabili behar dira kontzientzia hori urte osora zabaltzeko; eta Euskal Herrian, arlo guztietan, lehenengo berba euskaraz egiteko, ahal bada, behintzat. Kanpotarrei begira gaude beti, arazoa berton egon arren, eta Euskaraldiak balio behar du bertoko jendeak euskara ikasi eta erabiltzeko. Zer gutxiago bizi zaren herrialdeko kultura eta hizkuntza jakitea baino! 
Zergatik merezi du euskara ikastea?
Bertokoa bazara edo, kanpotik etorrita, hemen bizi bazara, norberaren eta tokiko hizkuntzak zer balio daukan jakitea, eta erabiltzea, oso aberasgarria delako, harro sentitzekoa. Guztiz merezi du, gure nortasunarekin bat dator. Ezin duzu esan euskalduna zarela euskaraz ez badakizu, ez da posible. Euskalduna bazara, -dun horrek esan gura du euskara jakin behar duzula. 
KOLKOTIK
Zer ematen dizu mendiak?
Askatasuna.
Eta kendu?
Ezer ere ez.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Palestinakoa konpondu dela.
Zer izan nahi zenuen txikitan? 
Albaitaria.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Injustiziak eta hipokrisiak.
Sakelakoa etxean ahazten bazaizu...
Bai ondo!
Noiz arte mendian gora eta behera?
Gorputzak iraun arte.
Amesgaizto bat?
Geure umeei zer edo zer gertatzea.
Mendiarekin zerikusirik ez duen zaletasun bat?
Artzain txakurren mundua.
Zer janari ez da falta inoiz zure sukaldean?
Ogia.
Zer plater ateratzen zaizu ondo?
Umeak pozik egoten dira babak prestatzen ditudanean, kar-kar!
Zure mendi kutuna?
Untzillaitz, Astxiki, Alluitz, Anboto...
Lasterketarik gustukoena?
Gaur egun, Mañaritik Atxetara. Iaz egin zen lehenengoz. 
Zer egiten duzu lasaitu beharra duzunean?
Txakurrak hartu eta mendira.
Larunbat gauerako planik onena?
Trago bat hartu eta lasai egon etxean, domekak mendira joateko direlako.
Eta igande arratsalderako?
Siesta ederra!
Bizitzako plazer txiki bat?
Norberarentzako denbora hartzea.
Nor da zuretzat heroia?
Ez daukat heroirik.
Labur, nolakoa da Oihana Azkorbebetia?
Ni neu, Alluitzen eta Ametsen ama, albaitaria, abertzalea eta askatasunzalea.

 
															 
      
      
    