AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI (Andoain, 1971) Euskaldunon Egunkariako erredakzioan hasi zen lanean kazetaritza gradua amaitu bezain laster. Berria kazetaren zuzendaria da orain, joan den uztailetik. Laster, Berria guztiz berrituta plazaratuko da. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.
Zein izango dira Berria berriaren erronka nagusiak?
Aldaketa handia dator, erabatekoa. Denbora luzeko gogoetaren ondorioa hil honen erdialdera argitaratuko da. Erronka izango da, batez ere, egiten dakiguna hobeto egitea, hau da, gertuko informazioa ematea Euskal Herrirako, eta erronka berriei hobeto erantzutea. Adibidez, feminismoari atal berezia eskainiko diogu, ingurumenari beste bat, baita tokian tokiko informazioari ere. Eta hori guztia ondo erakustea, guretzat inportantea delako edukiak ondo ematea, baina baita ondo erakustea ere. Horrexegatik egingo dugu erabateko aldaketa, bai digitalean bai paperean. Webgunea, jendeak gauzak errazago eta arinago irakurtzeko, argiagoa izango da. Eta irakurleak bere webgunea pertsonalizatu ahal izango du gustuko dituen gaiekin. Entzun Berria atala ere sortuko dugu, eta, orain daudenez gain, podcast berriak egingo ditugu. Euskararekin lotuta ere bai, noski. Erronka nagusia da euskal komunitate sendoak merezi duen egunkaria egitea eta, hori egiten dugun neurrian, komunitatea indartzea. Azkenean, gurea euskal mundua da, eta gure hizkuntzak aurrera egiteko tresna bat gara.
Euskara, feminismoa, ingurumena. Zergatik gai horiek?
Euskara oinarrizkoa dugu, euskaraz argitaratzen den egunkari bakarra da Berria. Bestalde, mundua berdintasunetik ikusten dugu, eta berdintasun hori bultzatzea eta bermatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Alde horretatik, geure burua feministatzat daukagu, eta ez kanpora begira bakarrik: etxe barruan ere berdintasun hori bultzatzeko betebeharra sentitzen dugu. Hori dela eta, barne prozesua egin dugu, egiten ari gara eta egingo dugu, azken batean guretik begiratuta egin dezakegun ekarpena mundu justua eraikitzea delako. Ingurumenari dagokionez, mundua suntsitzen ari gara, baina hori gabe ez daukagu zereginik. Mundua hondatzen ari garen neurrian, ezberdintasunak ere areagotzen ari gara. Eta badakigu nori eragiten dion, batez ere, ingurumenaren sarraskiak: pobreziari, emakumeari... Zeregin handia daukagu hori argi adierazten, salatzen eta irtenbideak ematen saiatzen. Horixe da gure eginkizuna.
“Erronka nagusia da euskal komunitate sendoak merezi duen egunkaria egitea”
“Papera uste baino denbora gehiago irauten ari da”
“Gure eginkizuna da jendeak ahalik eta gehien irakurtzea euskaraz”
“Independentea izatea Berrialagunen eta harpidedunen bidez bakarrik lortuko dugu”
“Pentsatzen dugu sare sozialak erabiltzen jakiteagatik denok izan gaitezkeela kazetari”
“Egunero-egunero
egin beharko diogu aurre euskararen aurkako oldarraldiari”
Zer egin euskara pairatzen ari den oldarraldi judizialaren aurrean?
Euskara oldarraldiz oldarraldi bizi da. Orain, oldarraldi judiziala daukagu. Aurretik, beste zapalkuntza mota batzuk. Beti gabiltza arriskuan. Kalean erantzun behar dugu, azaroaren 4an manifestazioan aterako gara, baina egunero erakutsi behar dugu zer nahi dugun, eta injustiziak salatu. Zer dela eta oraingo hau? Ez dakit, baina badirudi estrategia jakin bat dagoela atzean. Katalunian ikusi genuen, orain dela urte batzuk, zer pasatzen ari zen: katalana hazkundean zegoen eta bat-batean gaztelania zapaltzen ari zelako diskurtsoa agertu zen. Hemen, diskurtso hori bera zabaltzen ari da orain, euskarak gaztelania zapalduko balu bezala, kar-kar! Barregarria litzateke, hain kontu serioa ez balitz. Garai batean ateratzen ausartzen ez zen diskurtso hori orain esan egiten da, eta euskaldunok pribilegiodunak bagina bezala zabaltzen ari da. Kontradiskurtsoa eraiki behar dugu horri aurre egiteko, eta hori eguneroko lana da. Manifestazioarekin Bilboko kaleak bete behar ditugu, zer garen eta zer gertatzen ari zaigun erakusteko, baina egunero-egunero egin beharko diogu aurre oldarraldiari.
Hala ere, merezi du euskara ikastea. Zergatik?
Mundu bat zabaltzen duelako, bizimodu oso aberatsa. Merezi duen kolektibo oso bereziaren parte izateko aukera ematen du, eta bizitzeko beste modu bat eskaintzen. Ni goizetik gauera bizi naiz euskaraz, amets ere euskaraz egiten dut, eta ez nuke ezergatik aldatuko. Probatzea merezi du.
KOLKOTIK
Kazetaria izateak daukan gauza on bat? Mundua eta gauzak ikusteko sentsibilitate berezia pizten dizula.
Eta txarra? Kontrasterako astirik eza. Azkar ibili beharrak askotan galtzen gaitu.
Urte bukaeran jakiten da, baina zein izango ote da 2023ko hitz erabiliena? Oldarraldia, zoritxarrez.
Ondo informatuta egoteko modurik egokiena? Egunero egunkaria irakurtzea, kar-kar! Zer esango dut, bada?
Zein sare sozialetan ibiltzen zara erosoen? Eroso, inon ez. Ez zait gustatzen horko nahasmena eta gauzak hainbeste magnifikatzea.
Biharko egunkarian argitaratu nahiko zenukeen titularra? Euskal Herri euskalduna lortu dugula, edo pobrezia bukatu dela, baina ezin dira egun batetik bestera eman.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Askotan ez dut lortzen erlaxatzea, baina korrika egiten dut, edo pianoa jo.
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Urdaiazpiko egosia eta gazta.
Bizitzako plazer txiki bat? Ganbak jatea.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Neska serioa. Ispiluaren aurrean barre gutxi egiten dut, kar-kar!
Nola ikusten duzu zeure burua 20 urte barru? Orain baino zaharrago, baina orain bezalatsu. Hori nahiko nuke, jada jubilatuta, hori bai.
Larunbat gauerako planik onena? Ez dut plan berezirik egiten, gehiago gustatzen zait eguna.
Eta igande arratsalderako? Telesail bat ikustea, liburu bat irakurtzea edo pianoa jotzea.
Zerk galarazten dizu loa? Batez ere, nire beldurrek. Lo gutxi egiten dut, eta gaizki.
Zerk ematen dizu, bada, beldurra? Normalean, gertatuko denak edo gertatuko dela uste dudanak.
Eta amorrua? Injustiziak.
Eta lotsa? Gauza askok. Jendearen aurrean hitz egiteak, adibidez.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Idazlea.
Labur, nolakoa da Amagoia? Pertsona ona, eta burugogorra.