TXUMA MURUGARREN (Errenteria, 1964) Sasoi Ilunak taldearen liderra izan zen joan den mendeko 90eko hamarkadan. Bakarkako musika ibilbidea 2000. urtean hasi zuen. Gautegia lana (Gaztelupeko Hotsak) argitaratu berri du, Nick Caveren Nocturama euskaratuta. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Gautegia lanaren ernamuina 2014an sortu zen, ezta?
Bai, Izar & Star zikloan, Euskal Herriko musikari batzuoi gustuko dugun artista baten diskoa geure erara moldatzea proposatu zitzaigun, bizpahiru kontzertu emateko, baina horretarako talde osoa muntatzea eta entsegu guztiak egitea ez zen egingarria. Orduan, Nick Caveren Nocturama lana gogoratu nuen, oso bitxia haren ibilbidean, oso lirikoa delako. Pianoan oinarrituta dago, gehienbat, eta pentsatu nuen Rafa Acebes, nire piano jotzailea, eta biok elkartuz gero, gitarrarekin, pianoarekin eta ahotsarekin soilik egin genezakeela diskoaren moldaketa, eta halaxe egin genuen. Lauzpabost kontzertu egin genituen azkenean, eta hor gelditu zen kontua. Baina, orain dela gutxi, diskoa grabatu ahal genuela bururatu zitzaigun, egindako lan hura ez galtzeko, eta horixe egin dugu. AME estudioan elkartuta, egun batean grabatu genuen dena, ukitu batzuk izan ezik.

 

“Ez nuke esango Nick Caveren zale amorratua naizenik, Nocturamazalea baizik”
“Ez nago oso adiskidetua zuzenekoekin”
“Azken bolada honetan, ez dut musikarekiko errespetu handirik ikusten”
“Euskara ikasita, mundua ikusteko beste begi batzuk zeureganatzen dituzu”
“Ez nuke musikatik bizi nahiko, praktikan lan handia eskatzen duelako”
“Durangoko Azoka oso beteta egoten da”

Artikuluaren zati hau bakarrik  harpidunek ikus dezakete. Mesedez, hemen klikatu harpidetza egiteko eta artikulu osoa ikusi ahal izateko.

Lozorrotik atera zaitu Gautegiak? Azken lan luzea 2016an kaleratu zenuen...
Bai, egia esan, ondo etorri da lozorrotik pixka bat ateratzeko; izan ere, gauzak uzten badituzu, gero eta nagiago zaude. Baina hurrengo diskoan pentsatzen hasi gara, esan bezala, eta berriz planteatu behar dira estudio kontuak, musikariekin bildu behar dugu... Gauza batek bestea dakar.
Zerbait aurrera dezakezu?
Bueno, gauza handirik ez. Kantu asko daudela, asko ziurrenik erori egingo direla... Azken diskoekin bezala egingo dugu, hau da, denok estudioan sartu eta oinarria egun batean edo bitan grabatu, hiru saio luzetan. Nire bidetik doazen kantuak izango dira, beti introspekzio puntuarekin; hitzak ere, bide beretik (galera, bizitzaren zorrak eta horrelako kontuak); hortik aurrera, ez dakit. Beharbada, “moztu eta itsatsi” sistema erabiliko dut, adibidez: atera gabeko kanturen baten 30 segundoko zati bat diskoan tartekatu eta collage moduko zerbait egin...

Artikuluaren zati hau bakarrik  harpidunek ikus dezakete. Mesedez, hemen klikatu harpidetza egiteko eta artikulu osoa ikusi ahal izateko.

KOLKOTIK

Taberna batean sartzen bazara eta zure musika badago jarrita... Norbaitek ezagutzen banau, lotsatu.
Gustuko musikari edo talde bat? Asko, baina Tom Waits bururatu zait lehena.
Musikaria izateak daukan gauza on bat? Ez nuke jakingo esaten.
Eta txarra? Ez dakit, ez dut neure burua musikaritzat hartzen, istorio kontatzailetzat baizik. Musikariak dira musika tresna benetan jotzen dutenak. Nik, gitarra eta pianoa, ozta-ozta.
Agertokira atera aurreko maniaren bat? Arnasa sakon hartu, edo zerbeza bat. Ez daukat erritual handirik.
Ahots berezi hori zaintzeko erremediorik onena? Ez zaintzea, kar-kar!
Zer ez da falta inoiz zure etxeko hozkailuan? Garai batean, garagardoak. Orain, arrautzak.
Zer moduz konpontzen zara sukaldean? Oso ondo! Asko gustatzen zait kozinatzea, gauzak nahastea, jostatzea...
Irakurtzeko, zer? Poesia eta eleberria, batez ere.
Zein da heroia zuretzat? Mundu honetan duintasunez bizitzen ikasi duena.
Bizitzako zure leloa, edo zure bizitzako leloa? Bizi izateko leloa, post nubila Phoebus: hodeien atzean, eguzkia.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Batzuetan, atsegin dudan pertsona bat; beste batzuetan, gorroto dudana.
Larunbat gauerako planik onena? Kontzertu bat.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen titularra? Euskarak badu estatua.
Zerk galarazten dizu loa? Arazo txikienak.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kazetaria.
Zerk ematen dizu beldurra? Maite dudan jendeari zerbait txarra gertatzeak.
Eta amorrua? Ezjakintasunak, jakin gabe hitz egiteak. Horrek mindu eta sumindu egiten nau.
Labur, nolakoa da Txuma? Itxuratia. Barruan dauzkadan mila Txumaren zentsuratzailea, horiek otzantzen dituena.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.