MIKEL AYLLON CORRAL (Laudio, 1980) idazlea Piszifaktoria Ideien Laborategiaren sortzailea da, Igor Arzuaga musikariarekin batera. Esperimentatzen aritzen dira artearen hainbat diziplinatan. Hau ez da gerra bat antzezlana estreinatu berri dute. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Zer kontatzen du Hau ez da gerra bat lanak?
Bi istorio paralelo kontatzen ditugu, antz handia izan dezaketen bi gai: desamodioa eta gerra. Bikote hausturetan elkarri egiten diogun minetik abiatuta, nola sortzen diren beste hainbat min. Inkomunikazioa gatazka edo hondamendi handietan ere egon daitekeenez, paralelismoa sortu dugu bikote hausturaren eta gerraren artean. Eta fikzioa konplexua izatea gustatzen zaigunez, alegia, errealitatearen antzekoa, sei audio fikzio ere jarri ditugu webgunean. Istorioaren inguruko unibertsoa osatzen saiatzen gara ekintza txikiagoen bitartez, antzoki handietara joateko ohiturarik ez duen jendea erakarri eta, beharbada, antzezlana ikusteko gogoa pizteko.

 

“Kulturari laguntzeko sistema publikoak urriak eta apur bat perbertsoak dira”
“Sekula poesiarik argitaratu ez duen poeta baten moduan sentitzen naiz”
“Idazleak jende nahiko tristea gara”
“Gero eta merkatuago gara; oso txikia, baina merkatua”
“Gure helburua ez da jendea entretenitzea”
“Oro har, moda yankia heltzen zaigu, eta berehala behar dugu hori euskaraz”

Horretarako, antzokien zirkuituan sartu behar orain...
Erakunde publikoek kulturari laguntzeko sistemak nahiko urriak dira, eta apur bat perbertsoak. Urriak badira ere, urtero daude laguntzak antzezlanak sortzeko, baina gero ia ez dago horiek zabaltzeko modurik. Asko sortzen da, jendeak jan egin behar duelako eta erakunde publikoek sortzea saritzen dutelako, baina gero pilatu egiten dira ekoizpenak eta ez dago horiek erakusteko ez lekurik ez baliabiderik. Lan bat sortu eta emanaldi bakarra egiteko laguntza publikoa emateak ez du zentzurik. Guk izen handirik ez dugunez, programatzaileek antzezlana ikusi behar dute. Batzuk estreinaldira etorri zirenez eta, zorionez, gustatu zitzaienez, orain zabalpenerako lanean ari gara. Baditugu data batzuk erdi lotuta.
Piszifaktoriako obrak nahiko gogorrak dira, ezta?
Ez da samurra, agian, gure obrak ikustea, ispiluaren aurrean jartzen gaituztelako. Ikusi eta entzun nahi ez ditugun gauzei begiratzera behartzen gaituzte. Jende askok esaten du errealitatea badela nahikoa latza fikzioan ere halakoak ikusteko... Baliteke, baina gure helburua ez da jendea entretenitzea. Horretarako, beste gauza asko ditugu, askotan jendea lelotzekoak. Batzuetan, neuk ere entretenituko nauen zerbait besterik ez dut nahi, baina horrekin bakarrik mundua askoz okerragoa izango litzateke. Elikatuko gaituzten eta pentsaraziko diguten kontuak falta zaizkigu, zenbaitetan oso gustagarriak izan ez arren.
Etorkizunari kezkaz begiratzen diozue?
Zalantzarik gabe. Arazorik handienetako bat utzikeria da, guk geuk ez sinestea orainaldian eragiteko gai garela, etorkizun hoberako ateak irekitzeko kapaz. Sinetsarazi nahi digute ezin dugula ezer egin. Bihurtzen gaituzte, nolabait, oso subjektu pasiboak. Baina badago horri buelta ematea, gure esku ere badago zer gertatuko den; norberak gauza asko egin ditzake, batez ere besteekin elkartuta. Guk hor kokatzen dugu artea, hausnarketa eragin eta kontzientziak pizteko ekarpena egiten dugu.
Piszifaktoriako lanez gain, bestelako liburuak argitaratu dituzu. Zertan ari zara orain?
Poesiari berriro heltzeko gogoa sortu zait. Gaztetan, poemak idazten nituen, sari batzuk ere irabazi nituen, baina gero beldur modukoa hartu eta utzi egin nion. Halere, konturatzen naiz idazten dudan guztia oso poetikoa dela, sekula poesiarik argitaratu ez duen poeta baten moduan sentitzen naiz, eta orain erronka hori daukat, ea udan zerbait egin ahal dudan. Ez dakit inora iritsiko den, baina gogoa piztu zait eta pozik nago horregatik.
Literatur sari asko irabazi dituzu. Zer suposatu dizute?
Garrantzitsuak izan dira niretzat, plazara ateratzeko bidea ireki didatelako. Jendea zure obrara errazago hurbiltzeko aukera ematen dute. Azkenean, sortzaileak hori nahi du, bere sormena jendearengana iristea, ez egoagatik, nahiz eta ziur aski hortik ere zerbait egon (hori esango luke, agian, psikologoak), baizik eta, batez ere, hainbat alorretan ekarpen interesgarria egiten ari garela uste dugulako.
Zaila da saririk gabe argitaratzea?
Ez da erraza. Batetik, jende asko ari da gauzak idazten. Bestetik, sistema ekonomikoaren mende gaude: gero eta merkatuago gara; oso txikia, baina merkatua. Normala den bezala, argitaletxeak saldu egin nahi du eta, saltzeko, gauza batzuk argitaratuko ditu eta beste batzuk ez. Batzuetan, ez da literatur balioa lehenesten, idazlearen izena baizik. Gurean, gutxiago gertatzen da, baina gertatzen da, izan gaitezen zintzoak. Ni oso periferiatik nator, bai geografikoki bai jorratzen ditudan gaiengatik, gordinegiak direlako, politikoak nolabait. Ez da erraza hor bidea aurkitzea, beraz, sariketetara jo eta horiei esker lortu dut argitaratzea. Lehiaketa, halere, ez da ona: batzuk irabazi ditut, baina beste batzuk galdu, edo ez irabazi. Orduan, zalantzak sortzen dira: balio ote dudan idazteko, aurkeztutako lanak ez ote duen baliorik... Orain, jada berdin dit, epaimahaikide izan naiz, banaiz orain ere, eta badakit zer dagoen: egun horretan elkartzen diren pertsona zehatz horien une horretako gustua. Ez dakit zein den literatura sustatzeko bidea. Merkatua ez, jakina. Lehiaketak ere esango nuke ez direla modurik onena, lehiak ez duelako zentzu handirik kulturan, baina bide bat dira eta niri lagundu egin didate.

Aspalditik zabiltza euskal kulturgintzan. Zer egoeratan ikusten duzu?
Jende asko ari da oso gauza interesgarriak egiten, baina beti gauza beretara jotzeko joera dugu. Pena apur bat ematen dit, Euskal Herrian badirelako euskaraz egiten diren lan desberdin asko. Hori gutxiegi estimatzen dugu, beharbada publiko minoritario batentzat direlako. Suposatzen dut kultura guztietan gertatzen dela, areago gutxituetan: norberaren burua babestu behar denean, beti jotzen da jende askorengana iritsiko dena egitera. Ez da oso estrategia interesgarria euskal kultura bultzatzeko eta iristen ez garen lekuetara heltzeko. Erdiguneko sorkuntza horretatik at, gauza asko daude, eta horiei ere bozgorailua eman beharko genieke, gauza txikiak izan arren, horien bidez jende asko erakarriko dugulako euskal kulturara. Horrela, ziurrenik, gaurkotasun handiagoa emango diogu euskal kulturari, baita egun gertatzen ari diren gauzei buruz egun hitz egiten den moduan aritzeko gaitasuna ere. Horretan eragin behar dugu, kultura handiagoek ezartzen dituzten erritmoei erreparatu gabe.

Eta kanpotik datorrena itzultzea?
Garai batean reggaetoiaren booma gertatu zenean, mundu guztia zoratu zen: reggaetoia behar genuen euskaraz! Euskararen etorkizuna horrek baldintzatuko zuelakoan. Heltzen zaigu moda bat, oro har yankia, eta berehala behar dugu hori euskaraz. Hala, beti goaz atzetik, askotan kopia txarrak eginez. Geure bideak aurkitu behar ditugu, nahiz eta askotan ezgauza eta txiki sentitu. Txikitasun horretatik gauza handiak egin daitezke, batik bat jendearengandik oso gertu egon gaitezkeelako. Asko azpimarratzen dugu kanpoko ekoizpen arrakastatsuak euskaratu beharra, eta ados nago, baina euskal herritarrengana iristeko, hemen eta euskaraz sortutako produktuak behar ditugu nagusiki, geure buruaz eta hemengo jendearen eguneroko arazoez hitz egingo dutenak. Goazen! neuri ez zait gustatzen, baina hori bezalako produktuak egiten baditugu hemen, kalitatez eta euskaraz, askoz ere eraginkorragoak izango dira euskaratutako edozein telesail amerikar baino.

Euskara hutsean sortzen duzu. Nola ikasi zenuen euskara?
Gurasoak kanpotik etorri arren, ikastolara bidali ninduten eta beste mundu bat hasi zitzaidan irekitzen. Orain, gai naiz euskaraz hitz egiteko, jakina, eta euskaraz sortzen dut, baina baditut zailtasunak. Euskaraz sortzea aukeratu nuen, politikoa ere izan zen hautua, baina oraindik, batzuetan, erosoago sentitzen naiz gaztelaniaz. Euskaraz saiatu egin behar badut ere, ahalegina egin nahi dut. Ez da erosoa, baina baditu gauza ederrak: sentitzea, nolabait, komunitatea sortzen eta eusten ari zarela, gauzak bestela egiten. Interesgarria da mundu berrien gainean euskaraz hitz egitea, euskara itxaropenaren hizkuntza izatea jende askorentzat, egungo errealitatea interpretatzeko tresna. Euskarak hor egon behar du, euskaraz jardun behar da konponbideen eta etorkizunaren gainean.

Zergatik merezi du euskara ikastea?
Zure inguruan dagoen beste mundu bat ezagutuko duzulako, mundu horretako gauza oso interesgarri, berezi eta jakingarriak. Kultura arloan, esaterako, ez gara superpotentzia bat, baina horrek gauza oso bereziak sortzeko aukera ematen digu. Eta gauza berezi horien bitartez, munduari sekula begiratu ez diozun bezala begiratu ahalko diozu. Egia da lan handia dela, askotan uste dugu ingelesak aukera gehiago emango digula, baina hor tranpa handia egiten diogu geure buruari, herri honetan beste hizkuntza batek ez dizkizulako euskarak baino aukera handiagoak eskainiko.

KOLKOTIK

Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Zahartzen ari den pertsona bat.
Larunbat gauerako planik onena? Antzezlan bat ikustera joatea.
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria? Bat bakarrik?! Ufa!
Ondo informatuta egoteko biderik gustukoena? Aldizkariak gustatzen zaizkit, irakurketa patxadatsu eta sakonagoa.
Zein sare sozialetan ibiltzen zara erosoen? Eroso, batean ere ez.
Zerk galarazten dizu loa? Hurrengo eguneko ikuskizunak.
Gustuko duzun idazle bat? Nazioartean, Sarah Kane, adibidez. Eta, azkenaldian, Castillo Suarez oso gustura irakurri dut.
Eta aktore bat? Miren Gaztañaga.
Idazle izateak daukan gauza on bat? Mundu berriak imajinatu ahal izatea.
Eta txarra? Jende nahiko tristea garela.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Sukaldaria.
Bizitzako plazer txiki bat? Izugarri gozatzen dut bizikletaz bidaiatzen.
Nor da heroia zuretzat? Euskaraz sortzen ari den jendea, hizkuntza gutxituan eta oso baliabide gutxirekin.
Zerk ematen dizu lotsa? Ia denak, oso lotsatia naiz.
Eta beldurra? Batzuetan, oso gogo gutxi dugu elkarri ulertzeko, eta hortik munstro handiak sortzen dira.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Hala moduz, ganora barik, egindako lanak.
Norekin joango zinateke zerbait hartzera? Kontatzeko zerbait duen edozeinekin. Asko gustatzen zait entzutea, oso aberasgarria da.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean? Kozinatu.
Labur-labur, nolakoa da Mikel Ayllon? Oso burugogorra, onerako eta txarrerako, eta ameslaria.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.