heltzear web

Adimen Artifiziala (AA) indar handiz sartu da azkenaldian gure bizimoduan. Badirudi ia edozer egiteko gai dela, baina ez da guztiz fidagarria: astakeria politak ikusten dira batzuetan hark emandako erantzunetan. Zuek erabiltzen duzue AA? Asko ala gutxi? Zertarako? Eta baduzue bertan jasotako informazioa baieztatzeko ohiturarik?
Usurbilgo Etumeta AEK euskaltegiko C2 mailako taldea

 

Oihan Errekondo
Lanerako tresna moduan erabiltzen hasiak gara. Nahiz eta momentuz erabilera oinarrizko gauza sinpleetara mugatu, etorkizunean ezinbesteko tresna bilakatuko dela dirudi. AAk emandako informazioa kontrastatzea beharrezkoa dela deritzot. Nahiz eta erantzun azkarrak eta baliagarriak eman, tresna manipulagarri baten inguruan ari gara.


Ibai Marcos
Sarean buruturiko kontsulta gehienak, edo asko behintzat, AAren bidez gauzatzen direnez, erabiltzen dut, bai. Erabilera egokia emanda, erreminta interesgarria iruditzen zait. Hala eta guztiz ere, lana errazteko erabiltzen dut, ez lana berak egin dezan.


Amaia Otaño
Batez ere lanean erabiltzen dut, geroz eta gehiago, baina ez egunero. Gehienbat, informazio zehatza kontsultatzeko erabiltzen dut. Informazioa kontrastatzeko, saiatzen naiz iturri desberdinak kontsultatzen.


Uxue Zaldua
Egiari zor, apenas erabiltzen dudan. Aitortuko dizuet deskonfiantza handiarekin bizi dudala honen garapena. Erresistentziak erresistentzia, lehenago edo beranduago joko dut bertara informazio bila; eta orduan, baieztatzea komeni, bai!

Amaia Salsamendi
Informazioa bilatzeko baino, zuzenketa txikiak egiteko, ideiak osatzeko... erabiltzen dut. Lana errazteko dela diote, baina niri konplikatu egiten dit askotan! Ondo erabiltzen jakin behar: nahi den hori AAren hizkuntzan eskatu behar da.


Garazi Alkorta
Nahiko nukeena baino gehiago erabiltzen dut, oso erosoa baita. Erabileraren arabera, informazioa baieztatzen dut, akatsak ere egiten baititu. Hala ere, erabilera murrizten saiatzen naiz, eragiten duen inpaktu ekologikoagatik, batetik, eta norberaren gaitasunean sortzen duen galerarengatik, bestetik.


Malen Arregi
AA erabiltzen dut, oro har, egunerokoan sortzen zaizkidan galderak zein zalantzak azkar erantzuteko gai delako. Dena den, emandako informazioa egokia dela beti baieztatu behar da, akatsak ere egin ditzake eta!


Aixa Alkorta
Ia ez dut adimen artifizialik erabiltzen. Halere, noiz edo noiz erabili izan dudanean, esate baterako, legeetako artikuluak laburtzeko, nahiko lagungarria izan da. Nahiz eta jasotako erantzuna zuzena izan, beti kontrastatzen dut iturri ofizialekin.


Aimar Sukuntza
Egia esan, ez dut asko erabiltzen. Hala ere, etorkizunean zeresan handia emango duen tresna dela deritzot. Erabiltzen dudanean, gustuko dut bertan jasotako informazioa baieztatzea. Hain zuzen, lana makina batek egiten duen arren, akatsen bat edo beste egon liteke.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.