Nongo jaietara joaten zara, huts egin gabe?

Uda. Askorentzat, edo ahal duenarentzat, opor-garaia. Beste askorentzat, edo nahi dutenentzat, festa-garaia: herri eta auzoetako festa eta jai gehienak udan izaten dira. Irail edo urrira arte, ez da izango egunik jairik gabe. Oso festazalea izan ala ez, nora joan erabakitzeko aukera ugari dago: norberaren auzoko jaiak edo herrikoak, ondoko herrietakoak, hiri handietakoak... Nongo jaietara joaten zarete beti-beti? Zergatik?
Basauriko Bolintxu AEK euskaltegiko B2 mailako goizeko taldea
Raquel Varela Mosquera
Nik eskola batean lan egiten dut, eta, udan, denbora libre asko daukat. Normalean, abuztuan Galiziara joaten naiz, eta, hantxe, familiarekin nire festa kuttuna ospatzen dut. Abuztuaren 15ean, herrian biltzen gara Ama Birjinaren eguna ospatzeko. Erromeria izugarri gustatzen zait, eta primeran pasatzen dut.
Vanesa García Gil
Ilusioz beteriko beste uda bat, herriko edo auzoko jaiak bizitzeko! Familiarekin zein lagunekin ondo pasatzeko garaia da. Beraz, ahal dudan guztietan Burgoseko San Pedroko jaietara joaten naiz; giro ona, kontzertuak, gastronomia, su artifizialak eta abar daudelako. Ekainaren 29an ospatzen dira. Bisitatzera animatzen zaituztet!!!
Ane Agüera Hierro
Bai, udan festa batzuetara joaten naiz. Nire herria Gasteiz ondoan dago, eta urtero joaten gara jaiez disfrutatzera. Kontzertuen arabera erabakitzen ditugu joango garen egunak, baina gehien gustatzen zaizkidan festak Basaurikoak dira, udako azkenak eta hoberenak baitira!
Mila Linaje de la Iglesia
Udan, festa batzuetara joaten naiz. Hala ere, plan hobea badut, parrandarik gabe molda naiteke. Dena den, urrian badago festa bat ezin dudana galdu: Medina de Pomarrekoa (Burgoseko iparraldean). Bertan topa ditzakegu hainbat peña, kalejira eta jarduera, besteak beste. Oso dibertigarria da!!!
Ainara Alonso Blanco
Bai, oporretan beti izaten ditut pare bat festa kuttun. Abuztuan Zamorako nire herriko festetara joaten naiz, eta ez ditut inoiz galtzen. Izan ere, nire familia osoarekin batera igarotzen ditut egunak, eta nire lehengusinak ikusten ditut. Hala ere, hilabete horretan ez ditut Bilboko jaiak galtzen, nire kuadrillarekin batera ospatzen baititut. Amaitzeko, urrian, Basauriko jaiak, denetan onenak!!!
Noa Jiménez Rodríguez
Nik ez ditut inoiz galdu nahi nire herriko jaiak, Peredakoak (Sevilla). Urtero joaten naiz. Lagunekin egoten naiz ia denbora guztian, baina gure familiak ere oso gertu daude, eta haiek ere primeran pasatzen dute. Hilabete osoa alaitasunez eta oroitzapen onez beteta egoten da. Urtero erritual txiki bat egiten dugu: goizeko zortzietan denok batera gosaltzen dugu mahai berean. Niretzat une hori oso berezia da. Askotan nire lehengusuen etxean lo egiten dut, hurrengo egunean elkarrekin aurreko gauean gertatutako guztia komentatzen dugu, eta oso ondo pasatzen dugu.
Iker Guerrero Serrano
Niretzat uda opor eta festa garaia da. Herri eta auzoetako jaiak gustatzen zaizkit urrira arte, gelditu gabe!!! Uztailean ez ditut galdu nahi BBK festibala eta Madalenak Elantxoben. Abuztuan, aldiz, Bilboko jaiak ere ez ditut galtzen, batez ere, su artifizialak eta kontzertuak gustuko ditudalako. Horrez gain, irailean Lekeitiora Antzarretara joatea gustatzen zait, giro ona baitago, eta, gainera, hondartzara joan bainaiteke bainua hartzera. Uda bukatzeko, jai onenak: Basauriko jaiak udari agur esateko!!!
