Abian da Korrika-AEK bekaren hirugarren deialdia. Hots, 2027tik aurrera, 25. Korrikaren barruan, Korrika Kulturaleko eskaintza nagusia izango dena aukeratzeko deialdia. 23.000 eurokoa da beka, eta euskal sortzaile orok har dezake parte. Diziplina bakarreko edo anitzeko lana aurkez daiteke, betiere agertoki edo plaza batean eskaintzeko modukoa bada. Lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Oraingo deialdia 25. Korrikarako izango da. Izan ere, 24. Korrikarako hautatutako lana garapen fasean da: Kaka proiektua, Xanti Agirrezabalak eta Erika Olaizolak sortua. Horixe izango da datorren Korrika Kulturaleko lan nagusia, baina ez bakarra. Hain zuzen, Ane Elordi Korrika koordinatzaileak iragarri duenez, dagoeneko ikusgai dago Korrika Kulturaleko menua www.korrika.eus webgunean: “Bertan, ehundik gora kultur egitasmo bildu ditugu eta, asko badira ere, gehiago egon daitezke”. Ekitaldiren bat antolatu nahi duen edozeinek jo dezake katalogo horretara.
Euskaraldiaren aurretik, Pantailaldia
Pantailak Euskaraz mugimenduak Pantailaldia antolatu du bigarren aldiz. Euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko aktibazio ariketa maiatzaren 6tik 14ra egingo da. Hau da, Euskaraldiaren aurretik. Euskaraz ikus-entzunez egingo dugu! lelopean, bi helburu izango ditu. Batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea. Bestetik, pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz, erakundeak euskararen aldeko pausoak egitera gonbidatzea. Horretarako, mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak kontsumitu eta sortzeko erronka luzatuko zaie herritarrei, eta, ondoren, beren bizipenak sare sozialetan zabaltzeko eskatu, #pantailaldia traola erabilita. Parte hartzeko, pantailakeuskaraz.eus/pantailaldia webgunean eman behar da izena, maiatzaren 6a baino lehen. Parte hartzaileek, besteak beste, agenda proposamen bat jasoko dute Euskal Herriko hainbat tokitan antolatuko diren ekitaldiekin. Lehen Pantailaldian, 500 herritarrek eman zuten izena, eta aurten kopuru hori gainditu nahi dute.
EUSKALTZAINDIAK EEC Euskararen Erreferentzia Corpusa aurkeztu du. Duela lau urte abiatua, orain sarean dago erabilgarri https://eec.euskaltzaindia.eus helbidean. Datu bilduma handia da hizkuntz corpusa, egituratua, erabilera errealetan oinarritua eta linguistikoki prozesatua; eta hizkuntzaren atal baten erakusgarri moduan erabiltzen da. Erreferentzia corpusa denez, euskararen garai zehatz baten ahalik eta erakusgarririk xeheena eta zabalena eskaintzea du helburu. EECk azken 25 urteetako testuak jaso ditu, baina Euskaltzaindiak edukia berritzen eta arlo teknologikoan eguneratzen jarraituko du. Lehen bertsio honek 123.124 dokumentu, 154,21 milioi testu-hitz eta 129.817 lema biltzen ditu. Besteak beste, AIZU!tik jasotakoak.
EUSKARAZKO zenbait pelikula pantaila handian ikusteko aukera izango da datozen asteotan. Esaterako, Ombuaren itzala, Patxi Bisquertek zuzendua, herriz herri eskaintzen jarraitzen dute. Hala, maiatzaren 9an Anoetan eta 22an Eibarren ikusi ahal izango da Pello Mari Otaño bertsolari eta poetari buruzko filma. Bestalde, Asier Urbietaren Faisaien irla apirilaren 25etik dago ikusgai zinema aretoetan. Azkenik, Pello Gutierrezen Erreplika dokumental luzea maiatzaren 9an estreinatuko dute.
ZORTZIGARREN DENBORALDIA hasiko du aurten Gure Zirkuak, euskara hutsezko lehen zirkuak. Oraingoan, Bizkaian, Getxon. Guztira, bederatzi emanaldi eskainiko ditu maiatzaren 4tik 17ra. Getxotik Zornotzara joango da, eta maiatzaren 23tik ekainaren 7ra izango da han. Hortik aurrerakoak ez ditu zehaztu. Hori bai, lehen bi herrietako emanaldietarako sarrerak salgai daude jada, www.gurezirkua.eus webgunean.
FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 30. edizioa beteko du aurten. Maiatzaren 3tik 11ra egingo da, eta, ohi bezala, film luze eta laburren sail ofizialetatik at ere hainbat sail izango ditu, baita bestelako ekintzak ere. Euskal lanei dagokienez, Fant Laburrean – Euskal Filmak sailean 13 lan eskainiko dituzte, zenbait euskaraz. Hain zuzen, aurten euskararen presentzia areagotu egingo dute: 11 film luzek euskarazko azpitituluak izango dituzte, baita film laburren hiru sailetako lanek ere.
UMORE AZOKAK, Leioako Kale Artisten Azokak, 25 urte beteko ditu aurten. Maiatzaren 15etik 18ra, diziplina ugaritako lanak eskainiko ditu Leioako kaleetan. Guztira, 49 konpainiarenak ikusi ahal izango dira, horietatik 21 euskal taldeak izanik. Hogeita bosgarren urteurrena izaki, nobedadeak ere izango ditu aurten. Hala, Azokaren aurreko egunetan, Umore Auzoka ekimena egingo dute: maiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n, doako ikuskizunak eskainiko dituzte Leioako zenbait auzotan. Informazio guztia www.umoreazoka.org gunean.