Martxoaren 17an aurkeztu zuten, Donibane Garazin, Bañolet euskarazko filma. Paxkal Irigoyen Etxeberrik eta Maia Iribarne Olhagaraik idatzia eta zuzendua, Bañolet herriko haurrak ditu protagonista. Haurtzaroko begirada oinarri, fikzioa errealitatearekin jolastuko da Bañolet ezagutarazteko, eta identitatearen eta botere harremanen gaineko gogoeta proposatuko du. Beste hainbat gai ere jorratzen ditu: lana, heriotza, beldurrak, laguntasuna, familia... Hori guztiori, umorea, egoera absurdoak eta poesia uztartuta. Durangoko Azokaren hirugarren sormen beka irabazi zuen Bañolet websailaren egitasmoan dago oinarrituta filma. Garaziko eskualdeko biztanleekin egin dute, modu parte hartzailean. Hala, aktore lanetan Eiheralarreko (Nafarroa Beherea) herritar ugarik parte hartu dute, pelikula han grabatu baitzuten 2021eko udan. Estreinaldiaren ostean, hainbat lekutan ikusi ahal izango da: apirilaren 2an, Iruñean; 3an, Zuian; 6an, Donapaleun; 12an, Bergaran; 19an, Atharratzen; eta 27an, Baionan.

Euskara zinema aretoetan, hutsaren hurrengo

Pantailak Euskaraz ekimenak 2022an Hego Euskal Herriko zinema aretoetan euskarak izandako presentzia neurtu du, eta emaitzak kezkagarriak dira: euskarazko jatorrizko bertsioan, euskarara bikoiztuta edota euskarazko azpitituluekin eskainitako estreinaldi kopurua eskaintza osoaren % 1,99 izan zen. Zehazki, Hego Euskal Herriko hiriburuetako areto komertzialetako eskaintza aztertu dute. Horren arabera, iazko 751 estreinaldietatik, 4k izan zuten jatorrizko bertsioa euskaraz; 11 euskarara bikoiztuta eman zituzten; eta elebidun edo hirueledunak 2 izan ziren. Gainera, euskarazko filmek gaztelaniazkoek baino emanaldi gutxiago izaten dutela aintzat hartuta, euskarazko eskaintza askoz urriagoa izan zen: % 1. Datuok ikusita, bai Pantailak Euskaraz ekimenak bai Hizkuntz Eskubideen Behatokiak neurriak hartzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, horretarako eskumenak dituztelako. Era berean, lanak euskaraz kontsumitzera ere animatu dute publikoa.

NAFARROAREN EGUNA, aurten, apirilaren 30ean izango da. Baigorriko hitzorduaren aurreko egunak kulturaz betetzeko, Baigorriko Kulturaldia antolatu du Basaizea Kultur Batasuna elkarteak. Hala, apirilaren 13tik 29ra, zenbait ekitaldi izango dira: 13an, Azken dantza maisua dokumentalaren emanaldia, Urepelen; 14an, Bolante baten historia filma, Baigorrin; 15ean, Bidea da borroka komikiaren aurkezpen musikatua, Ortzaizen; 23an, Intxaurra antzezlana, Baigorrin; 28an, Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren aurkezpena, Alduden; eta 29an, Ez Dok Hiru antzerki musikatuaren eta Cumbian’Bero txarangaren emanaldia, Baigorrin.

ZUBEROAN hasiko du Gure Zirkuak bere seigarren denboraldia, Maulen izango baita apirilaren 28an, 29an eta 30ean. Horrenbestez, Sohütako Eperra ikastolarekin eta Maule-Lextarreko Herriko Etxearekin egindako elkarlanari esker, estreinakoz izango da lurralde horretan euskarazko zirku ibiltaria. Gure Zirkuaren bisitak Xiberoko Ikastolen 50. urteurreneko ospakizunekin bat egingo du. Guztira, lau emanaldi eskainiko dituzte, eta sarrerak dagoeneko salgai daude www.gurezirkua.eus webgunean.

ADIMEN ARTIFIZIALA baliatuz, ahotsak azpititulu moduan ematen hasi da Hamaika Telebista bere webgunean (www.hamaika.eus), Orai NLP Teknologiak langunearen laguntzari esker. Oraingoz, Hamaikako albisteetako off-eko ahotsa eta protagonisten hitzak ageri dira azpititulatuta. Halere, etorkizunean sistema zabaltzeko asmoa dute. Bi helburu ditu egitasmoak: audio bidez albistea ezagutu ezin duenari ateak zabaltzea eta euskara ikasten ari denari euskaraz trebatzeko tresna eskura jartzea.

EUSKARAREN soziolinguistikaren eremuko materialen bilduma jarri dute sarean Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultateak eta Ikastolen Elkarteak, Izaro Arrutik eta Sandra Prietok egindako lana oinarri hartuta. Hezkuntzarako baliabide gisa erabili daitekeen askotariko materiala du datu base irekiak, hainbat adin eta ikasmailatako ikasle eta irakasleentzako baliagarri. Helbide honetan dago erabilgai: www.soziolinguistika.eus/hezkuntzasl.

APIRILAREN 21ean, 22an eta 23an, Pagoeta Fest jaialdia egingo da, lehen aldiz, Aiako Zingira kanpinean. Pagoeta Natura Parkearen aldamenean egonik, artea naturan eskainiko du jaialdiak. Hiru egunetan ikuskizunak, kontzertuak, jokoak, instalazio artistikoak eta ibilaldi eszenikoak eskainiko dituzte. Euskal Herriko taldeek ez ezik, Espainiako, Frantziako eta Kataluniako konpainiek ere parte hartuko dute jaialdian. Informazio guztia www.zingirarte.eus webgunean eskura daiteke.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.