‘Ikimilikiliklik Vol.2’, iraganaren eta orainaren arteko zubi artistikoa

Duela 50 urte sortutako Ikimilikiliklik ikuskizun abangoardista abiapuntu hartuta, Loraldia jaialdiak Ikimilikiliklik Vol.2 ekoitzi du. Jatorrizko1 lanaren espiritu berritzailea bereganatu2 eta gaur egungo lengoaia eszenikora egokitu du, hainbat diziplina uztartuta: musika, poesia, dramaturgia eta zuzeneko ikus-entzunezkoak. Mikel Laboak, Joxean eta Jesus Mari Artze anaiek, eta Jose Luis Zumetak sortu zuten ikuskizuna, eta hura berpizteko asmoz egin dute orain Ikimilikiliklik Vol.2, orduko3 abangoardiaren eta egungo sorkuntzaren artean zubi artistikoa eraikiz. Edurne Azkaratek zuzendua, hainbat sortzaile biltzen ditu oholtzan: Iñaki Salvador, Libe Kortazar, Intza Alkain, Itziar Garluce eta Oreka Tx. Azaroaren 14an Iruñean aurkeztu ondoren, urtarrilaren 31n Donostian eskainiko dute, eta martxoaren 12an Bilbon.
Bilbon, mendiz mendi
Mendia, natura eta abentura izango dira protagonista Bilbon abenduaren 5etik 14ra, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 18. aldian. Guztira, nazioarteko 55 film eskainiko ditu; horietatik 13 euskal zuzendarienak izango dira. Besteak beste Mikel Urdangarin eta Haizea Huegun musikarien estreinako lanak aurkeztuko dituzte. Filmez gain, jaialdiak bestelako jarduerak ere eskainiko ditu: erakusketak, mahai inguruak... Gainera, Catherine Destivelle alpinista, eskalatzaile eta liburu editoreak WOP Mendi Film Saria jasoko du.


GEHIBAT Kultura Elkartearen Zaku berekoak lan laburrak irabazi du Lautan Hiru laguntza. Horrenbestez4, 2.500 euroko dirulaguntza jasoko du, eta 2026ko otsailean estreinatuko du VIII. Lautan Hiru jaialdian. Xabin Fernandez Zubeldiak idatzi du lana. Antzerkia eta txotxongiloak konbinatzen ditu, eta Intujai konpainiarekin elkarlanean garatuko du. Euskaltzaindiak sustatutako5 laguntza da Lautan Hiru, euskaraz sortutako lan laburren sorkuntza bultzatzeko.


TAXI antzezlanak irabazi du 2026ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza lehiaketa. Idoia Garzesek idatzia, Mikel Martinezek taularatuko du. Bigarren saria, berriz, Euskal musikarekin, kontuz lanak jaso du, Tessa Andonegik eta Ainhoa Aierbek idatzia; antzeztu ere haiek egingo dute. Obra biek ekoizpenerako6 eta garapenerako dirulaguntza jaso eta 2026ko Poltsiko Antzerki Jaialdian estreinatzeko aukera izango dute. Donostia Kulturak antolatzen du lehiaketa, EHAZErekin eta Donostiako Udaleko euskara zerbitzuarekin elkarlanean.


FEMIAS KOLEKTIBOAREN Ahotsak AA(r)entzat proiektuak irabazi du Loraldia jaialdiaren 4. Sormen Digitaleko Beka. Proiektu interaktiboa izanik, publikoaren parte hartzea sustatuko du. Izan ere, ikusleek beren ahotsa erabiliko dute adimen artifizial bati euskal kulturari buruzko ikuspegi7 estereotipatuak deseraikitzen laguntzeko. Epaimahaiak lanaren izaera berritzaile, kritiko eta partizipatiboa nabarmendu du. Proiektuak 10.000 euroko dirulaguntza jasoko du eta 2027ko Loraldia festibalean aurkeztuko dute.


EHUko Hitz Zentroak erabilgarri jarri du Latxa txatbota, probatarako bertsioan, https:/latxa.hitz.eus helbidean. Ekainean, Euskal Herriko hainbat eragilek tresna probatu zuten, haren indarguneak eta ahulguneak identifikatzeko asmoz. Haien iritzia jaso ondoren, jendarteak8 erabiltzeko prest dagoela ondorioztatu dute. Hala, zenbait egokitzapen egin ostean, sarean argitaratu dute. Aldi berean9, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari dira eskala handiko erabilerarako prestatzen.
1. Jatorrizko: original.
2. Bereganatu: apropiarse (es), s'approprier (fr).
3. Orduko: garai hartako.
4. Horrenbestez: beraz, hortaz.
5. Sustatu: promover (es), promouvoir (fr).
6. Ekoizpen: produkzio.
7.Ikuspegi: perspectiva (es), perspective (fr).
8. Jendarte: sociedad (es), société (fr).
9. Aldi berean: al mismo tiempo (es), en même temps (fr).

