Hiru astez, azaroaren 22ra arte egingo dira Azpeitiko 44. Euskal Antzerki Topaketak. Udalak eta Kulturaz kooperatibak antolatuta1, ohi den moduan2 euskarazko antzezlanak eskainiko dituzte haur eta helduentzat3. Txotxongilo-tailerrak ere izango dira. Aurten ez da ­antzezlan berririk estreinatuko, baina eskaintza⁴ zabala izango da: Metrokoadroka kolektiboaren Bi baso bat ur; Magma Miaren Jo!; Lolak kolektiboaren Zanbuila; Xake Produkzioaken Sidari; Piszifaktoria ideien laborategiaren Hegan egiteko gogoa da; Barrexerkaren Patatekin; eta Xirikara antzerki-taldearen Ama begira zazu ikusi ahal izango dira, adibidez. Ikusle guztientzako emanaldiez gain, eskoletako ikasleentzako saioak izango dira, urtero bezala. Egitaraua eta sarrerak https://antzerkitopaketak.eus/ webgunean daude.

Euskarak edertuko du Iruñea

Azaroaren 5etik 14ra, Iruñaldia jaialdiaren hirugarren edizioa egingo da Iruñean, Euskarak edertzen⁵ du Iruñea lelopean⁶. Iruñeko Udalak eta Loraldia elkarteak antolatu dute, eta, hamar egunez, hainbat kultur ekitaldi izango ditu: an­tzerkia, dantza, musika, literatura... Jaialdiaren helburua hirian euskarazko kultur eskaintza indartzea⁷ da. Horrenbestez⁸, antolaturiko ekitaldiak egokiak dira euskara-maila ezberdineko ikus-entzuleentzat. Guztira, 11 emanaldi izango dira, hiriko 10 lekutan. Egitarau osoa https://loraldia.eus/plaza/irunaldia/ webgunean ikusi ahal da.

ARGIA ALDIZKARIAK bere hemeroteka berritu du, eta 1919tik 2026ra argitaratutako zenbaki guztiak sarean jarri ditu, doan eta lizentzia libreekin: argia.eus/hemeroteka. Guztira, 152.949 orrialde, Zeruko Argia izenez sortu zenetik gaur egunera bitarteko edukiekin. Bilaketak urteka eta hamarkadaka egin daitezke⁹, baita aldizkariak plazaratutako produktuen arabera ere: Argia, Larrun gehigarria, Txistu komikia... Aldizkariak orriz orri ikusi edo PDF formatuan deskargatu ahal dira.

XANEUKIER taldeak jasoko du 2026ko Lautan Hiru antzerki-ekoizpenerako laguntza, Komunikatzen izeneko lan laburrarengatik. Euskaltzaindiak ematen du laguntza, Bilboko Udalaren babesarekin, euskarazko an­tzerkia sustatzeko xedez10. Oier Garamendi egileak adierazi duenez, Komunikatzen “antzezlan esperimental eta parte-hartzailea da”, eta komunikazioaren eta giza harremanen inguruko hausnarketa egiten du, umorez. 2.500 euroko zenbatekoa jasoko du taldeak lana garatzeko, eta IX. Lautan Hiru antzerki-jaialdian estreinatuko dute, 2027ko otsailean.

EUSKAL ZINEMA (2005-2025). Hasiera bat (EHU, 2026) liburuan, euskal zinemagintzak azken 20 urteetan egindako bidea kuantitatiboki eta kualitatiboki aztertu dute EHUko Josu Martinez eta Samara Velte irakasle eta ikertzaileek. Lan mardula11 da, eta, azken bi hamarkadetan euskaraz egindako filmen errolda jasotzeaz gain, hemezortzi adituren ekarpena bildu dute liburuan, euskarazko zinemagintzaren bilakaeraren eta erronken ikuspegi panoramikoa eskaintzeko. Liburu-dendetan eta EHUren webgunean eskura daiteke.

ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko 68. Zinemaldia azaroaren 20tik 28ra egingo da. Aurtengo egitaraua oraindik ez dute jakinarazi, baina, beti bezala, gaur egungo zinemaren askotariko12 ikuspegiak erakusteko helburua izango du, ohiko sailen bitartez: Sail Ofiziala, Bertoko Begiradak, Essential Docs... Ohorezko Mikeldi sariak ere ez dira faltako, nazioartean erreferentzia diren zinemagileen lana aitortzeko13. Xehetasun14 guztiak zinebi.eus webgunean izango dira ikusgai antolatzaileek ezagutarazten dituztenean.

1. Antolatu: organizar (es), organiser (fr).
2. Ohi den moduan: como de costumbre (es), comme d'habitude (fr).
3. Heldu: adulto, -a (es), adulte (fr).
4. Eskaintza: oferta (es), offre (fr).
5. Edertu: embellecer(se) (es), embellir (fr).
6. Lelopean: bajo el lema (es), sous le slogan (fr).
7. Indartu: reforzar (es), renforcer (fr).
8. Horrenbestez: por consiguiente (es), par conséquent (fr).
9. Daitezke: ahal dira.
10. Xede: helburu.
11. Mardul: luze, potolo.
12. Askotariko: variado, -a (es), varié, -ée (fr).
13. Aitortu: reconocer (es), reconnaître (fr). 
14. Xehetasun: detalle (es), détail (fr).


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.