Semea pixka bat motelago dabil soilik eta Sexberdinak antzezlanak aurkeztuko ditu Tanttaka Teatroak, urtarrilaren 14an eta 21ean, hurrenez hurren. Lehenak Ivo Martinic antzerkigile kroaziarraren lan saritua du oinarri. Gaixotasun baten eraginez mugikortasuna galtzen ari den Branko gazteari eta haren familiari erreparatuta, gai ugari jorratzen ditu: familia, ezberdina denaren onarpena, oroimena... Fernando Bernuesek zuzendua, aktore ugari biltzen ditu: Miren Arrieta, Ane Gabarain, Ander Iruretagoiena, Xabi Jabato Lopez, Maria Redondo... Urtarrilaren 21ean estreinatuko dute, Bilboko Arriaga Antzokian. Kepa Errastik eta Telmo Iruretagoienak idatzitako Sexberdinak lanean, berriz, garun paralisia duen Nico kazetaria (Telmo Irureta) eta Ana goxoki saltzailea (Aitziber Garmendia) dira protagonistak, eta maitasuna, sexua, jendearen aurreiritziak... ditu hizpide. Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, eszenaratze berezia izango du. Urtarrilaren 21ean aurkeztuko dute, Arrigorriagan.

Lehendakarigai baten estutasunak komedia iturri

Lehendakari hautatu berria inbestidura ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da. Alabaina, azken unean, arazo larria sortuko zaio: ekitaldiak tik barregarri eta eutsiezina eragin dio. Arazoari aurre egin eta ekitaldia pikutara joan ez dadin, psikiatra bat lehendakariari laguntzeko prest agertuko da. Bien artean, elkarrizketa dibertigarria sortuko da, eta bakoitzaren barruko kontuak azaleratuko ditu: motibazioak, sekretuak... Iker Galartzak eta Zuhaitz Gurrutxagak gorpuztutako bi pertsonaia horiek dira Lehendakarigaia antzezlaneko protagonistak. Txalo Produkzioak-ek ekoitzia, urtarrilean aurkeztuko dute. Ramon Madaularen jatorrizko testua Martin Agirrek itzuli du, eta Begoña Bilbaok zuzendu. Hondarribian eskainiko dute estreinako emanaldia, urtarrilaren 14an. Hil berean, beste hainbat lekutan ikusi ahal izango da: 15ean, Durangon; 16an, Villabonan; 17an, Mungian; 21ean, Ordizian; 23an, Lezon; eta 27tik 30era, Donostian.

PANTAILAK EUSKARAZ plataformak Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztu zuen iazko Durangoko Azokan. Ikus-entzunezkoen munduan euskararen presentzia gero eta txikiagoa dela jakinda eta horrek etorkizunean izan ditzakeen ondorio “konponezinekin” arduratuta, plataformak egoera aldatzeko hamar neurri proposatu ditu. Manifestuak 35 elkarte eta eragileren atxikimendua jaso du, tartean AEKrena. Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa argitzea eta handitzea, bikoizketa sendotzea, plataforma nagusietan euskarazko edukien presentzia handitzea eta bermatzea... puntu guztiak, xehe-xehe, pantailakeuskaraz.eus gunean irakur daitezke.

HAINBAT erakunde publiko eta pribaturen lankidetzaren emaitza da Euskariana, Euskadiko Liburutegi Digitala (www.euskariana.euskadi.eus). Erakunde horien guztien artxiboak biltzen ditu, denak ere euskal kulturari buruzko edukiak. Hau da, euskal egileek sortutakoak, berton argitaratutakoak edota mundu zabalean euskal gaiei buruz egindakoak. Denetariko materiala du: liburuak, aldizkariak, argazkiak, diskoak, mapak, filmak, grabatuak... Zenbait kasutan, badago deskargatzea. Beste zenbaitetan, aldiz, lanari buruzko erreferentziak eskura daitezke.

IBAI AIZPURUA diseinatzaile eta programatzaileak irabazi du Durangoko Azokaren 56. edizioko sormen beka (15.000 euro). Proiektua urtebetez garatuta, hurrengo Azokan aurkeztuko du. Barraka abenturazko bideo joko "umoretsua" izango da, eta irudi errealak, stop-motion-a eta animazio tradizionala nahasiko ditu. Epaimahaiaren ustez, Aizpuruak "haurrentzako fantasiazko mundu estetikoki eder eta gozagarria" sortu du.

 

OÑATIKO HITANOA ikasten laguntzeko Appa Hi! aplikazioa sortu du Badihardugu euskara elkarteak, Ingo Xonau! Oñatiko hitanoa sustatzeko proiektuaren barruan. Bost asteko ikasketa prozesua eskaintzen du, egunero “pilula” bat azalpen, marrazki eta bideoekin emanda. Pilula bakoitzaren ostean, hainbat galderari erantzun behar zaio, eta, asmatuz gero, hurrengo egunean beste bat egin ahal izango da. Astero, maila bat gaindituko dute erabiltzaileek, baina nork bere erritmoan osa ditzake. CodeSyntaxek garatu du alde teknikoa, eta Android eta iOS gailuetan erabil daiteke.

ABENDUAREN 8an agertu zen sare sozialetan (H)Itzartu EITB izeneko plataforma, “EITB kohesiorako, euskararen normalizaziorako eta euskarazko ikus-entzunezkoen arloaren pizgarri izango den prestigiozko hedabide bihurtzearen aldeko” ekimena. Horretarako, eztabaida “anitz eta zabala” abian jartzea proposatu du, eta EITB eraberrituak izan beharko lituzkeen hainbat ezaugarri ere aletu ditu agiri batean, zeina plataformaren Twitter kontuan (@Itzartu_EITB) irakur daitekeen.

 



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.