Neoloteka (https://uzei.eus/neoloteka/) izeneko ataria abiatu berri du UZEI terminologia eta lexikografia zentroak, euskarazko neologismoak biltzeko. Hau da, “errealitate berriak izendatzeko” euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamoldeak bilduko ditu. UZEIk jakinarazi duen moduan, Neoloteka egitasmoaren helburua da “euskarazko neologismoak identifikatu, bildu, aztertu eta sarean edonoren eskura jarriko dituen behatokia sortzea”. Edozein hizkuntzatan hitz berriak etengabe erabiltzen direla jakitun, “lexikoaren bilakaera errealari jarraipena egitea behar-beharrezkoa” dela nabarmendu du UZEIk, “are gehiago euskara bezala normalizatze bidean dagoen hizkuntza baterako”. Erreferentziako lan lexikografikoetan ez dauden formak izango dira, maiz, atariak bildutako neologismoak, denak ere alfabetikoki ordenatuta. Hilero 20 bat sarrera gehitzea aurreikusi du UZEIk. Gainera, hiztunek ere proposatu ahal izango dituzte, horretarako prestatutako inprimaki bat beteta.

Hika konpainiaren lan berria, gizaki eta animalia artean

Mai eta Joxelu bikotekide banandu berriek badute, oraindik ere, batzen dituen zerbait: Toto txakurtxoaren zaintza partekatzen dute. Alabaina, Joxelurekin zegoela, Toto galdu egin da. Horrek eztabaida sortuko du bien artean, nork bere modura bada ere biek asko maite baitute txakurtxoa. Galdutako txakurra eta desagertzen ari den bikotea ditu oinarri TOTO-k, Hika konpainiak berriki estreinatutako komedia “lazgarriak”. Gizakiak animalia eta animaliak gizaki bilakatzen dituen jendartea gogoan, umoretik helduta hausnarketa ere eragiten du lanak. Mafalda Bellidoren CHUCHO antzezlana du oinarri, eta Kepa Errastik euskaratu eta egokitu du. Agurtzane Intxaurraga da zuzendaria, eta Miren Gojenolak eta Asier Hernandezek jokatzen dituzte Mai eta Joxelu protagonisten rolak, hurrenez hurren. Urtarrilaren 15ean estreinatu zuten, Lezon, eta aurrerantzean hainbat lekutan eskainiko dute: otsailaren 4an, Bergaran; 10ean, Bermeon; 11n, Astigarragan; martxoaren 4an, Zigoitian; 11n, Urkabustaizen...

DRAMATURGIA jorratuko du Lautan Hiru antzerki jaialdiaren bosgarren edizioak. Euskaltzaindiak Café Bar Bilbaorekin eta Bira Kulturgunearekin batera euskarazko antzerkia hauspotzeko antolatzen duen jaialdia otsaileko lau ostegunetan egingo da (hilaren 2an, 9an, 16an eta 23an), eta, guztira, bederatzi ekitaldi eskainiko ditu: sei antzezlan, solasaldi performatibo bat, irakurraldi bat eta Ganbila bildumaren aurkezpena. Gainera, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin antolatutako irakurle klubari eutsiko zaio. Ohi bezala, Bilboko Alde Zaharrean egingo da, aurten gune bat gehituta: AEKren Kalderapeko gunea Bira eta Café Bar Bilbao tabernei, Euskaltzaindiaren egoitzari eta 7Katu gaztetxeari batuko zaie.

LUTXO EGIAREN Hamalau antzezlanak irabazi du Café Bar Bilbaok eta Tartean Teatroak antolatutako XX. Antzerki Laburreko Saria. “Absurdoaren barruan” kokatutako komedia da euskarazko lan irabazlea. Gaztelaniazko atalean, Iñigo Cobo izan da irabazle, Canciones tristes para gente alegre lanarekin. Bai Cobok bai Egiak lehendik ere irabazi dute sariketa, 2017an eta 2016ean, hurrenez hurren.

ZIENTZIALARI eta ikertzaile izan nahi dut! Gai horri heldu beharko diote 2023ko Euspot euskarazko spot lehiaketan parte hartzen duten iragarkiek. Zehazki, gazteen artean bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko spotak izan beharko dute. Telebista konbentzionaletan edo sare sozialetan zabaltzeko ikus-entzunezko iragarkiak egin beharko dituzte parte hartzaileek, euskaraz, eta gehienez 30 segundoko iraupena dutenak. Informazio guztia euspot.eus atarian ikus daiteke.

AURTEN, Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak 20 urte beteko ditu. Hori dela eta, hainbat berritasun izango ditu. Nagusia, data aldaketa: orain artean bezala otsailean eta martxoan egin beharrean, ekainean eta uztailean izango da. Zehazki, ekainaren 26tik uztailaren 1era, ekainaren 28ko aldarrikapenekin bat eginda. Ohi den moduan, Bilbo izango da jaialdiaren plaza nagusia, baina maiatzean, ekainean eta uztailean Euskal Herriko herri ugaritan ere film emanaldiak antolatuko dituzte.

MINTZAPRAKTIKA saioek, egun hain ezagunak direnek, 30 urte beteko dituzte aurten. Zehazki, 1993ko abenduan hasi zen Euskal Herriko lehena, Donostiako Bagera euskara elkarteak antolatuta: sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu zituzten lehen aldi hartan. Sorrera hura gogoratzeko, 15 minutuko dokumentala sortu du Bagerak. Sortzaileen eta beste zenbait mintzalagunen esperientziak jasotzen ditu lanak, eta bagera.eus webgunean edo YouTuben ikus daiteke.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.