2011n taularatutako Baginaren bakarrizketak antzezlan arrakastatsua berriz ekarriko du oholtzara Txalo konpainiak. Adin, arraza, maila kultural eta jatorri sozial ezberdinetako 200 emakumeri egindako elkarrizketak oinarri, emakumeen sexualitatea du hizpide Eva Ensler idazleak sortutako lanak. Emakumeak beren sexualitatearekiko sentitu eta sentitzen dituzten erru eta lotsetatik libre azaltzen ditu testuak. Une askotan, umorea eta samurtasuna ditu nagusi, baina ez beti, une gogor eta beldurgarriak ere plazaratzen dituelako tarteka. 2011n bezala, Begoña Bilbaok zuzendu du Inma Infiestak orduan euskaratutako testua. Orduko hartan, bi aktorek taularatu zuten (Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai), baina oraingoan hiru izango dira: Ainhoa Etxebarria, Itziar Urretabizkaia eta Intza Alkain. Abuztuaren 17an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta 20ra arte egunero eskainiko dute. Ondoren, besteak beste Zarautzen (irailak 15) ikusi ahal izango da.

Lekeition, herria antzoki

Herriko bazterrak antzerkiz betez, Hegan egiteko garaia dela aldarrikatuko du 33. Kalekak, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdiak. Uztailaren 7an, 8an eta 9an ospatuko da, eta guztira 11 konpainiaren lanak ikusi ahal izango dira Lekeitioko hainbat tokitan. Euskal konpainiei dagokienez, Cía. Trotamundos, Lekittoko Deabruak & Zozongo, Trapu Zaharra eta Haatik taldeek parte hartuko dute. Gainerakoak Espainiatik, Portugaletik eta Herrialde Katalanetatik etorriak dira: Baychimo Teatro, XA! Teatre, Holoqué, 7 Burbujas, David Cebrián, Companya La Tal eta PIA Projectos de Intervenção Artística. Ohi den moduan, toki bakarrean eskainitako antzezlanak nahiz kalez kale jokatzen direnak izango dira. Lan gehienak sail nagusikoak izango dira, eta Scratch sailean (sorrera prozesuan dauden lanei eskaintzen zaie) eta Blai sailean (esperimentazioa eta ikusleen parte hartzea lantzen dituztenak biltzen ditu) obra bana eskainiko da. Egitarau osoa kaleka.eus webgunean dago ikusgai.

EUSKARAZKO UMOREA sustatzeko asmoz, Hiru Damatxo Donostiako ekoiztetxeak Karkarkar egitasmoa abiatu du. Stand-up komedia generoa euskaraz bultzatzeko sortu dute, azken urteotan euskal eszena garatzen ari dela iritzita. Arlo horretan ari direnei probalekua eskaini nahi die egitasmoak, alegia, beren jarduna trebatzeko gunea. Ekainean egin zituen lehen urratsak Karkarkar-ek, hilaren 1ean eta 29an Donostiako Dokan hitzordu bana antolatuta. Bosna komiko aritu ziren oholtzan, Julen Portillo eta Antton Telleria gidari zituztela, hurrenez hurren. Ekaineko hitzorduen ostean, urrian berriz ekin nahi diote egitasmoari, Dokan berriro. Beraz, barre eginarazi edota barre egin nahi baduzue, adi Karkarkar egitasmoari!

YOUTUBEN dauden euskarazko edukiak ikusteko Zni TB aplikazioa sortu du Zer Non Ikusi webguneak (zernonikusi.eus). Streaming plataformetan, zinema aretoetan eta YouTuben bertan topa daitezkeen euskarazko lanen gaineko informazioa jasotzen du webguneak. Aplikazioarekin, YouTubeko askotariko euskarazko edukiak modu errazagoan ikusteko aukera eskainiko dute. Hala, gaika bereizita topa daitezke: telesailak, marrazki bizidunak, bideojokoak... Aplikazioa Android gailuetan dago erabilgarri, eta Google Play-n eskura daiteke, doan.

KALERKI Zarauzko kale antzerkiaren eta arte eszenikoen jaialdia uztailaren 6tik 8ra egingo da. Hogeita hamar urte beteko ditu aurten Kalerkik, eta guztira hamabost ikuskizun eskainiko ditu Zarauzko hainbat txokotan, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeenak: Christophe Pavia, Kamikaz Kolektiboa, Companya La Tal, Los Galindos, Trapu Zaharra, Deabru Beltzak, Piszifaktoria Ideien Laborategia... Egitaraua Zarauzko Udalaren webgunean ikus daiteke: www.zarautz.eus.

EKAINAREN 15ean banatu zituzten 2023ko Euspot euskarazko spot lehiaketako sariak. Gazteen artean bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko iragarkiak egin behar ziren aurtengo edizioan, eta jasotako 149 spoten artean (iaz baino 54 gehiago) Elorrioko Gorka Santos Alvarez eta Haizea Bedialauneta Garciaren Ez dira debalde izan zen irabazlea. Iragarki gehiago ere saritu zituzten. Bai horiek bai aurkeztutako gainerakoak euspot.eus atarian daude ikusgai.

UZTAILAREN 30ean eta agorrilaren 4an eta 6an izango dira, Urdiñarben, Zuberoako aurtengo pastoralaren emanaldiak. Sibastarrak du izena Urdiñarbeko herritarrek prestatu eta jokatuko duten pastoralak, eta Maritxu Neguelou-k idatzi du. Madalena Jaureguibarry-ren eta haren neba Jean de Sibas-en bizitzak kontatzen ditu lanak. Bi mundu gerrak eta Espainiako Gerra bizi izan zituen Jaureguibarryk, eta, testuinguru horretan, euskararen eta euskal kulturaren alde ez ezik, emakumeen eskubideen alde ere lan handia egin zuen.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.