Hauteskunde mahaian egon nintzen ekainaren bederatzian. Gure herrian, zaila da botoa ematera ezezagunak etortzea. Orduan, jendeak hitz egiten du mahaiaren inguruan dauden guztiekin: “Aspaldiko, umeak zelan, gurasoak ondo, egun osoa luze egingo zaizu, oso dotore ikusten zaitut…”. Atentzioa eman zidan batek baino gehiagok txiste bera egin izanak. Botoaren bila egun horretarako propio jartzen den kabina txikian sartu, eta, denok entzuteko moduan, VOXen boto paperak non zeuden galdetu zuten. Lehenengoari barre egin genion, bigarrenari irribarre, eta hirugarren eta laugarrenari ezer ez. Hala esaten duenak ez du benetan esaten, noski, baina gure herrian ere faxistek boto bat baino gehiago eskuratu zuten.
Europak beldurra ematen du, eta gure inguruneak ez gaitu lasaitzen. Ez dago jendeari ideiak burutik ateratzeko formula magikorik, baina, agian, komunikabide publikoek ez lukete edozein diskurtso onartu behar. Demokraziaren izenean guztioi ahotsa emateak ez du esan nahi faxismoa jasan behar dugunik. Are gutxiago askatasunaren izenean hainbat mugimenduren barruan sartzen saiatu direnean.
Berdin dio zer daukaten esateko, egiteko, onean datozen, txarrean, gure lagunak diren, lehen jatorrak ziruditen... ez dio axola. Faxismoa atetik kanpo utzi behar da. Ez dauka gure sukaldeetan sartu beharrik. Ez daukagu zertan entzun hedabide publikoetan homosexualitatea ez dela naturala edo transexualitatea doktrina bat dela, ez daukagu zertan ikusi nola saiatu diren nekazarien protestak bereganatzen, nola dabiltzan emakumeoi abortatzeko eskubidea ukatu nahian… ez daukagu zertan hori entzun. Ez daukagu zertan hori jasan. Iritzi batzuk ez dira iritzi: faxismoa dira. Eta lehenago ere, faxismoa bizitzea tokatu zaigunean, txarrerako izan da. Badakigu nor diren halako egoeran eroso egongo liratekeen bakarrak.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.