Guri buruzko pistak ematen dituzte janzten dugunak, egiten ditugun bidaiek, birziklatzen dugunak, autoa hartzeko daukagun joerak, irakurtzeko ohiturak, etxean daukagun pantaila kopuruak, lagunekin elkartzeko maiztasunak, hegazkina hartzeko erraztasunak, banketxeak, hipotekak, kafea hartzen dugun tabernak, aisialdirako gure planek, ikusten dugun antzerki kopuruak, paseatzeko daukagun arropak edo beste mila gauzak. Egiten dugun guztiak guri buruz hitz egiten du, eta inguruko jendea adi egoten da begira. Guk pentsatzen dugu inor ez dela konturatzen zertan ari garen, baina beti dugu norbait begira. Orduan, begetarianoak garela esaten badugu, jendeak jakin nahi izango du ea egunen batean, momentu batez, goseak harrapatu gaituelako edo bestela, haragi pitinik jan dugun. Eta, hala egin badugu, atzamarrez seinalatuko gaituzte: “Baina ez al zara barazkijalea?”. Horrela, inork ez du hausnarketarik egin behar jaten duen haragi kopuruaz edo erosten duen haragia ekoizteko erabili den moduaz. Zuk behin hanka sartzeak haien bizitza osoa justifikatuko du. Berdin gertatzen da ezkertiarra zarela diozunean. Erosiko duzu auto dotore samarra, edo praka berriak, edo funtzionarioa izatea erabakiko duzu, eta norbaitek atzamarrez seinalatuko zaitu: “Baina ez al zara ezkertiarra?”. Eta horrek, pertsona horren buruan, besteak esplotatzeko hartu duen jarrera justifikatuko du, edo egunean hiru kilometro egiteko erosi duen autotzarra erosi izana, edo ukondoa daukalako lortu duen lanpostuan hiru mila euro baino gehiago kobratzea. Ezkertiarra izatea ez da pobreziaren sinonimoa, ordea. Guztiek berdin edukitzea nahi izatea eta inork ezer ez edukitzea nahi izatea ez da gauza bera. Kontua da jendeak, beste batzuek beren oinarrizko beharrizanak bete ezin dituztela ikusita, behar duena baino askoz gehiago izateko arrazoia justifikatu behar diola bere buruari.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.