Zuzendaria: Yorgos Lanthimos. Gidoia: Tony McNamara, Alasdair Gray-ren liburu batean oinarritua. Aktoreak: Emma Stone, Mark Ruffalo, Willem Dafoe, Ramy Youssef. Irlanda – Erresuma Batua – AEB, 2023.

Istorioa: Haurdun gazte batek bere buruaz beste egin du. Goodwin Baxter zientzialariak berpiztu egingo du, buruan sabelean zeraman umearen garuna sartu ostean. Horrela sortuko da Bella Baxter, hitz egiten, ibiltzen... dena ikasteko duen neska gaztea. Hala, bere nortasuna gizartearen aurreiritzi eta arauen mende egon gabe eraikiko du.

Sariak: Aurtengo Oscar sarietan zer gertatuko den alde batera utzita (hamaika izendapen ditu, besteak beste film eta zuzendari onenarenak), Lanthimos pozik izango da dagoeneko. Veneziako Zinemaldian, Urrezko Lehoia irabazi zuen; bi Urrezko Globo; bost BAFTA sari...

Onena: Aurkezpen askorik ez du behar Lanthimosek. Gizarteko arauak eta giza harremanak aztertzeko erabiltzen duen begirada probokatzaile, askotan maltzur, umoretsu, bitxi eta aztoragarria aski ezaguna da jada. Bada, hain berezkoak dituen ezaugarri horiek guztiak aurki daitezke Bella Baxter protagonistak bere nortasuna eraikitzeko hutsetik abiatutako bidean, aske eta arau sozialen eraginetik kanpo. Hori erakusteko, edukia ez ezik, musika eta irudia ere oso modu esanguratsuan erabili ditu zuzendariak: arrain begi objektiboa erabiliz (ez du lehen aldia), zuri-beltzetik kolore oso bizietara eginez... Eta, jakina, ezin aipatu gabe utzi Emma Stonen lana, Bella gorpuztu duen aktorearena. Hura txalotu eta goratu ez duenik topatzea, zaila.

Txarrena: Hasiera ez da eramanerraza. Gainera, iraupen luzeko filma izanik, gorabeherak ditu. Lanthimosen lan guztiak bezala, film deserosoa da, baina baliteke haren filmik erosoena izatea.

Eñaut Mitxelena



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.