Eojjeolsuga eobsda (Ingelesez: No Other Choice)

Zuzendaria: Park Chan-wook. Aktoreak: Lee Byung-hun, son Ye-jin, Lee Sung-min, Yeom Hye-ran, Yoo Yeon-seok. Hego Korea, 2025.
Istorioa: Hogeita bost urtez paper-fabrika berean lan egin ostean, Man-su kaleratu egingo dute. Sektorean lana azkar topatuko duela uste arren, ez da hala gertatuko, eta lehiakideak desagerraraztea erabakiko du, beretzako lanposturen bat ziurtatzeko1.
Onena: Satira eta tragikomedia eskutik helduta. Batzuetan makabro, beste batzuetan patetiko; orain krudel, ondoren bihurri. Umore beltza lan- eta familia-kontuak jorratzeko; eta gizarte kapitalistari, Hego Koreako jendarteari eta, oro har, egungo munduaren gizatasun2- eta balio-galerari begirada gordinez3 heltzeko.
Txarrena: Nahiz eta une eta kolpe onak dituen, kontakizuna katramilatu4 egiten da zenbaitetan, eta tarteka geldoegia da erritmoa, filmaz hasi eta buka gozatzeko.
Zalantza: Donald E. Westlake-ren The Ax liburuan oinarritua dago filma. 2005ean Costa-Gavrasek zinemaratu zuen (Le couperet); alderatu beharko, ezta?
Eñaut Mitxelena
1. Ziurtatu: asegurar (es), assurer (fr).
2. Gizatasun: humanidad (es), humanité (fr).
3. Gordin: inclemente (es), inclément, -e (fr).
4. Katramilatu: embrollar(se) (es), (s')embrouiller (fr).
