La bola negra

Zuzendariak: Javier Calvo eta Javier Ambrossi. Gidoia: Javier Calvo, Javier Ambrossi, Alberto Conejero. Aktoreak: Guitarricadelafuente, Miguel Bernardeau, Carlos González, Milo Quifes, Lola Dueñas. Espainia, 2026.
Istorioa: Hiru garaitako hiru gizon homosexualen istorioak lotzen ditu filmak, Espainiako Gerra Zibila eta Federico García Lorcaren La bola negra antzezlana, amaitu gabe utzi zuena, hari gisa hartuta.
Sariak: Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zutenetik, esne-mamitan1 izan da pelikula. Calvok eta Ambrossik zuzendaririk onenaren saria jaso zuten zinemaldi hartan, eta Donostiakoan zein Torontokoan, berriz, publikoarena. Oraindik ere iritsiko zaizkio gehiago filmari, ziur.
Onena: Ikusgarri eta dotorea, hiru istorioak ongi josten ditu; kontakizunak erraz lotzen du ikuslea, tarteka zirrara2 ere eraginez.
Txarrena: Kontu batzuk mastekatuegi erakusten ditu, sobera ageriko eta errepikakor. Bestalde, Gerra Zibilari heltzeko moduak eztabaida sor dezake, are gehiago bizi ditugun garai nahasi eta ilunotan.
Eñaut Mitxelena
1. Esne-mamitan: arrakasta handiz, arrakastatsu.
2. Zirrara: emoción (es), émotion (fr).
