Zuzendaria: Boris Lojkine. Gidoia: Boris Lojkine eta Delphine Agut. Aktoreak: Abou Sangare, Alpha Oumar Sow, Emmanuel Yovanie, Nina Meurisse. Frantzia, 2024.
Istorioa: Souleymane gazte ginearra Parisen aritzen da janari banatzaile. Bizikletaz hara eta hona dabilen bitartean, bere bizitzaren historia ikasi nahi du. Izan ere, asilo eskaera egina du eta bi egun barru egingo diote elkarrizketa bere bizitzari buruz. Eskaera onartzea ezinbestekoa du Frantzian geratu eta paperak lortzeko, baina elkarrizketa prestatzea oso zaila egiten ari zaio.
Sariak: Sari mordoxka jaso du filmak. Garrantzitsuenak, Cannesko Zinemaldian: Un Certain Regard sailean, epaimahaiaren saria eta aktore onenaren saria jaso zituen. Hain justu, Abou Sangare, Souleymane gorpuzten duena, behin baino gehiagotan saritu dute. Cesar sarietan, Frantziako zinema sari nagusietan, aktore berri onenaren saria eskuratu zuen, esaterako (guztira, lau Cesar sari irabazi zituen filmak).
Onena: Rider lanean nola edo hala biziraun behar duen paperik gabeko migratzailearen egoeran murgiltzen gaitu filmak, Parisko kaleetako erritmo zoro eta itogarrian barneratuta, ia thriller moduan, Souleymanerekin batera denboraren kontrako pedalkada etengabean. Oso modu errealistan biziko ditugu Souleymanerentzat hain garrantzitsuak diren bi egun horiek, aldi berean paperik gabeko migratzaileen errealitatea erakusten zaigun bitartean. Formetan egoki eta edukietan zintzo: filmak errealitate gogorra agerian jarri eta ikuslearen eskuetan uzten du gaiaren gaineko gogoeta, erruki merkean eta mezu jakinak zabaltzeko tentazioan erori gabe.
Eñaut Mitxelena