Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen. Gidoia: Isabel Peña eta Rodrigo Sorogoyen. Aktoreak: Marina Foïs, Denis Ménochet, Luis Zahera, Diego Anido, Marie Colomb. Espainia-Frantzia, 2022.

Istorioa: Antoine eta Olga bikote frantsesa Galiziako mendialdean bizi da, herrixka batean. Duela urte gutxi joan ziren bertara, lurrak emandakotik bizitzeko asmoz. Alta, bizitza ez dute uste eta nahi bezain lasaia izango. Herrixkan haize errota batzuk jarri behar dituztela eta, bizilagun batzuekin, Anta anaiekin, gatazka izango dute, eta, xextraz xextra, tentsioa areagotu egingo da...

Zuzendaria: Kritikariak eta ikusleak ados jartzeko gaitasuna du Sorogoyenek, eta oraingoan ere hala erakutsi du. Canneseko Zinemaldian lehiaz kanpo estreinatu zutenetik, txalotik txalora egin du bidea. Horren adibide, Donostiako aurtengo Zinemaldian Europako Film Onenaren Publikoaren Saria jaso izana.

Onena: Galizia sakonean murgildu da Sorogoyen, western tankera hartzen duen landa eremuko thrillerra onduta. Ederretik bezala gogorretik duen mundu bakartu eta bakarti horretan berehala barneratuko gaitu, giza izaeraren aurpegi ugariei erreparatuta eta inor epaitu gabe, on eta gaiztoak bereizi gabe. Tentsioa, su txikian egosia, pixkanaka eta atsedenik gabe jabetuko da gutaz, paisaia idilikoen artean ezinegona handitzen zaigun bitartean. Odol tantarik gabe, indarkeria eta beldurraren presentzia etengabea izango da, eta artegagarria. Hori Luis Zahera eta Diego Anido aktoreei esker da, neurri handi batean, Anta anaiak gorpuzten egindako lan onarengatik. Batez ere, Zaherarena, benetan aparta.

Txarrena: Filmak erraz harrapatzen du ikuslea, baina baditu gorabeherak, une indartsuak asko izan arren apalagoak ere badira eta.



Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.