Zinema hiru bider, bai. Izan ere, datozen asteetan euskal eta euskarazko zinemak hiru hitzordu garrantzitsu izango ditu, hiru jaialditan. Lehena Euskal Herriko zinema jaialdi nagusia izango da: Donostiako 71. Zinemaldia (www.sansebastianfestival.com). Irailaren 22tik 30era egingo da, ohiko sail eta atalekin. Hots, Sail Ofiziala, Zabaltegi, Horizontes Latinos, atzerabegirakoak... eta, nola ez, euskal zinemari eskainitako Zinemira saila. Hurrengo bi hitzorduak aldi berean egokituko dira, urriaren 19tik 22ra egingo baitira bai Lekeitioko 46. Euskal Zine Bilera bai Hazparneko 12. Zinegin jaialdia. Biak ere euskara hutsean egiten dira, eta Lekeitiokoa Euskal Herrian euskaraz egiten den jaialdirik zaharrena da. Ohi bezala, profesional eta amateurren lanak batuko ditu Zine Bilerak, eta 20 bat lan izango ditu lehian. Ez batak ez besteak oraindik ez dituzte egitarauak aurkeztu, beraz, datozen egunetan adi haien webguneei: zinebilera.eus eta zinegin.eus.

480festen

‘Festen’ filma antzerkira ekarriko du Arriagak

Thomas Vinterberg zuzendariak 1998an estreinatutako Festen filma antzerkira egokitu du Bilboko Arriaga Antzokiak. Arriagaren ekoizpen propioa urriaren 6an estreinatuko dute. Dogma 95 mugimenduaren lehen filma izan zen Festen, eta iraultza eragin zuen zinema munduan. Iraultzailea ez ezik, gordina eta gogorra ere bada: etxeko patriarkaren omenezko familia ospakizun batean, familian izandako intzestu eta sexu abusuak azaleratuko dira. Hala, goi mailako klaseen harreman sozialetan nagusi den hipokrisiari erreparatzen dio istorioak. Maria Goirizelaiak eta Lucia Astigarragak egokitu dute testua, eta Kepa Errastik euskaratu du. Goirizelaiak berak zuzendua, aktore talde zabala du lanak: Egoitz Sanchez, Mikel Martinez, Lander Otaola, Ane Pikaza, Ione Irazabal, Nagore Gonzalez, Olatz Ganboa, Aitor Borobia, Kepa Errasti eta Loli Astoreka. Urriaren 6ko estreinaldiaren ostean, 8ra arte ikusi ahal izango da Bilboko Arriagan.

480eke

MARTXAN DA 12. Ibilkiren bigarren seihilekoko egitaraua. EKE Euskal Kultur Erakundeak antolatua, Ipar Euskal Herrian euskal kultura hedatzea du helburu Ibilki dispositiboak, eta orotariko kultur ekitaldiak eskaintzen ditu, nagusiki antzerki eta dantza emanaldiak, baina baita zinema saioak eta musika kontzertuak ere. Uztailean jarri zuten abian egitaraua, eta abendura bitartean 25 emanaldi antolatuko dira honako herri hauetan: Ainhoa, Baiona, Hendaia, Ziburu, Arrosa, Donapaleu, Urruña, Hiriburu, Ortzaize, Donibane Lohizune, Maule eta Senpere. Egitarau osoa EKEren webgunean (www.eke.eus) dago ikusgai.

480amuriza

XABIER AMURIZA bertsolari eta idazleak www.amuriza.eus webgunea abiatu du, bere lanak sareratzeko. Genero askotakoak dira gunean topa daitezkeenak: Itxi dezagun zirkulua, koplaz eta bertsoz osatutako lana; Harrien mintzoa, “pentsaera eta sentiera bat islatzen duten bostehun bat esaldi” biltzen dituena; Lehoiaren zainak, poema eta artikuluen bilduma... Lan guztiak doan deskarga daitezke. Horiez gain, Amurizak hainbat hedabidetan eskainitako elkarrizketak jasotzen ditu webguneak.

480elhuyar

ELHUYARREK, sare neuronaletan oinarrituta, ahots automatikoak (TTS) sortu zituen duela sei hilabete, eta orain berritasunak gehitu dizkio. Batetik, sei hizkuntzatako ahots automatikoak erabil-tzeko aukera dago: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa. Bestetik, testu kutxa erabilita, edozein eduki entzuteko aukera ematen du. Horretarako, ttsneuronala.elhuyar.eus webguneko testu kutxan testua idatzi, hizkuntza eta ahotsa aukeratu, eta berehala entzun daiteke testuaren audioa.

480magialdia

IRAILAREN 11tik 17ra, Gasteiz magiaren hiriburu bihurtuko da, Magialdia Nazioarteko 35. Magia Jaialdiari esker. Profesionalentzako jarduerak izango ditu, batetik, eta publiko ororentzakoak, bestetik. Guztira, nazioarteko eta bertako 35 mago baino gehiago ekarriko ditu. Jaialdia hasi eta ondorengo egunetan, gainera, magia Arabako 15 herritara zabalduko du MagialdiArabaren IX. edizioak. Bi jaialdien berri zehatza, magialdia.com atarian.

480ehaze

EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatuta, Antzerkizale Feministen Topaketa 2023 egingo da Garaion Sorgingunean, Arabako Ozeta herriko Otaza auzoan, irailaren 23an eta 24an. Bigarren edizioa izango du topaketak, eta, datez gain, ezer gutxi gehiago aurreratu dute antolatzaileek. Hala, izena emateko epea zabaltzeaz batera, aholku hau eman dute: “Etor zaitez buruari gehiegi eragin gabe!”. Izena emateko, EHAZEren webgunean (ehaze.eus) sartu eta inprimaki labur bat bete behar da.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.