Intza Alkain
Aktorea
Uda lanpetua izan du Alkainek (Lasarte-Oria, 1995), Kanpora sartzen antzezlanaren emanaldiak ez ezik, Baginaren bakarrizketak lanaren berrestreinaldia ere izan baitu, biak ere Txalo konpainiarekin. Edurne Azkaraterekin eta Mikel Ibargurenekin sortutako Formol Laborategian, Album lana eskaintzen ibili ostean, atseden hartzen ari dira orain. Haur Hezkuntza ikasia eta Haur eta Gazte Literaturan espezializatua, gaztetxoen artean irakurzaletasuna sustatzen ere badabil Galtzagorri elkartean. Eñaut Mitxelena.
Baginek esaten dutenak jende asko asaldatzen du oraindik ere?
Lanak baditu urte batzuk, eta itzuli zenetik asko aldatu da kontua. Adibidez, gero eta gehiago hitz egiten da gure plazeraz eta. Berrikusketa egitea baliagarria da konturatzeko tarte gutxian zenbat aldatu diren gure ezagutza eta gure ikuskera baginarekiko, genitalekiko edo bagina duten pertsonekiko. Edo zenbat identitate dauden ikusteko: lehen, identitate beraren barruan sailkatzen ginen pertsonok, baina gaur egun sailkapen hori asko zabaldu da.
Tabuak apurtzeko eta besteen azalean jartzeko, bada antzerkia baino tresna hoberik?
Azken batean, antzerkia gertaera bat da. Adibidez, literaturan, istorio bat irakurri eta protagonistarekin identifika zaitezke. Antzerkian, ordea, toki eta une berean bizi duzu istorioa. Sortzen diren zirrarak, transmisioak eta konexioak sentsazio hori anplifikatzen dute. Hau da, bestearen azalean jarrita esperientzia hori partekatzen da. Eta kolektiboki, gainera. Hori du antzerkiak: kolektiboa ere bada, istorioa jendearekin partekatzen duzu. Hala, esperientziak jasotzeko esparru itzela bihurtzen da.
Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Goizeko txokolate ontzak.
Eta tristatu? Txokolatea bukatu egin dela ikusteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Beste norbait barrez ikusteak.
Eta negarra? Beste norbait negarrez ikusteak.
Zerk harritzen zaitu? Denak. Kalera ateratzeak eta gauzak nola dauden ikusteak, horrek harritzen nau.
Bizio bat: YouTube.
Plazer txiki bat: Eguzkitan jartzea.
Sekulako plazer bat: Egun gogor baten ostean etxera iritsitakoan zapatak kentzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Tindategiko langilea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Bulegaria.
Antzezlan bat: Platea, Tripak kolektiboarena.
Antzezle bat: Edurne Azkarate.
Egile bat: Aida Gonzalez.
Haur bati oparitzeko liburu bat: Asko dauzkat, baina Mau iz io?, Carson Ellis-ena.