Maitane Carballo
Soinu teknikaria

Munduari begiratzeko leihoak zabal-zabalik utzi ditu Carballok (Gasteiz, 1993) azken urteetan, burua galdu gabe, dokumentalgintzan murgilduta. Soinu teknikari lanetan aritzen da, eta lekurik gordeenetako ahotsak kanpora atera ditu bere proiektuetan. Lurraren ahotsak da bere azken proiektuetako bat, dagoeneko Primeran eta Filmin plataformetan ikusgai. Asko bidaiatzeko aukera izan du bere lanbidean, beti arduraz eta modu kontzientean. Esti Lanao. Argazkia: Elizabeth Soumya. 

Istorio bereziak kontatzen dituzu dokumentaletan. Noiz sortu zitzaizun hori egiteko motibazioa?
Betidanik izan dut gai sozialen gaineko grina1 handia, eta beti gerturatu izan naiz horrelako istorioetara. Duela urte batzuk, Gariza Films ekoiztetxeak nire soinu teknikari profila ezagutu zuen eta proiektu bat aurkeztu zidan: Lurraren ahotsak. Garai hartan 24 urte nituen eta, proiektu horri esker, bi urtez hamaika herrialdetan izan nintzen. Bertan, Aner Etxebarria eta Pablo Vidal zuzendariekin lan egin nuen eta grina hori are gehiago areagotu zidaten, asmo bertsua2 izan baitute beti.

Herrialde askotan ibilia zara... Bada bereziki gogoratzen duzunik?
Afrikako leku askotan egon banaiz ere, Brasilek asko hunkitu ninduen. Maranhao oihanean barrena ibili nintzen, Awa komunitatearekin. Gu hara joan baino hiru urte lehenago, gure mundua existitzen zenik jakin gabe bizi zen komunitatea: “kontaktatu gabekoak” esaten diete. Han, familia batekin aritu ginen eta oso esperientzia berezia izan zen, kontrastea ikaragarria da. Ez genuen hizkuntza bera hitz egiten, baina gure arteko harremana oso modu ederrean bizi izan nuen. Bizipen polita, tristea eta izugarria aldi berean. Azken finean, Awa komunitate bat da, baina hura bezalako milaka komunitate daude.
Dokumentalgintza aukeratu duzu. Zergatik?
Alde batetik, dokumentalek egiazkotasun kutsu3 handiagoa dute, fikzioak baino gehiago, eta istorioetara gerturatzen laguntzen dute. Bestetik, sekulako esperientzia da, batez ere teknikariontzat. Azken finean, lana ez da amaitzen kameran stop sakatzen duzunean. Hogeita lau orduko lana da, denbora tarte batez hor bizi zara, gauetan elkarrizketak egiten dituzu edo hango umeekin jolasten zara. Errealitatea zuzenean bizi duzu. Fikzioan, ordea, errodajea amaitutakoan zure etxera joaten zara, eta, normalean, aktorea berea ez den errealitatea interpretatzen ari da.

Oso ezagunak ez diren kulturei eta herriei agerikotasuna ematen ari zarete. Asko ala gutxi, ekarpena egiten ari zarete gizartean.
Tira, Lurraren ahotsak ikus-entzunezkoaren kasuan, ez da produktu komertziala, salmenta ez da film handi batenaren modukoa, eta ez dakigu zenbat pertsonarengana hel gaitezkeen. Baina hamar lagunengana heltzen bagara, gutxienez, bada zerbait. Nire ustez, etorkizunean politena zera litzateke: gure dokumentaleko pertsonekin batera lan egitea, alegia, haiek lengoaia zinematografikoa ikastea eta beren istorioak edo ikuspuntuak kontatzea. Izan ere, oro har, dokumentalak gure mendebaldeko ikuspuntutik jorratzen ditugu, ohartu gabe, gure herrietara ekartzen ditugu, baina protagonisten ikuspegiak dira garrantzitsuena.

Turismoa egitea eta bidaiatzea ez dira gauza bera, ezta?
Egia da nik asko bidaiatu izan dudala, baina atzerrira, behintzat, sekula ez turista moduan. Beti izan da proiektu baten harira. Kontuz, hori ere pribilegioa da, baina begirune4 handia eskatzen dizu: joan aurretik ongi aztertzen duzu nora zoazen, sare sozialetan zer zabaldu asko zaintzen duzu… Errespetu ikaragarria dago, eta hori da garrantzitsuena. Turismoa, berez, ez da txarra, modu kontzientean eginez gero. Are gehiago, turismoa egin dezakezu, baina ez espero herrialdea zure beharretara egokitzea, baizik eta alderantziz. Nik beti esaten dut “pribilegioen mapa” batekin egin beharko genituzkeela bidaiak, kontuan hartuz zu non zauden eta non, eta nola, dauden bisitatuko duzun herrialdeko pertsona gehienak. Hala, agian, kontzientzia maila are sakonagoa izango litzateke. 

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Hirian naturaz gozatu ahal izateak.
Eta tristatu? Injustizia sozialek.
Zerk eragiten dizu barrea? Ironiak.
Eta negarra? Bakarrik geratu diren bizilagunak, esaterako, senideren bat galdu dutelako eta ez dutelako beste inor.
Zerk haserrearazten zaitu? Egunerokotasuneko erritmo biziak.
Bizio bat? Instagram.
Plazer txiki bat? Bizikletaz paseoa egitea.
Plazer handi bat? Isiltasuna, edo hots5 kutsadurarik ez egotea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Amari esaten nion: “Tokiko nagusia eta ama”. Hark gauza bera zela esaten zidan, kar-kar. Beste aukera musikaria zen.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Ez nuke lan egingo sormenik gabeko lan monotonoren batean.
Zinemagile bat? Walter Murch, editorea.
Film bat? Kauwboy. Eta Lurraren ahotsak, noski.
Soinua ala irudia? Bien arteko elkarbizitza narratiboa. Biak dira oso garrantzitsuak.

1. Grina: pasio.
2. Bertsu: oso antzeko, ia berdin.
3. Kutsu: toque (es), touche (fr).
4. Begirune: errespetu.
5. Hots: zarata.


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.