“Zineman, jantziak pertsonaiei buruzko zerbait kontatu behar du”

Nerea Torrijos
Jantzi-diseinatzailea
Zineman ibilbide oparoa du Torrijosek (Bilbo, 1985). Besteak beste, Akelarre, 20.000 especies de abejas, Karmele eta Paul Urkijoren filmetako jantziak diseinatu ditu. Hain zuzen, Urkijoren Gaua filmean egindako lanarengatik Goya sarietarako izendatu dute aurten. Lehendik badu bat Akelarre-rengatik, eta beste bi izendapen ere bai. Gaua-ko jantziak Errenteriako Jantziaren Zentroan ditu ikusgai orain. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Pozik izendapenarekin?
Bai, poz-pozik. Gainera, aurten ez nuen izendapenik espero; film oso indartsu asko daudenez, haiekin alderatuta oharkabean1 pasatuko ginela uste nuen.
Jantziaren Zentroan zer ikus daiteke?
Filmean ikusten denaren lagin2 batzuk, jantziak ikusteaz gain bisitaria filmeko giroan ere pixka bat barnera dadin. Zuzendariari aurkeztutako proposamenak, ehun-motak, grabazioko txutxu-mutxuak... Didaktiko samarra da, eta nahiko entretenitua, zinemari buruzko bitxikeriak ere badituelako. Jendeak gozatuko du, ez delako jantziei buruzko erakusketa arrunta.
Jantziak diseinatzea aktoreak janztea baino gehiago da, ezta?
Bai, jantziak diseinatzea konplexua da, ez duzulako bakarrik lan egiten. Lehenik, zuzendariari nahi duena ematen saiatu behar duzu. Gero, zure lana beste sail batzuekin koordinatu behar duzu: atrezzoa, makillajea, ile-apainketa... Badirudi aktoreak janzten ditugula, besterik gabe, baina ez. Zineman, denak narratiba bat izan behar du, jantziak pertsonaiei buruzko zerbait kontatu behar du, ahal den neurrian. Gainera, beste gauza asko hartu behar duzu kontuan. Hilabete askotako lana da, konplexua, baina oso polita. Nire lana izugarri maite dut.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Musikak.
Eta zerk tristatu? Mundua nola dagoen ikusteak.
Zerk eragiten dizu barrea? Paulek (Urkijo).
Eta negarra? Mundua nola dagoen ikusteak.
Zerk haserretzen zaitu? Injustiziek.
Bizio bat: Etxetik kanpo jatea.
Plazer txiki bat: Jaki gozoak.
Plazer handi bat: Bidaiatzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Abeslaria.
Eta orain zer ez zenuke izan nahi? Herrialdeak inbaditzen dituen genozida bat.
Jantzi-diseinatzaile bat? Eiko Ishioka, ikaragarria da.
Film bat? Zaila, asko baitaude. The Fifth Element.
1. Oharkabean: inadvertidamente (es), par inadvertance (fr).
2. Lagin: muestra (es), échantillon (fr).
3. Ehundura: testura.
4. Buruko: tocado (es), coiffe (fr).
5. Garaiko: de época (es), d’époque (fr).
6. Zedarritu: mugatu, mugak jarri.
