ABRA Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen egungo presidentea da Itxaso Compañon (Lantziego, 1984). Ikus-entzunezkoen arloan hasi zen arren, ezbehar batzuen ondorioz norabidea aldatu zuen. 2010etik, gertukoen laguntzarekin, familiaren mahastien eta upategiaren ardura du: El Mozo Wines, aitonaren eta aitaren ezinenen omenez. Lantziegoko lehen andereñoaren alaba da, eta euskara mahatsondoetara ere eraman du. Jon Rejado.
ABRAren presidentea izateak uzta garaia baldintzatu al dizu?
Telefono dei ugari jaso ditut azkenaldian, baina uzta garaian bodegari lehentasuna eman diot.
Zuen upategian uzta luzatu egiten da. Mahatsa jaso eta gero zelaira joaten zarete, fruitu gehiagoren bila…
Arroniz barietateko olibondo zaharrak ditugu, baita gazteagoak ere; horiekin, La Abubilla izeneko olioa egiten dugu. Erroizen egiten dugu hori, Lantziegon dagoen oliba errotan.
Zu, ABRAren presidentea; Ines Baigorri, zuzendaria... Upategien munduan gizonak gehiago diren ideia baztertzen hasi behar dugu edo goiz da?
Upategietan, oso normalizatua dago emakumeak erabakiak hartzen ikustea. Mahastietan ere gero eta emakume gehiago daude, baina alde handiagoa egon daiteke bertan.
Zein dira, une honetan, ABRAren erronka nagusiak?
Asko: upategi txikiei laguntzea, enpresen itxierak galaraztea, ingurunea ezagutzera ematea, elkarte batua izatea…
Pandemiak ezberdin eragin die upategi txikiei?
Bai, noski. Ostalaritzari zuzenean salmentak egiten zizkioten upategietan kalte gogorragoak sumatu ditugu, besteak beste. Kalteak handiak izan dira, halaber, ezer esportatzen ez zuten enpresetan, edota fakturak kobratu gabe geratu direnetan. Gainera, normalean, upategi txikietako ardoak ezin dira supermerkatuetan aurkitu.
Arabako Errioxa ezagutarazteko beharraz mintzatu zara. Urrunera begira egin behar da hori edo gertuagotik hastea komeni?
Ingurunea ezagutzera eman behar da, bai gurean bai atzerrian. Kanpoan gure ardoari balioa eman diezaioten, gure herrian balioetsi beharko gaituzte.
Paisaia, behintzat, edonon erakusteko modukoa da.
Gure paisaiari balio handiagoa eman beharko genioke. Egunero ikusten dugunez, batzuetan ez dugu besteek bezainbeste balioesten. Halere, gero eta gehiago zaintzen eta aintzat hartzen da ingurumena.
Arabako Errioxako hainbat upategik beren nortasuna aldarrikatu nahi dute, beren sor marka edukita. Zergatik sortu du horrek ezinegona?
Enpresa pribatuak gara, eta nork bere enpresaren etorkizunari begira egiten du lan, beti ere ekonomikoki onuragarriak izango diren proiektu eta ideiak aurrera eramanez.
Txikitasunean indarra jarriz, handia egin al daiteke?
Oso handiak gara; gure lurretatik jasotzen dugu uzta, eta munduko ardorik onenak egiten ditugu. Txikia izatea tamaina kontua da, besterik ez; gure indargunea kalitatea da, eta neurtu ezin daitekeen kalitatezko ardoak egiten ditugu ABRAn.
Kalitatea lortzeko, zer leku behar dute berrikuntzak eta tradizioak?
Tradiziotik ikasi dugu, eta berrikuntza guztiak gehituz ikasten ari gara. Batak ez du zentzurik bestea gabe.
Euskarak zer ekarpen egin diezaioke ardoari?
Euskara gure herriko hizkuntza da, eta ABRAko ardoak gure herriko ardoak dira. Elkarrekin lan egitea onuragarria izango litzateke bientzat.
Azken urteetan, aldatu al da euskararen presentzia?
Bai, noski, eta hobera, gainera. Polita da euskara gero eta leku gehiagotan dagoela ikustea.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Iratzargailurik gabe esnatzeak.
Eta tristatu? Frustrazioak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txiste txarrek.
Eta negarra? Haserreak.
Zerk haserrearazten zaitu? Injustiziak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Gauza gutxik.
Bizio bat? Bazkaldu eta gero txokolate pusketa.
Plazer txiki bat? Isiltasuna.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Ez dut gogoratzen.
Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Ez diot ezeri ezetz esango, nork daki etorkizunak zer ekarriko duen…
Mahastiak ikusteko urtaro bat? Urriaren bukaera.
Ardo beltza, gorria ala zuria? Denak, orduaren edo konpainiaren arabera.
Kopa edo edalontzia? Kopa, baina edalontzia ere bai, koparik ez badago.
Ardoarekin egin beharko ez litzatekeen akats bat? Dastatzea baino ez, edan ere egin behar da.