Saioa Alkaiza Guallar
Bertsolaria

2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Alkaiza Iruñerriko bertsolariak (1991). Iazkoa urte ona izan zuen: Iruñeko II. Bertsopaper Lehiaketan ere nagusitu zen, eta hiri bereko egile berrientzako euskarazko literatur lehiaketan 1. eta 2. sariak jaso zituen, narrazioan eta poesian, hurrenez hurren. Kazetaritza ikasketak egina, hainbat hedabidetan lan egin du. Egun, bertso irakaslea da Nafarroako Bertso Elkartean. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.

Finala lehen aldiz jokatu eta txapela burura. Espero al zenuen?
Banekien bertso maila onean nintzela. Bertso eskolan, ongi ikusten nuen neure burua, eta lasai nintzen. Uste dut lasaitasunak asko lagundu zidala. Zeure buruari helburu handi bat jartzen badiozu, agian helburua bera zama bilakatzen zaizu. Banuen Txapelketa Nagusirako sailkatzeko helburua (Nafarroako lehenengo 5ak sartzen dira), saio ona eginda emaitza ona lor nezakeela ikusten nuen, baina ez dakit txapelarekin amesten ote nuen. Ez bereziki, egia esan.

Irakasle izan zenuen Estitxu Arozenak jarri zizun txapela. Horrek bereziago egin zuen?
Bai. Estitxu Arozena pertsona oso berezia da Nafarroako bertsogintzan, Bertsozale Elkartean aurreneko irakasleetako bat izan zelako. Niretzat berezia izan zen irakasle izan nuelako, baina esanen nuke finaleko edozeinek hartuko zuela poz berezia, han geunden gehienon irakaslea izan delako eta ia denon bertso ibilbidean garrantzi handiko pertsona izan delako.
Agurrean, euskara, guraso erdaldunak, langileen auzoak, LGTBIQ+ kolektiboa... izan zenituen gogoan. Hauxe esan zenuen: “Mundua ederragoa da hurbilduz bazterrera”. Pixkanaka, mundua edertzen ari al da?
Ez dakit ederragoa ote den mundua, baina uste dut borroka egiteko orduan inportantea dela ikuspegia zabaltzea eta orotariko subjektuak kontuan hartzea. Azken batean, beste bazter batzuk aintzat hartzea eta haiekin batera bestelako mundua irudikatzea. Horri egin nahi izan nion erreferentzia.
Euskarak Nafarroan utziko al dio noizbait baztertua izateari?
Baietz pentsatu nahi nuke. Euskararen jakintza zabaldu egin da, gehiago hitz egiten da, hori hala da. Eskoletan, azken 15 urteotan, D ereduak gora egin du, nahiz eta izan dituen gorabeherak. Badago euskaraz gauzak egin behar direlako kontzientzia, euskara ez delakoa soilik tresna, baizik eta gauzak egiteko bitartekoa. Baina, zonaldearen arabera, euskararen defentsa da oraindik ere helburua. Noizbait egoerak hobera eginen du, baina horretarako zonifikazioarekin amaitu beharko genuke lehenik eta behin. Bestalde, uste dut herri mugimenduek eta urteetako lanak fruituak eman dituztela. Badago joera positiboa, baina globalizazio garai hauetan ez da erraza.

Euskal Herriko Txapelketa izango da aurten. Dagoeneko buruan duzu?
Ez bereziki. Bideaz gozatu nahi nuke, saioz saio. Buruan daukat beste txapelketa bat tokatzen dela, eta badakit nire onena ematen saiatuko naizela, lagunekin batera entrenatuko naizela, baina ez bakarrik txapelketarako, baizik eta egunerokoan bertsoaz gozatzeko, saiatzeko... Zentzu horretan, badut buruan, baina ez da presioa, oraingoz. Bestalde, jendeak esaten dit orain nabaritzen ahal dudala txapelduna izatearen zama, ardura... Niri gauza horiek ez zaizkit batere interesatzen. Txapeldunaren irudia, sinbolikoki daukan pisua, ez dut nire gain hartu nahi; ez dut txapela zementuzkoa izatea nahi. Egun bateko zerbaiten adierazgarria izatea nahi dut, baina oraindik ere sorkuntzaz gozatu nahiko nuke, eta horretan dihardut. Gozatzeari uzten diodan egunean utziko dut hau, zalantzarik gabe.

Bertso irakaslea zara bertso eskolan eta hezkuntza arautuan. Osasuntsu al dago bertsolaritza Nafarroan?
Zaila da esaten. Uste dut azken 10 urteotan hazi egin dela, bai maila bai jende aldetik... Oro har, oso osasuntsu egon da, baina pandemiak eragina izan du gugan ere. Nafarroan, bertsolaritza gaztetu egin da; txapelketari erreparatuta, nahiko argia da. Generoari dagokionez, ez da parekidea, nahiz eta gero eta emakume gehiago izan plazan, eta hori inportantea da. Gero eta eskualde gehiagotako bertsolariak gaude, geografikoki zabaldu egin da... Badaude ardatz on batzuk, baina pandemia dela kausa, bertso eskolen azken bi urteak ez dira munduko onenak izan. Hortxe gabiltza, saiatzen, eusten eta eraikitzen.

 

Di-da batean

Zerk alaitzen dizu eguna? Maite dudan jendearekin egoteak.
Eta tristatu? Estresak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunek.
Eta negarra? Albisteek.
Bizio bat? Kafea.
Plazer txiki bat? Gozoa jatea.
Plazer handi bat? Mendira joatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Kazetaria, idazlea edo bertsolaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Polizia, logikoki; eta ez nuke eduki nahi bizitzeko denborarik uzten ez didan lanbiderik. Ez nioke nire bizitza lanari eskaini nahi.
Txapelketak ala plazak? Plazak.
Plaza bat? Publikoa jasotzeko gogoz dagoen hori; ez zait inporta non, jendea gogotsu badago, nahikoa da.
Bertsolari bat? Beretik edo propiotik daukan edozein, edo bere ukitu pertsonala uzten duen edozein.

 


Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.