Miren Nogales
Aktorea eta aurkezlea
Madrilen (Espainia) aktore ikasketak egina, azkenaldian aurkezle lanean dabil bete-betean Nogales (Zestoa, 1991). ETB1en bi saiotan ikus dezakegu egun. Mikel Pagadizabal Pagadirekin batera herri txikiak bisitatzen hirugarren denboraldia du Herri txiki, infernu handi ezagunean, eta Gora bihotzak! ere aurkezten du Julen Telleriarekin batera. Aktore lanean ere ikusi ahal izan dugu lehendik, Pikuak websailean, esaterako. Eñaut Mitxelena. Argazkia: EITB.
Gustura Herri txikin?
Oso-oso gustura. Gero eta lasaiago, gero eta konfiantza handiagoz, gero eta askeago, eta oso gustura.
Herri txiki, infernu handi. Saioak erakutsi dizuna gogoan, betetzen al da esaera?
Kar-kar! Herri guztietan oso-oso ondo hartzen gaituzte, eta gauzarik politenak erakusten dizkigute. Beraz, ez. Ni orain herri handi batean bizi naiz, baina zestoarra naiz. Herri txikia da, oso ederra, baina egia da herri txikietan, denok ezagunak garenez, gauza onak oso onak izaten direla eta gauza txarrak, igual, handitu edo egiten direla.
“Infernuan” umorea darabilzue, baina ez umore gaiztoa, ezta?
Umorea egiten dugu, baina ez gaiztoa. Herri txikietako jendearen bizimodua erakusten dugu, aurkezleonak ez diren hainbat errutina, eta gu horrelako egoeretan ikusteak komedia pixka bat sortzen du. Adibidez, ni baserrian edo animaliekin ikustea, halako kontuetan desastre hutsa naizelako. Bestalde, gurekin egoten diren pertsonak oso komedianteak dira, eta denek daukate zer edo zer azaltzeko. Nik uste Herri txiki-k horregatik duela arrakasta: ez dugu inor barregarri uzten. Izan ere, barre egitearen eta barre eginaraztearen arteko marra fina da. Halere, lantalde osoak argi dugu: kontua ez da jendea barregarri uztea, baizik eta gu haren egunerokotasunean ikustea.
Hamar urte bete ditu saioak eta datu onak ematen jarraitzen du. Zein da sekretua?
Nire ustez, naturaltasuna eta egunerokotasuna, eta jendearen benetako bizitza erakusten dela, herri txikietako benetako bizimodua. Hala, jendeak nahiko islatua ikusten du bere burua. Egunerokoan, denok dauzkagu gure bitxitasunak eta gauza arraroak. Hori erakusteak lotsa ematen dio jendeari askotan, baina besteengan ikusteak sentiarazten die ez direla halakoak dituzten bakarrak.
Herri txiki, Gora bihotzak!... Bat-batean, ETB1eko aurpegi ezagunenetakoa bilakatu zara.
Bai, bat-batean. Niretzat kristoren sorpresa izan da. Sorpresa, eta aldaketa handia nire egunerokotasunean. Lehenengo, Herri txiki-n hasi nintzen, hor jada oso gustura. Gero, Gora bihotzak!-en aurkezle izateko castingera joateko deitu zidaten. Egin nuen, ez nuen pentsatzen berehala hartuko nindutenik, baina hala izan zen. Julenekin oso gustura aritu naiz; udan, Txurrurekin (Egoitz Txurruka) ere oso ondo. Izugarrizko suertea edukitzen ari naiz, eta espero dut horrela jarraitzea.
Orain esne-mamitan zaude, baina makina bat lan egina zara: zerbitzari, dendari, “depresioak jotako animatzaile”...
Bai, denetik egin dut. Telebistan hasi aurretik, animatzaile ibili nintzen Zestoako bainuetxeko hotelean, Imsersoko jendearekin, jubilatuekin. Garai hartan oso gaizki nengoenez, horregatik esaten nuen “depresioak jotako animatzailea” nintzela. Azken batean, zaila da gaizki egonda lanera joatea: negar pixka bat egin, aurpegi ona jarri eta besteak animatu behar. Orain konturatu naiz haiek lagundu zidatela niri, terapia izan zela niretzat. Zeren eta lanera joateak, aurpegi ona jartzeak eta jendea animatu beharrak une txar hartatik irteten lagundu zidan, derrigor atera eta besteentzat ongi egon behar nuelako. Haiek bazekiten zein egoeratan nengoen eta, jende heldua izanda, beren esperientziatik asko erakutsi zidaten.
Telebistak uzten al dizu aktore lanetan aritzen?
Denbora dezente kentzen dit. Herri txiki-n, astero bi herri grabatzen ditugu, lan handia da. Gainera Gora bihotzak!en ere banagoenez, azken bi urte hauek oso kañeroak izan dira. Badaukat aktore sena berriz ateratzeko gogoa, haren falta igartzen dut. Telebista eta aktore jarduna oso-oso ezberdinak dira. Azken finean, aurkezle lanean Miren naiz, eta aktore lanean beste pertsonaia batzuk. Hortaz, bai, gustatuko litzaidake alde horretatik zer edo zer egitea berriz ere. Agian, hemendik aurrera hasiko naiz zerbait egiten...
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Eguzkiak.
Eta tristatu? Euriak eta haizeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagunarteak.
Eta negarra? Edozer gauzak, oso sentibera naiz.
Zerk haserrearazten zaitu? Arrazoia ez edukitzeak eta injustiziak, asko.
Bizio bat? Lo egitea.
Plazer txiki bat? Jatea.
Plazer handi bat? Maite dudan jendearekin egoteko denbora edukitzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Aktorea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Gauzak nola dauden ikusita, gauza asko.
Aktore bat? Hiru: Meryl Streep, Carmen Machi eta Aitziber Garmendia.
Aurkezle bat? Orain asko gustatzen ari zait Marc Giró. Eta, nola ez, Pagadi eta Julen Telleria. Eta ni neu, kar-kar!
Pelikula bat? Inception. Maiteminduta nago pelikula horrekin.
Telesail bat? Prison Break ikusten ari naiz berriro.
Bizitzeko, herri txikia ala hiria? Ufa! Oraintxe bertan, hiria. Gero, erretiroa hartutakoan edo familia edukitakoan, seguruenik herria.