“Komedia gauzak kontatzeko oso modu efizientea da”
Xanti Agirrezabala
Aktore eta sortzailea
Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan ikasia, “aktorea zentzu zabalean” da Agirrezabala (Azpeitia, 1997): “antzezteaz gain, gauza asko egiten ditut aktore izateko”. Hain zuzen, Erika Olaizolarekin batera, Kaka antzezlana sortu du, II. Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako Beka irabazi duena. Horrez gain, berak sorturiko Satiro antzezlana eskaintzen dabil, Kamikaz kolektiboaren Renata lanean ere bai, Piztiak telesailean aktore... Eñaut Mitxelena. Argazkia: Iker Gozategi.
Kaka obratzear1 duzue. Nola dator mokordoa?
Hortxe... Digestioa egiten denbora asko darama, eta ea azaroaren 19rako kaka botatzen dugun...
Zer kontatuko digu Kakak?
Herriko plazan kaka mokordo bat agertu da, inork ez daki ez nork egin duen ez nondik datorren, eta antzezlan osoa horren inguruko ikerketa izango da. Thriller komedia da, endredozkoa. Herri horretako lau pertsonaia kaka horren bueltan ibiliko dira.
Horrek guztiak zeri buruz hitz egiteko balioko du? Ez da dibertimendu hutsa izango...
Lau pertsonaia mokordo horren bueltan egoteak haien kakak ere azaleratzen ditu, nolabait. Hasiera batean, erraz identifikatzen diren lau pertsona arketipiko ikusiko ditu ikusleak, baina obra aurrera joan ahala haien arteko benetako loturak ikusiko ditugu. Hori aitzakiatzat2 hartuta, hainbat gairi buruz hitz egingo da, hainbat kakari buruz: digeritu eta bota beharreko gauzei buruz.
Jendeari gauzak kontatzeko, txorakeria da bidea?
Hori da. Lan hau Erika Olaizolak eta biok ekoitzi eta zuzendu dugu. Azken urteotan, komedia, txorakeria, ikertzen ari gara. Gure ustez, gauzak kontatzeko oso modu efizientea da. Komedia nolabaiteko ezkutuko arma da hausnarketarako3 gaiak modu dibertigarri eta arinean helarazteko. Horretarako, gogoeta ugari eta ordu piloko lana egoten da atzean. Horregatik, nire ustez, komedia egiteak modu inteligentean lan egitea izan behar du.
Erika Olaizolak eta zuk gehiagotan egin duzue lan elkarrekin: Renata-n, Irabazi arte-n aktore zuzendari... Sormen faktoria osatzen duzue?
Azpeitiarrak gara biok, eta interes oso antzekoak dauzkagu. Oso sortzaileak gara, halaber, ez gara interprete hutsak izatera mugatzen, eta geure harrikadak sortzeko babesgune ona daukagu elkarrekin. Lokazti4 handietan sartzen gara, zerua eta lurra mugitzen ditugu gure proiektuak aurrera atera ahal izateko, eta lortzen dugu. Sortzaile eta lankide gisa oso ongi orekatzen dugu elkar, eta bidea lantzeko modu bat sortu dugu elkarrekin.
Badon lanean parte hartu zenuen, I. Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako Beka irabazi zuen hartan. Bigarrena, irabazi egin duzu. Baduzu zerbait beka horrekin...
Bada, bai. Lehena kasualitatez gertatu zen. Ines Osinagak eta konpainiak irabazi zuten, hasieran ni ez nengoen proiektuan, ondoren sartu nintzen aktore. Hala suertatu zen.
Hurrengoan, epaimahaikide jarri beharko zaituzte.
Jokatuko nuke rol hori ere! Beka aukera ikaragarria da. Ekonomikoki ez ezik, nolabaiteko babesa ere ematen dizulako, batez ere salmentari dagokionez. Korrika Kulturalean estreinatzea eta haren bidez probintzia guztietan emanaldiak egiteko aukera edukitzea sekulakoa da. Zeren eta askotan, gure arazo handiena ez baita izaten sortzea, baizik eta gero saltzea eta zabaltzea, eta horretan AEKren babesa izatea izugarria da.
Galtzak bete lan zabiltza. Une gozoan zaude?
Bai. Deskantsurako segundorik ez dago. Oso garai oparo eta gozagarria izaten ari da, baina lan askokoa. Hurrengo lanetan ere pentsatzen hasi naiz, lanbide hau halakoa delako: bat bukatzerako bestea hasi. Tarzan lianetan ibiltzen zen bezala, batetik bestera, behera gehiegi begiratu gabe.
Azpeitian egiten dira euskarazko antzerki topaketa garrantzitsuenak. Horrek izan al du eraginik aktore izateko zure hautuan⁵?
Baietz esango nuke. Urtean hilabetez astebururo antzerki eskaintza izatea... antzerkigintzan ibiltzen ginen lagun kuadrilla antzezlan den-denak ikustera joaten ginen. Nerabezaroa topaketa horien bueltan eman dugu, antzerkiaz gozatzen. Eta, ondoren, ikusle izatetik oholtzan aritzera igarotzea... Beharbada, profesionalki egin ditudan lan guztiek eduki dute lekua topaketetan. Niretzat oso ekimen berezia da, kariño handi-handia diot. Aurten pozik nago, Renata eta Kaka, bi lanak eskainiko ditugulako.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Bazkari ederra egingo dudala jakiteak.
Eta tristatu? Albiste txar bat jasotzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Lagun artean txoro haizeaz6 txorakeriak egiten egoteak.
Eta negarra? Oso gutxi egitekoa naiz, baina ezintasunak.
Zerk haserrearazten zaitu? Kalean noala armiarma sare bat jateak.
Bizio bat: Gaseosa.
Plazer txiki bat? Igandeetan gominolak jatea.
Eta sekulako plazer bat? Uretan ibiltzea.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Pailazoa.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Ez naizena.
Aktore bat: Kontxu Odriozola.
Oholtza, pantaila handia ala txikia? Oholtza. Txikia ere bai, eta handiarekin ez dut maitemintzeko hainbeste aukerarik izan.
Zein rol edo pertsonaia egingo zenuke gustura? Pertsonaia ziniko eta sarkastiko bat.
+Kakaren estreinaldirako, “zorte on!” ala “kaka zaharra!”? Kaka zaharra!
1. Obratu: libratu, askatu.
2. Aitzakia: excusa (es), excuse (fr).
3. Hausnarketa: reflexión (es), réflexion (fr).
4. Lokazti: lodazal (es), bourbier (fr).
5. Hautu: elección (es), choix (fr).
6. Txoro haize: txantxak egitera bultzatzen duen gogo.
