“Etorkizunean, arreta pertsonala eta pertsonen arteko lotura luxua izango da”

Beñat Erezuma
Irakaslea eta dibulgatzailea
Ingeniaria da ikasketaz Erezuma (Getxo, 1981), eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea lanbidez. Teknologian eta digitalizazioan espezializatua, kazetaritza maite du, eta dibulgazio-lan handia egiten du. Batetik, teknologiaren eta euskararen inguruko proiektu-mordoa garatuz: Euskara Satorra euskara ikasteko kanala, Hiztegi bat... Bestetik, ikastaro, artikulu eta kolaborazioen bidez. Denak https://berezuma.com/ webgunean biltzen ditu. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Proiektu pila garatu duzu. Ordenagailuak bezala, zu beti prozesatzen?
Bai. Asperduratik sortzen zaizkit ideiak; garrantzitsua da aspertzea. Ondoren, ideia batzuek aurrera egiten dute eta beste batzuk ez hainbeste; batzuek konektatzen dute jendearekin, beste batzuek ez. Pertsona batzuek makramea egiten dute, beste batzuek triatloiak prestatzen dituzte, eta nik nire frikikadak egiten ditut.
AA, aukera ala arriskua?
Biak, argi eta garbi. Arriskuetako bat, arrisku itzela, zibersegurtasuna da. Aldi berean, AA aukera izugarria da. Esate baterako, medikuntzan: gaur egun profesionalek baino azkarrago detektatzen du bularreko minbizia. Halako erabilerek bizitzak salbatzen dituzte, ez gara tontakeriez hizketan ari. Adimen artifiziala hain esparru zabala denez, erabilera zehatz batzuen aurka egon zaitezke, baina esparru osoaren aurka egoteak ez dauka zentzurik.
Datu hutsak gara algoritmo artean?
Bai, baina guztiaren atzean pertsonak egon beharko dira nahitaez, eta etorkizunean hori izango da inportanteena, benetan ordainduko dena: zure alboan pertsona bat egotea, zu laguntzen, zu artatzen⁴. Zeren beste guztia robot batek egingo baitu: etxea garbitu, lorategia txukundu... Gu pertsonak gara, izaki sozialak, ezin gara bakardadean bizi. Beraz, arreta pertsonala eta pertsonen arteko lotura, patxadaz hitz egitera eta komunikatzera bueltatzea, luxua izango da.

DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Alabek.
Eta tristatu? Espero ez duzun dei batek.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza surrealistek.
Eta negarra? Milan Kunderaren Izakiaren arintasun5 jasanezina nobela gogoan, horretaz jabetzea: hau amaitzera doa.
Zerk haserrarazten zaitu? Inguruko injustizia txikiek.
Bizio bat: YouTube.
Plazer txiki bat? Goxokiak.
Plazer handi bat? Surfa.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Gazta-ekoizlea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Ez dakit!
Tresna edo aplikazio bat: Claude adimen artifiziala.
Zer aplikazio ezabatuko zenuke bihar bertan? Deepfake egiteko balio dutenak.
Sakelakoa ahaztuz gero... Segi aurrera!
1. Atarramentu: probetxu, etekin.
2. Puri-purian (egon): denen ahotan, bizi-bizi.
3. Barik: gabe.
4. Artatu: arreta eman, lagundu, zaindu.
5. Arintasun: levedad (es), légèreté (fr).
