“Harri jasotzean komunitate moduko bat dugu, eta horrek asko erakartzen nau”

Patricia Martin
Harri jasotzailea
Zirujau plastikoa eta Gurutzetako Ospitaleko Erreduren1 Unitateko arduraduna, urrian Euskal Herriko Harri Jasotze Txapelketa irabazi zuen Martinek (Ferrol, Galizia, 1985), ezustean2. 2024ko Bizkaiko txapelduna ere bada. Urte askoan boleibolean aritu ondoren, indarrezko kiroletan dihardu3. Besteak beste, ergometroan Europako txapelduna izan da. Getxoko Ogikiñe Harri Eskolan entrenatzen da. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Foku.
Nolatan hasi zinen harriak jasotzen?
Senarraren bitartez. Hobe esanda, senarraren erruz. Donostiarra, indarrezko kiroletan aritzen da. Ogikiñe eskola ezagutu zuen eta han hasi zen. Ongi ezagutzen nauenez, joatea proposatu zidan, gustatuko zitzaidala esanez. 2021eko abuztuan hasi, eta azaroan Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko “engainatu” ninduten.
Zerk erakarri zintuen harri jasotzetik?
Batetik, kirol guztiek eskaintzen duten aukerak, nork bere mugak gainditzeko: markak hautsi eta... Gainera, nire gorputzaren ezaugarriengatik, indarrezko kirolak, ongi egokitzen zaizkit. Bestetik, giroak: entrenamenduetan, plazan... jendearekin elkartzea eta jende berria ezagutzea oso gustuko dut. Beti aritu izan naiz talde kirolean; eta hemen komunitate moduko bat dugu, horrek asko erakartzen nau.
Galiziarra eta zirujaua. Harridura sortuko zenuen herri kirolen munduan.
Bai. Egia esan, hasieran, deigarria da. Lehenik, batez bestekoa baino altuagoa naizelako: normalean, harri jasotzailea sendoagoa irudikatzen dugu, ez hain altua. Bestalde, herri kirolen munduan euskaraz hitz egin ohi da, eta nik hasieran ez nuen ezer ulertzen. Gauza solteak eta, gero pixkanaka-pixkanaka gero eta gehiago. Hasieran, arraro sentitzen nintzen, atentzioa emango banu bezala, baina zentzu onean: jakin-mina4 sortzen nuen, ez gutxiespena5.
DI-DA BATEAN
Zerk alaitzen dizu eguna? Montxo nire txakurrak.
Eta tristatu? Iratzargailuak9 jotzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Ia edozer gauzak.
Eta negarra? Maite ditudanei min egiteak.
Zerk haserrearazten zaitu? Norbaitek gauzak ongi ez egiteak, jakinda ez dela ondo egiten ari.
Bizio bat: Garagardoa.
Plazer txiki bat: Senarrarekin tabernara jaitsi eta zerbait hartzea.
Sekulako plazer bat: Familia bazkari ederra.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Forentsea.
Kirol bat: Boleibola.
Harri jasotzaile bat: Idoia Etxeberria.
Zein harri duzu gustukoen? 63 kiloko kuboa.
1. Erredura: quemadura (es), brûlure (fr).
2. Ezustean: espero gabe.
3. Dihardu: aritzen da, egiten du.
4. Jakin-min: kuriositate, jakingura.
5. Gutxiespen: rechazo (es), rejet (fr).
6. Adarra jo: tomar el pelo (es), se moquer de (fr).
7. Baba: ampolla (es), cal (fr).
8. Esku ahur: palma de la mano (es), paume de la main (fr).
9. Iratzargailu: despertador (es), réveil (fr).
