Zuzendaria: Kenneth Branagh. Gidoia: Kenneth Branagh. Aktoreak: Jude Hill, Caitriona Balfe, Jamie Dornan, Judi Dench, Ciarán Hinds. Erresuma Batua, 2021.

Istorioa: Belfast, Ipar Irlanda, 60ko hamarraldiaren amaiera. Ipar Irlandako gatazka lehertzear da, beste indarkeria aro bat hastear. Buddy txikia langile auzo batean bizi da, amarekin eta anaia zaharrarekin batera. Aitak Ingalaterran lan egiten du, eta tarteka etorri ohi da. Buddyren familia protestantea da, baina ongi moldatzen dira auzoko katolikoekin. Ez, ordea, erasoak ugaritzen ari diren muturreko unionistekin. Giro nahasi eta gatazkatsuan, Buddyk baditu interes eta kezka gehiago ere: aitona-amonak, gustuko neska, zinema...

Sariak: Jaso ditzakeenak. Izan ere, Oscar sarietako hautagai nagusietakoa da lana, orotara zazpi izendapen jaso baititu; besteak beste, film eta zuzendari onenarenak. Beste horrenbeste izendapen ditu Urrezko Globoetan; sei, BAFTA sarietan...

Onena: Belfasten bizi izan zuen haurtzaroari samurtasunez heldu dio Branaghek, bere familiari eta garai zail hura bizi eta jasan zuten herritarrei txeraz begiratuta. Indarkeria etengabe hazten ari zela, giro gaiztotua ezagutu eta bizi arren, maitasunez inguratuta hazi eta heziko da Buddy. Testuinguru gogor eta ilunean, itxaropenak, pozak, umoreak eta argiak ere badute tokia. Hala, zuri-beltz esanguratsuan, kontakizun atsegina eskaintzen digu filmak, Van Morrison Belfasteko lehoiaren doinuz eta keinu zinemazalez zipriztinduta, eta aktoreen lan apartak lagunduta.

Txarrena: Gatazkaren gordinari istorioaren alde samurra gailenduta, haurrei ematen zaien txitxia nola, errazegi irensten da.

 

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.