ENEKO ETA IKER POU (Gasteiz, 1974 eta 1977) anaiek ez dute aurkezpen handirik behar. Lau Elementuak egitasmoa burututa, udaberrirako liburua eta dokumentala prestatzen harrapatu ditugu eskalatzaileak, joan-etorri batzuk tarteko, jaioterriko berdegune lauetan. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Bost urte iraun duen proiektua amaituta, orain zer?
Iker: Hiru urtean egiteko asmoa geneukan, baina pandemia etorri zen. Halere, bukatu dugu, eta hori da garrantzitsuena. Orain, ideia da udaberrirako liburua eta dokumentala ateratzea, ea lortzen dugun. Espero dezagun baietz...
Eneko: Liburua eta dokumentala formatu zaharrak dira sare sozialen garaian, baina guri asko gustatzen zaigu irakurtzea. Gainera, geuk egingo dugu, lehenengo liburua bezala, eta horrek meritua dauka, jada jende gutxik egiten duelako. Gure kontuak geuk egitea gustatzen zaigu, mendian ibiltzen garen bezala, sherparik gabe. Irudietako asko geuk grabatuak dira, eta dokumentalaren muntaketa geure kamerari Jordi Cañigueralekin egingo dugu, hiruron artean.
Erabaki duzue zein izango den hurrengo egitasmoa?
E: Ez da erraza, denbora behar da. Gure ezaugarri nagusia gauzak asmatzea da. Jende asko joaten da zortzimilakoetara, duela urte asko irekitako bideetatik. Guk mendi “anormalak” bilatzen ditugu, bideak irekitzeko. Irudimen handia behar da, eta orain hausnarketa une horretan gaude. Ez da berdina, baina artearekin alderatzen dugu batzuetan: Van Gogh eta Picasso bakarrak izan ziren sekulako obrak egiten, baina badago lan original horiek bikain kopiatzeko gai den jendea. Hau da, badago zuk egiten duzuna kopia dezakeen jendea, baina zuk egiten duzuna egitea askoz zailagoa da.
Finantziazioa ere zuek bilatzen duzue?
I: Bai, eta Cañigueralek ere laguntzen digu. Den-dena egitea ez da erraza, eskalatzea baino askoz zailagoa da. Hori da gustatzen ez zaigun zatia.
E: Kirolari hutsak bagina, entrenatzea bakarrik izango litzateke, gainerakoa beste baten esku utzita, baina gure munduan ez da hori gertatzen. Batetik, txarra da, kirol jardunari denbora kentzen diolako, baina maila pertsonalean askoz interesgarriagoa bihurtzen zara, gauza asko egiten dakizulako. Horrek pertsona gisa ere hezten gaitu.
Goi mailako kirolariak izan arren, babesleak bilatzea eta eskaladatik bizitzea ez da erraza izango...
I: Ez, 20 urte daramagu maila profesionalean eta ez da erraza mantentzea. Orain helduagoak gara, esperientzia gehiago daukagu, agian gauza politagoak egin ditzakegu, baina jendearentzat zaharrak gara, jendeak beti nahi ditu gauza eta aurpegi berriak ikusi. Originala izan behar duzu, gauza berriak egin... Halere, gure motibazioa mendia da eta ez dugu lan moduan ikusten, gure afizioa ere badelako, biak tartekatzen dira.
E: Mendian gero eta diru gehiago mugitzen da, baina markek ez dute mendizaleekin partekatzen. Guk ez dugu inolako interesik aberatsak izateko, guk mendira joan nahi dugu. Gure mailako txirrindulari batek 4-6 milioi euro irabaziko ditu egun. Futbolariak, askoz gehiago. Mendizalea ez da ailegatzen, kasu gehienetan, exekutiboaren soldatara, eta enpresetan exekutibo asko daude. Gure bizimodua ez dabil diruaren inguruan, baina behar dugu laguntza hori, espedizio batzuk oso-oso garestiak direlako. Artikora, Antartikara edo Himalaiara joatea dirutza da.
Babesleek gero eta erronka zailagoak eskatzen dituzte?
I: Ez, geuk ezartzen ditugu helburuak eta geuk erabakitzen dugu nora joan, baina saiatzen gara proiektua erakargarria izan dadin, babesa lortzeko. Babesleek, oro har, ez dakite gauza handirik. Egitasmoa ondo saltzen badiezu, parte hartzen dute, zer babesten ari diren jakin gabe. Horrelako kasu ugari ikusten dugu eta, mundu hau ezagututa, barregura ere ematen digute.
E: Urteak pasa ahala, bizitza oso azkar doala konturatu gara. Guretzat hau pasioa da, mendiarekiko grina, eta ez daukagu galtzeko denborarik. Hortaz, ez ditugu inoiz salduko gure ustez onak ez diren mendi proiektuak, ez dugu inoiz egin. Bizitza bakarra daukagu eta aprobetxatu egin behar da. Gaur egun, ordea, irudia benetakoa baino askoz garrantzitsuagoa da. Pena da gizartea hortik joatea, baina guk oso argi dugu gauza autentikoak interesatzen zaizkigula.
Nola daramazue istripu larriak izateko arriskua?
I: Lagun piloa ikusi dugu joaten, urtero. Gero eta gogorragoa da urteek aurrera egin ahala, oso hurbiletik ikusten dugulako gurekin eskalatu izan duen jende asko jada ez dagoela hemen. Baliteke horrek buru pixka bat gehiagorekin ibilaraztea, baina beldurrez, ez ginateke joango. Eskalada mugitzen gaituen pasioa da. Badakigu arriskua hor dagoela, baina ez dakigu etxean ezer egin gabe egoten. Hori irakatsi digute, mendian borrokatzea gustatzen zaigu, eta hori da gure bizitzaren motorra.
E: Jendeak askotan pentsatzen du horrela gabiltzanok ez dugula bizitza maite, baina guztiz kontrakoa da. Azken batean, bizimodu hau bizirik sentiarazten gaituelako bilatzen dugu. Ez dago mendian hil nahi duen mendizalerik, baina guztiok hilko gara. Bizitza hasi eta bukatu egiten da, eta norberak aukeratu behar du ibilbide hori nola egin.
Baldintza egokirik ezean, oso zaila da etsitzea helburua lortzear duzunean?
I: Helburutik 50-100 metrora egonda, atzera egin edo jarraitu, hori da erabaki zailena. Jakin egin behar da noiz etsi edo noiz hartu arriskua, horrelako uneetan gertatzen dira istripu gehienak. Burua hotz izan behar duzu, baina oso zaila da. Eta espedizioaren arabera, are zailagoa.
E: Norberaren egoak ere jokatzen du hor. Baita atzean egon daitekeen presioak ere. Profesionala izanik, babesleek agian ez dute presionatuko, baina aurrera ez egiteak kolokan jar dezake hurrengo urteko aurrekontuaren zati handi bat. Gogoratu behar da mendizale baten ibilbidea oso luzea izan daitekeela eta, erronka aurten betetzen ez bada, hurrengo urtean bete daitekeela. Halere, bi hilabeteko espedizioan, adibidez, latza da erabakia hartzea.
Eta baldintza egokien zain, kanpin dendan sartuta, zertan pasatu denbora?
I: Liburu piloa eramaten dugu irakurtzeko, musika entzun, meditatu... Ez gaude ohituta horretara: etxean gaudenean, beti dago gauza ugari egiteko eta oso azkar ibiltzen gara; hortaz, espedizioak urteko lasaitasun tarteak ere badira guretzat. Gogorra da kanpinean egon beharra, baina askotan eskertu egiten dira une horiek erabat deskonektatzeko, nahiz eta batzuetan luzeegiak izan.
E: Errutina ere bilatzen dugu. Goizean ordu jakin batean esnatu, flexio batzuk egin fisikoki mantentzeko, kanpalekuan presarik eta Internetik gabe egon... oso polita da!
I: Eta partxisa, xakea... denetik eramaten dugu, kar-kar!
Adinean aurrera, hitz egiten duzue uzteko momentuaz?
E: Oraingoz, gure B plana da A planarekin jarraitzea. Horretan asko pentsatzen hasiz gero, azkenean burua ez dago egon behar duen lekuan, eta ez dugu hori nahi. Oraindik indartsu ikusten dugu geure burua, motibazio handiarekin. Beraz, jarraitu egingo dugu. Jendea azken 25 urteotan dabil gu jubilatzen, baina zerbait maite baduzu eta horren bila bazoaz, gauzak atera egiten dira.

 

 

“Guk mendi ‘anormalak’ bilatzen ditugu, bideak irekitzeko”
“Markek ez dute mendizaleekin partekatzen mendian mugitzen den dirua”
“Babesleek, oro har, ez dakite gauza handirik, ez dakite zer ari diren babesten”
“Ez ditugu inoiz salduko gure ustez onak ez diren mendi proiektuak”
“Helburua ez lortzeak kolokan jar lezake hurrengo urteko aurrekontuaren zati handi bat”
“Rokodromora joatea gimnasiora joatea bezala da egun”


Tokion eskalada Olinpiar Jokoetan sartzea ez zen zuen gustukoa izan...
I: Rokodromokoa beste modalitate bat da, ez dauka zerikusirik mendiko eskaladarekin, biak eskalada izan arren. Gu ez gara lehiaketatan ibiltzen, eta orain rokodromoetan dabiltzan onenak ia ez dira mendira joaten. Rokodromora joatea gimnasiora joatea bezala da egun. Guri pena pixka bat ematen digu, baina nahi duenak hortxe dauka beste modalitate bat. Txarrena da gazte gehienek horretara jotzea. Beharbada, hobe mendiarentzat, orain jende gutxiago dabilelako bertan, kar-kar!
E: Gure kirolaren arima mendia da. Guk dagoeneko adin bat daukagu, baina mendian oso lan ona egiten ari den jende gazteak ez dauka inongo laguntzarik. Sailkapenak egiten dituzten lehiaketak daudenez, laguntza guztiak horra joango dira.
Alde onen bat ere izango du...
I: Bai, eskalada modan jarri da. Sekulako rokodromoak egiten ari dira, gero eta gazte gehiago hasten da... Olinpiar Jokoek eskalada mapan jarri dute kirol moduan, baina agian Alberto Ginesek irabazi zuelako. Hala izan ez balitz, igual beste zerbaitez ariko ginateke hizketan. Alde horretatik, ona da, baina mendiarekiko asko galtzen da.
E: Lagunduko du eskalada kirol gisara hobetzen, entrenatzaile onak egongo direlako, entrenatzeko plangintzak... Goi mailak dirua dakar, kirolak gorantz egitea, baina rokodromoetan eta lehiaketetan joango da. Ziur mendira ere helduko dela zerbait, baina ez hainbeste, eta oso pixkanaka.

Urrezko Pioleterako hautagaien artean egon zarete, eta ez lehenengo aldiz...
E: Kar-kar! Guk izendapen horiek erabiltzen ditugu jendeak hortxe gaudela uler dezan. Mendian ez dago ez lehiaketarik ez sailkapenik, baina hori da gure alorreko sari nagusia. Hortaz, jendeak bosgarren aldiz proposatu gaituztela irakurtzen badu, maila ona dugula ulertzen du. Nahikoa dugu hori, saria berdin zaigu. Gure saria, azkenean, gustatzen zaigunaz bizitzea da, mendira joatea, espedizioak egitea, emanaldietara etortzen den jendearen maitasuna... Eman izan baligute, primeran! Oso piolet polita edukiko genuke, galdategira eramateko ere, kar-kar!

KOLKOTIK

Euria ari du. Mendira ala rokodromora? Iker: Mendira. Eneko: Biak. Mendian korrika pixka bat egin eta gero rokodromora.
Eskaladak daukan gauza on bat. Iker: Lagunak. Eneko: Naturarekiko harremana.
Eta txarra? Iker: Lehiakortasuna. Eneko: Bai, nire ustez, ere bai.
Gustura eskalatuko zenuketen eraikin ezagun bat. Iker: Guggenheim Museoa, polita da. Eneko: Bai, ados!
Kanpoan egonda, etxeko zeren falta nabaritzen duzue? Iker: Amaren janariarena. Eneko: Bai, eta gurasoekin egotearena.
Eta etxean zaudetenean, kanpoko zerena? Iker: Lasaitasunarena. Eneko: Baita ere, berdin-berdin!
Zerk galarazten dizue loa? Eneko: Estresak, betebeharrek... Batzuetan, gaur egungo gizartea azkarregi doa. Iker: Bai, berdin! Beti daukagu zeregin piloa.
Zerk ematen dizue beldurra? Eneko: Lesio larri bat izan eta mendira joan ezinik geratzeak. Iker: Bai, egiten ari garena egiten jarraitu ezin izateak.
Amorrua? Eneko: Gaur egungo gizarteak hartu duen bideak: askoz garrantzitsuagoa da irudia egiten dena baino. Iker: Jendea gezurretan ibiltzeak, eta gero eta jende gehiago dabil.
Euskara ikasteko arrazoi bat. Eneko: Oso hizkuntza polita da, eta milaka urte ditu. Mantendu egin behar dugu. Iker: Bai, mantendu behar dugu!
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean? Iker: Gero eta helduagoak garela, kar-kar! Eneko: Hori, alde batetik. Eta, bestetik, borrokalari bat.
Iker, nolakoa da Eneko? Bada, asko pentsatzen ditu gauzak, oso ideia onak izaten ditu, eta langilea da.
Eta nolakoa da Iker, Eneko? Ekintzako pertsona. Oso ona egiten dituen gauzetan, jenioa.

 

Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.