Josune Arakistain
Musikaria

Huntza taldeko trikitilaria eta ahotsa da Arakistain (Lastur, 1996). Gaztetatik dabil musika munduan: 2013ko eta 2014ko Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketa irabazi zuen, esaterako. Huntzarekin ibilbide oparoa egin ostean, taldea bere bidea amaitzear da: 2024ko otsailaren 3an emango du azken kontzertua Bilboko Bilbao Arenan. Iaz, Süne sortu zuen, trikitia eta elektronika uztartuta. Biologia ikasketak egina, trikiti irakaslea da Itziarren eta Getarian. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Chroma Estudioa.

Azkena balitz bezala izena jarri diozue azken kontzertuari. Hortaz, agur ala gero arte?
Printzipioz, agurra da. Baina ez dakigu... Horregatik jarri dugu “balitz”, une honetan agurra delako guretzat, baina ateak guztiz itxi gabe, badaezpada.

Erabaki zaila izan al da?
Bai. Zaila izan da hitzetara ekartzea, nahiz eta denok berez sentitzen genuen zerbait izan. Hitzetara ekarri genuenean, denok esan genuen “Bai, geldialdi sakona behar dugu, nork bere bizitzari denbora eskaintzeko, Huntzatik pixka bat deskonektatzeko...”.
Aldapan gora. Nola oroituko duzu abesti hori?
Hasiera bezala. Niretzat, beti izango da nire musika ibilbidean abiapuntu bat. Irteera marra.
Abesti oso arrakastatsu bat izatea, bi ahoko arma?
Guztiz, bai. Alde batetik, oso ongi, pila bat zor diogu abesti horri, hark ekarri gaituelako gauden lekura. Hasierako bultzada, lehenengo abestiarekin halako oihartzuna izatea eta hainbeste jenderengana iristea ez delako erraza. Talde ugarik urte askoan egin duten bidea guk egun gutxian egin genuen abesti batekin. Alde horretatik, asko eman digu. Baina badu beste alde bat ere: presioa dakar. Guk beti aipatzen dugu abestiak ekarri zigun zurrunbiloa: denbora gutxi eduki genuen musikari gisa hazteko; asko ezagutzen gintuzten sei musikari hasiberri ginen... Finean, hurrengo sorkuntza lanetarako presioa, one hit group... eta hori guztia.
Nolatan sortu zenuen Süne?
Gogoa neukalako trikitia elektronikarekin nahasteko. Hori zen lehenengo ilusioa, eta Huntzan ez nion lekurik ikusten. Ideia buruan nuen, baina ez nekien nola atera. Orduan, Süne sortzea eta horrela ateratzea erabaki nuen.
Trikitilarientzat plaza garrantzitsua da Itziar, eta, era berean, musika elektronikoaren erreferentea ere izan zen. Bi tradizioak bizilekuan dituzu. Horrek eragina izan du zuregan?
Guztiz. Itziarren, trikitia beti izan da, eta da, ardatz inportante bat festetan eta oro har; Itziar musika tradizionalari, trikitiari, lotutako herria da. Baina, jakina, Txitxarro ere bagenuen herrian, eta gaztetxean haren eragina nabaria izan da... Nik parrandan hasi nintzenetik entzun izan dut musika elektronikoa, eta seguru nago horregatik naizela haren zalea.

Geldirik egon ezin den pertsona omen zara. Behin Huntza amaituta, Süne nahikoa izango al da zu asetzeko?
Bai. Musikan jarraitzeko asmoa daukat, sorkuntzaren jonkia naizela esan ohi dut. Sentsazio hori daukat azkenaldian, etengabe sortzen ari naizela, ez beharragatik, baizik eta nahi dudalako. Hau da, ez badaukat kantu berririk, ilusio hori faltako balitzait bezala sentitzen naiz, horren jonkia naiz. Oraingoz, behintzat, hori esaten dut, eta hala da. Beraz, nik uste baietz, oraingoz aseko nauela.

Osasun ona al du trikitiak?
Boladaka, nik uste, baina baietz esango nuke. Batez ere, Euskal Herrian, eta, batez ere, esparru jakin batzuetan. Trikiti irakaslea naiz, eta nire ikasle guztiak, bat izan ezik, neskak dira. Hor ikusten dut oztoporik handiena: ikasleen gehiengoa emakumeak ditut, baina gero maila batzuetan ez da hori islatzen, hots, musika profesionalean ez dago ikasleen argazki hori ikusterik.
Oraindik tradizioari oso lotuta dago?
Erabat, bai. Eta lotzen da. Nik uste hori dela trikitiaren handicapik, motxilarik, handiena. Katalogatzen duzun unetik, askoz zailagoa da hortik ateratzea. Trikitia oso geurea iruditzen zaigu, hori dauka polita, euskal herritarron identitatea markatzen duen instrumentua dela. Hori ederra da, baina, aldi berean, zama handia dakar.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Kantu on batek.
Eta tristatu? Kudeatu ezin dudan zerbaitek.
Zerk eragiten dizu barrea? Nire burua egoera deserosoan ikusteak.
Eta negarra? Edozerk, negar errazekoa naiz.
Zerk haserrearazten zaitu? Leku estuek.
Zerk harritzen zaitu? Besteen sorkuntzek.
Bizio bat: Txorizoa.
Plazer txiki bat: Ohean berrogei mila iratzargailu entzuten egotea.
Sekulako plazer bat? Udako egun lasai bat Itziarko kala batean, gero parrillada baserrian...
Mendia ala hondartza? Itziar biak da. Hortaz, labarra, itsasoan eta mendian zaudelako.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Biologoa. Eta banaiz.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Hainbeste gauza!
Musikari bat: Miley Cyrus.
Kontzertu bat: The Baboon Show, Ondarroan.
Plaza bat: Lasturkoa.
Lasturkoa, Itziarkoa ala Debakoa? Normalean, Lasturkoa naizela esaten dut, baina parean dudanak inguru hau ez duela gehiegi ezagutzen ikusten badut, orduan Itziarkoa.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.