heltzear web

Maialen Sorzabalbere
Gidoilari eta umoregilea

Gidoilari, taldean eta bakarka umoregile, aktore, aurkezle, kultur ekintzaile... “Saltsa askotan” ibiltzen da Sorzabalbere (Antigua, Donostia, 1996), ia beti umorea tarteko dela. Egun, gidoilaria da ETB1eko Mihiluze saioan, eta Barrexerka taldearekin jo eta su1 dabil: Patatekin! estreinatu berritan, “oso-oso pozik” da lana izaten ari den harrerarekin. Eñaut Mitxelena. Argazkia: Eba Arratibel.

Zergatik Patatekin!?
Batetik, betidanik gustatu izan zaigu izenburu oso arraroak jartzea: Ez etorri, Barkatu eragozpenak... Horrekin jolastea gusta­tzen zaigu, eta aspalditik Barre-xerra patatekin genuen buruan. Baina jendeari gehiegi iruditzen zi­tzaionez, Patatekin! uztea erabaki genuen. Bestetik, obran etxebizitzaren arazoa lantzen dugu, besteak beste, eta patatekin dena errazago jaten denez... bada, Patatekin!
Nolako patatak dira: minak2, gazi-gozoak...?
Niri gaziak gustatzen zaizkit, baina hiri honetan, oraingo egoera ikusita, ez dira oso gaziak.

Zuen umoreak “Donostiazentrista” izatetik “unibertsalizatzera” jo duela irakurri dizuet. Heldutasun-seinale, edo Donostiatik harago mundua dagoela ohartu zarete?
Hasi ginenean, 2018an, Donostian ikuskizun bat estreinatu, eta berehala hurrengoa prestatzen hasten ginen. Behin, antzoki bateko teknikari batek zera esan zigun: “Egiten duzuena indartsua da, amortizatu pixka bat eta erakutsi herri gehiagotan”. Orduan hasi ginen erreferen­tzia unibertsalagoak eransten, herriz herri ibil­tzen hasteaz batera. Hasieran, Donostiako erreferentzia gehiago erabiltzen genituen, auzoen arteko ika-mikak, eta halakoak.
Nolakoa da zuen umorea?
Oso umore absurdoa. Eguneroko gauzekin nahastea ere gustatzen zaigu. Adibidez, Patatekin! ikuskizunean gu nerabe ginenekoaz barre egin dugu. Txiste oso errazak ere egin ditugu, eta jendeak berehala ulertzen ditu, identifikatuta sentitzen delako. Azken batean, denok egin ditugu tontakeria berak nerabezaroan. Funtzionatu du; beraz, oso ondo.
Zortzi zarete taldean. Ez da erraza izango antolatzea eta funtzionatzea.
Ez da batere erraza, eta are gutxiago Patatekin! antzezlanean, antzezle ugari gaudelako. Lau eszena dira eta lauretan gabiltza zortzi aktoreok oholtzan. Normalean ez da horrela izaten, baina oraingoan denok gara protagonistak eta horrek kristoren talde-lana eskatu du: koordinazioa, konpromisoa, inplikazioa... Oso ongi moldatu gara, taldean ongi funtzionatzeko zer egin behar dugun ikusi dugu, eta izugarri disfrutatu dugu.
Ana Goitiak esana: “Emakume gehiago behar ditugu komedian, oso gutxi ikusten ditugulako. Oraindik ere uste da emakumeok ez dakigula umorea egiten, eta hori izugarrizko matxismoa da”.
Erabat ados. Alde batetik, oholtzara igotzen zarenean gizon batek baino askoz gehiago demostratu behar duzu, gehiago epaitzen zaituztelako eta jendeak emakumeekiko aurreiritzi gehiago dituelako. Horrez gain, askotan badirudi hilekoari3 buruzko txisteak egingo dituzula etengabe, hau da, ‘emakumeen gaiei’ buruz ariko zarela, ez gai unibertsalez. Hori gizonei baino ez zaie uzten. Horrelako matxismo-zan­tzuak⁴ edonon daude, eta horrek azal dezake zergatik gauden emakume gutxiago komedian. Dena dela, animatu egin nahi ditut, gure artean sortzen den giroa oso polita delako. Gainera, ahoak ixteko plazera ere gustatzen zait.
Denaz egin daiteke umorea?
Ez. Batzuetan, iruditzen zait pertsona askok errazegi esaten dutela “gaur egun ezin da ezertaz barre egin” justifikatu ezin diren gauza batzuk justifikatzeko. Parean nor duzun ere kontuan hartu behar duzu; hau da, mugak zuk jarri ahal dituzu, testuingurua⁵ aztertuta.

Barre egitea osasungarria omen da. Eta barre eragitea?
Baita ere. Gainera, ez dakit zer daukan, baina adikzioa eta guzti sortzen du barre eragiteak.

Korrikaren azken bi edizioetan, furgonetako esatari ibili zara Donostian. Furgonetatik ikusiko dira gidoiak sortzeko ideiak...
Bai, gertatu izan zait. Adibidez, Korrikaren harira antolatu izan ditugu bakarrizketa⁶-saio bereziak, eta askotan pentsatu izan dut hor badagoela soilik Korrikari buruzko bakarrizketa sortzeko materiala. Noizbait, agian... bi urte dauzkat aurretik, erne! 

bidean web

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Itsasoan bainatzeak.
Eta tristatu? Lagunekin edo familiarekin egoteko denborarik ez edukitzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Edozerk.
Eta negarra? Edozerk ere bai.
Zerk haserrarazten zaitu? Batere puntuala ez den jendeak.
Bizio bat? Ogia poltsako patatekin.
Plazer txiki bat? Kirola egin osteko potea.
Plazer handi bat? Bidaia bat kuadrillarekin.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Eguraldi-iragarlea.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi? Autoeskolako irakaslea. Gidatzeari sekulako beldurra diot.
Umoregile bat: Antton Telleria eta Aitziber Garmendia.
Komedia bat: Tricicleren edozein emanaldi.
Aurretik grabaturiko barreak, bai ala ez? Ez.
Umore-mota bat? Absurdoa.

1. Jo eta su: geratu gabe, atseden hartu gabe.
2. Min:
pikante.
3. Hileko:
menstruación (es), menstruation (fr).
4. Zantzu:
señal (es), signe (fr).
5. Testuinguru:
contexto (es), contexte (fr).
6. Bakarrizketa:
monólogo (es), monologue (fr).

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.