Haritz Rodriguez
Pommelierra

Hainbat fase eta azterketa gaindituta, American Cider Association erakundeak pommelier ziurtagiria eman berri dio Rodriguez kazetari, eta gastronomia eta turismo marketin aholkulari donostiarrari (Caracas, Venezuela, 1978). Munduan 122 lagunek dute hori, eta bera da lehen euskal herritarra. Fraisoro Laborategiaren trebakuntza ere gainditu du duela gutxi, hura ere aski zorrotza. Sareetan, Ciderzale izenarekin ezagutarazten du sagardoaren mundua. Eñaut Mitxelena.Argazkia: Ciderzale.

Zer da pommelierra?
Ardoaren munduan sommelier lanak egiten dituenaren antzekoa, baina sagardoarekin. Pommelierra ekoizlearen, produktuaren eta kontsumitzailearen arteko bitartekaria da. Produktuaren ingurukoa ezagutzen du: sagastiak, elaborazio prozesuak eta ezaugarri organoleptikoak, gomendioak egiteko.

Hemen eta munduan ibiltzen zara hitzaldi, topaketa eta dastaketetan. Hain ugaria al da sagardoa munduan?
Ez da oso ugaria, baina uste duguna baino gehiago. Ardoari dagokionez, 2.000 jatorri izendapen baino gehiago daude, eta sagardoan 22 izendapen eta adierazpen geografiko. Guk uste baino toki gehiagotan dauka tradizioa. Leku askotan, tradizio hori galdu egin zen, eta orain berreskuratu nahian dabiltza, AEBetan, adibidez. Norvegian, Austrian, Kanadan, Hegoafrikan, Australian... munduko leku askotan egiten dute. Sagarra dagoen tokian, gaur egun, ekoizten ari dira.
Euskal Herrian oso sagardozaleak omen gara, baina ezagutzarik ba al dugu?
Gero eta gehiago. Sagardoaren sektoreak egiteke daukan lana da sagardoaren berri ematea. Beti aipatzen dut balioa eman behar zaiola. Denoi gustatzen zaigu sagardotegira joan eta iritzia ematea, zein gustatu zaigun gehiago edo gutxiago... Kontsumoan bai, agian oso adituak gara. Baina sagardoaren berri ematea ez da kontsumitzailearen lana, ekoizlearena baizik. Gehiago komunikatu behar da: nola egiten den, zer dagoen atzean... Gero eta gehiago egiten da. Adibidez, sagardotegiek bisita gidatuak eskaintzen dituzte, nola egiten den lan ikus daiteke, zein sagar motarekin... Gainera, badugu historia luzea. Beraz, asko dago kontatzeko.
Asko aldatzen ari da sagardoaren mundua Euskal Herrian?
Bai, azken 5-10 urteetan asko aldatu da, produktuari dagokionez. Batetik, tradiziozkoa dugun sagardo naturalaren kalitatea hobetzeko lan handia egin delako. Bestetik, dibertsifikazioaren bidetik, produktu berriak ekoizten direlako: apardunak, izotzezko sagardoak, barietate bakarreko sagardoak... Sektorea asko mugitzen ari da, eta, nire ustez, hemendik kanpora ere zer gauza egiten ari diren ikusi izanak lagundu du. Bereziki, Euskal Sagardoaren lana azpimarratuko nuke, kalitate eta jatorri zigilua delako.

Sagardoa gutxietsia izan da hemen?
Oso estimatua da, jendeari gustatzen zaiolako eta asko kontsumitzen delako. Aldi berean, apur bat kosta egiten zaigu merezi duen prezio duina ordaintzea. Harreman arraroa da: kontsumitzaile gisa oso zortedunak gara, merkatuan oso produktu ona daukagulako, oso naturala. Organoleptikoki desberdina da, baina lehengaia lantzeko moduan, ardoaren parekoa. Hala ere, oso merkea da. Nire iritziz, produktuaren etorkizuna bermatu nahi badugu, igual gehiago balioesten ikasi behar dugu.
Entzun izan dizudanez, sagardoa hobe kopan.
Nik nahiago dut, gehiago gozatzen dut kopatik edanez. Baso fina ere gustatzen zait, eta upategian errazagoa da, txotxean upeletik zuzenean edateko daukagun ohituragatik. Beti diot gauza bera: kopa on batek ardo on bat hobetzen badu, sagardo on bat ere bai. Horretarako diseinatuta dago: forma berezia dauka, lurrinak barruan mantentzen ditu... Sagardo bera kopa eta baso banatan zerbitzatuta, segur aski sentsazio ezberdinak izango dituzu batean eta bestean, desberdin agertzen delako.

Sagardoa bere onenean dastatzeko, botila?
Bai. Nire ustetan, kupelik onena botila da. Txotx garaia oso interesgarria da. Sagardo gazteak dira, lehenengo sagardoak, eta ondoren, garatzen direnean, agian galduko dituzten beste ezaugarri batzuk dituzte. Oso sagardo onak izaten dira txotx garaian ere. Sagardogileak badaki eta horretarako lan egiten du, sagardoa bere egoerarik onenean merkaturatzeko.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna?
Seme-alabek, aldarte onean daudenean.
Eta tristatu?
Batzuetan, irratiko albisteek.
Zerk eragiten dizu barrea?
Lagunarteko elkarrizketek.
Eta negarra?
Nahiko sentibera naiz; besteen sufrimenduak.
Zerk haserrearazten zaitu?
Kasu ez egiteak.
Bizio bat?
Jan-edana.
Plazer txiki bat?
Donostian eguzkipean paseatzea.
Plazer handi bat?
Mendira joatea.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Aitaren eraginez, ingeniaria.
Eta orain, zer ez zenuke izan nahi?
Bulegaria.
Hemengoa ez den sagardo bat:
AEBetako Finger Lakes-eko South Hill. Brut Nature. Aparduna da.
Upela ala botila?
Botila.
Poteoa, zerekin?
Gutxi poteatzen dut, baina sagardoarekin.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.