Gauez ibiltzea zer den ere ahaztu zaigu azkenaldian. Ahanztura horretan bizi dira garai batean musikaren tenplu izandako hainbat areto ere. Ondarroatik Zumaiarako bidean, 34, Venezia, Txitxarro eta Jazz Berri itxita aurki ditzakegu, garai zaharren akorduan. Makina bat urtean, ordea, dantzaleku, rock areto eta musika elektronikoaren gordeleku izan ziren. Txomin L. Aramaio.

VENEZIA

Ondarroa eta Mutriku artean dago aretoa, Bizkaiko eta Gipuzkoako muga-mugan. 1970ean zabaldu zuten, eta hala jarraitzen duten bakarrenetakoa da; hala pandemia aurretik, hobe esanda. Hastapenetan dantzalekua izanik, Julio Iglesias, Juan Pardo, Camilo Sexto, Massiel eta Los Bravos igaro ziren bertatik garai haietan. Segundo Alberdik ireki zuen estreinako aretoa, eta, azken urteotan, haren biloba Ritxar Azua arduratu izan da aretoaz. Tartean, hala ere, makina bat aldiz zabaldu eta zarratu izan dute, eta era batera edo bestera aurrera egin du, bai dantzaleku bai rock areto bai musika elektronikoaren tenplu izanez.
Rock aretoa izan zenean, pare bat urtez, Karlos Izagirre Txals, Mikel Arrate eta Juan Jose Iurrita Txufu arduratu ziren Veneziaz. Txals eta Txufu Mutrikuko Delirum Tremens taldeko kideak ziren, txoferra eta bateria, hurrenez hurren. Hain zuzen, Venezia diskoteka izan zen talde hura desagertzeko arrazoietako bat. Aretoan bertan eskaini zuten azken kontzertua, sarrera guztiak agortuta, 1991ko azaroaren 27an. “Gazteak ginen, eta lan egiteko gogo izugarria genuen, baina Andoni (abeslaria) ere gurekin lanean hasia zen, eta taldea eta aretoa biak batera ezin ziren aurrera atera” dakar gogora Izagirrek. Hala eta guztiz ere, gazte haien aukera ez zen izan Venezia aretoa. Buruan beste diskoteka mitiko bat zuten: Jazz Berri (Arrona auzoa, Zestoa, Gipuzkoa). “Jazz Berri hartzeko zori- zorian izan ginen. Sinatzea falta zitzaigun, besterik ez, baina azkenean asmoa ez zen gauzatu eta haren ordez Venezia hartu genuen”. Jazz Berri, egun, zarratuta dago; bere garai onenetan, baina, jendetza joaten zen hara autobusez Zarautz, Getaria eta Zumaiatik.
Delirium Tremensekoek rock areto moduan 1990ean zabaldu zuten, eta inaugurazio ekitaldira Rory Gallagher izar aparta ekartzen ahalegindu ziren. "Haren managerrarekin jarri ginen harremanetan, baina osasunez ez zebilen ondo eta azkenean ezin izan genuen ekarri. Handik gutxira hil zela esango nuke”. Gallagher ez, baina EH Sukarra, Su ta Gar, Mano Negra eta Negu Gorriak han izan ziren. 1992ko urtarrilaren 10ean eta 11n elkartu ziren, lehenengo aldiz, Fermin Muguruza eta Manu Chao, Venezian. “Kontzertu gogoangarriak izan ziren. Egun bi haietan ez dakit zenbat lagun batu genituen barruan, eta beste hainbeste edo gehiago kanpoan geratu behar izan ziren” gogoratu du Izagirrek.
Asteburuero, ostiral eta zapatuetan, bezero asko bildu eta aparkalekua txiki geratzen zitzaien. “Jendeak ahal zuen lekuan aparkatzen zuen, eta bidea autoz beteta izaten zenez, ertzainak isunak ipintzen hasi ziren. Pixkanaka, jende kopurua murrizten hasi zen, isunen ondorioz, eta zulo handia egin aurretik itxi egin behar izan genuen, ateak ireki eta urte bira".

TXITXARRO

1976an zabaldu zuen Narciso Kortak Itziarko (Gipuzkoa) diskoteka eta musika areto ezaguna. Hasierako urteetan dantzalekua izan zen, eta Egan-ek eta antzeko dantza taldeek behin baino gehiagotan jo zuten bertako oholtzan. Gero, 1988tik 1994ra, kontzertuen garaia izan zen; besteak beste, Green Day eta Sonic Youth taldeek zuzenekoak eskaini zituzten.
Txirrindularien eta txirrindularitzazaleen artean ere ezaguna egin zen Txitxarro 80ko hamarkadan, Txitxarroko Igoera txirrindularitza proba amateurra zela eta. Marino Lejarreta eta Julian Gorospe izan ziren probaren sustatzaileetako bi, eta probaren nondik norakoak Narciso Kortarekin adostu zituzten. Lehenbiziko urteetan, erlojuaren kontrako saioa izaten zen, Zumaiatik Txitxarroraino. Gerora, jaitsiera ere izan zen urte batzuetan, alderantziz: Txitxarrotik Zumaiaraino. Urrian egiten zen, eta zaleek zein profesionalek parte har zezaketen, jai giroan. Eguna ederto amaitzeko, festa egiten zuten guztiek dantzalekuan. Miguel Indurainek jai horietako batean ezagutu omen zuen emaztea, Marisa Lopez de Goikoetxea.
90eko hamarkadan musika elektronikoaren zirkuituan sartu ziren aurrenetakoa izan zen Txitxarro, Irungo Jennifer dantzalekuaren atzetik. Zehatzago esateko, trance (Txitxarron) eta progressive (Txitxarro azpiko Skanner diskotekan) estiloko musika elektronikoa ipintzen zuten.
2000ko irailaren 10ean, ETAk bonba bat ipini zuen Txitxarron, dantzalekuetako giroa droga kontsumoarekin lotuta zegoelakoan. Kalte handiak jasan zituen eraikinak. Aste batzuk lehenago, ETAk Narciso Kortaren anai Joxe Mari Korta hil zuen. Hiru urtez itxita egon zen, 2003an berriz ireki zuten, eta 2010ean betiko itxi.  Txitxarro eta gero ETAk Lakuntzako (Nafarroa) Universal eta Doneztebeko (Nafarroa) Bordatxo diskotekak eraso zituen, lehena 2001ean eta bigarrena 2005ean. Lehendakaris Muertos taldeak ETA, deja alguna discoteca abestia egin zuen gaiaren gainean, ETA sí, ETA no leloaz.
Txitxarro itxita egon zen hiru urteetan, Oiartzungo (Gipuzkoa) Itzelak hartu zuen haren lekukoa musika elektronikoaren zaleen artean. Aurretik, Itzelak ere, beste areto askok bezala, kontzertuak antolatzen zituen. 1994an, esate baterako, Bad Religion talde ezagunak zuzenekoa eskaini zuen eta, lurra erorita, 15 lagun zauritu ziren.
Koldo Loira musika jartzaile ondarroarrak gertu-gertutik bizi izan zituen garai haiek, bai entzule bai DJ areto haietako batean baino gehiagotan izan baitzen. 2002an, Itzelan antolaturiko DJ txapelketa bat irabazi zuen, eta biharamunean aretoaren urteurrenean musika ipintzeko aukera izan zuen. “Bete-beteta zegoen lokala” dio. Hurrengo urtean, Guass aretoko (Elgoibar, Gipuzkoa) DJ lehiaketa ere irabazi  zuen; eta, azkenik, 2005ean, Txitxarro azpiko Skanner aretokoa. Sarien ostean, aukera izan zuen musika elektronikoaren hainbat tenplutan saioak egiteko. “Egia esan, batetik bestera ibiltzen ginen asteburuetan. Normalean, zapatu arratsaldean, Guassera joaten ginen, eta, gauean, Txitxarrora eta Sacannerrera”. Izan ere, dantzalekuak bata bestearen atzetik zabaltzen zituzten, eta, horrela, ostiral arratsaldetik astelehen goizaldera arte bazegoen non dantzatu.

34

ETAk ez ezik, beste batzuek ere eraso zituzten aretoak. Adibidez, Batallón Vasco Español talde ultraeskuindarrak Angel Etxaniz erail zuen Ondarroako 34 diskotekan, 1980ko abuztuaren 30ean. Han zeuden dantzalekuko langile bat eta Etxanizen lehengusina bat ere zauritu zituen.


Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.