Urtarrilean hasiko da sagardotegi denboraldia edo txotx garaia. Apirilera edo maiatzera bitartean, aurtengo sagardo berria zuzenean upeletik dastatzera hurbilduko gara sagardotegietara. Txotx! oihuari jarraikiz, edalontzia eskuan upel aurrean ilaran jarri, eta upeletik zurrustan ateratzen den sagardoa hartuko dugu. Hona hemen hain geurea dugun edariari buruzko zenbait kontu, labur-labur. Eñaut mitxelena. Argazkia: Foku.

XXX. Sagardo Berriaren Eguna
Txotx denboraldiari hasiera emateko, ohiko bihurtu da Sagardoaren Lurraldeak antolatutako Sagardo Berriaren Eguna. Data horretan, urteko sagardo ekoizpenaren jakingarri ugari azaldu ohi dituzte Astigarragan egiten den ekitaldian: ekoitzitako kopurua, sagardo berriaren ezaugarriak... Ondoren, pertsonaia ospetsu batek lehen upela irekitzen du, Gure sagardo berria! oihu eginez. Aurten, XXX. edizioa izango da, eta urtarrilaren 11n egingo dute Astigarragako Alorrenea sagardotegian. Nork zabalduko duen sekretua izaten da, beraz, egunean bertan jakingo dugu. Sagardoaren ezaugarriak ere orduan egingo dira ezagun. Hori bai, egun horretatik aurrera, sagardo berria txotxean dastatu ahal izango dugu. Nagusiki, Gipuzkoako sagardotegietan, han baitira ugarienak, baina Araban, Bizkaian, Iparraldean eta Nafarroan ere badirela ahaztu gabe!

Txotxa
Oso ezaguna zaigu txotx hitza. Baina zein du jatorria? Sagardun Partzuergoak 2008an kaleratutako Sagardoaren hiztegia-k honela dio: “Zurezko upeletan sagardoa ateratzeko zulotxoa ixteko erabiltzen zen pieza. 4 edo 5 mm-ko diametroko egur biribila zen, 10 cm-ko luzerakoa”. Lehen, upeletako sagardoa dastatu ostean, gantza edo seboa erabiltzen zen zulotxoa estaltzeko, eta berriz zabaldu behar zenean metalezko ziri bat baliatzen zuten. Prozesua errazteko, gantza beharrean egurrezko zotz bat erabiltzen hasi ziren zuloa estaltzeko: zotza, zipotza edo txotxa. Hitzak, objektua ez ezik, sagardoa edateko modu jakin bat ere izendatzen du.

Txotx garaia
Upela txotxetik zabaldu eta sagardoa dastatzen da txotx denboraldian. Hain zuzen, sagardo erosleen dastaketetan du jatorria, historian atzera 70 bat urte eginda. Sagardo kopuru handiak erosi behar zituzten erosleak (jatetxeak, elkarteak, dendak eta antzekoak) sagardotegietara joaten ziren, hilabete batzuen buruan botilatuta erosiko zuten sagardo berria upeletan aukeratzera. Izan ere, upelean, sagardoa guztiz egin gabe egoten da. Erosleek upeletako sagardoa dastatu eta gustukoena aukeratzen zuten. Probak egiteko, jakina, txotxean edaten zuten. Dastatze horiek pribatuak izan ohi ziren, baina gero eta jende gehiago erakartzen hasi, eta azkenean edonori ireki zitzaizkion, egungo ohitura errotua bilakatzeraino. Urtarrilean hasita, apirilera edo maiatzera arte irauten du txotx sasoiak.

Historia luzea
Euskal Herriko isurialde atlantikoan, sagarrak eta sagardoak, eta, beraz, sagarrondoek garrantzi eta presentzi handia izan dute antzinatik, nahiz eta haien jatorriaren berri zehatzik ez dagoen. Sagar eta sagarrondoei buruzko lehen aipamen idatziak XI. mendekoak dira. XII. mendeaz geroztik, sagarra, sagarrondoak eta sagardoa legez babestu eta arautu ziren euskal lurraldeetan, zorrotz arautu ere: heriotza zigorra eta guzti kasu eta garai batzuetan. XVI. eta XVII. mendeetan, Ternuara balea edota bakailaoa harrapatzera joaten ziren ontzietan ere sagardoa eramaten zuten. Ura ez bezala, ez zen usteltzen, eta, gainera, eskorbutoa saihesteko balio zien. XVII. mendetik aurrera eta XX.era bitartean, lurraldez lurralde gainbehera izan zuen sagardoak. Gipuzkoan gehiago eutsi zitzaion, batez ere Hernani eta Astigarraga inguruetan; azken hamarraldietan, aldiz, berriro hedatzen hasi zen.



Elkarrizketa/erreportaje osoa irakurri nahi duzu? Hil honetako aldizkaria salgai dago kioskoetan; era berean, harpidetza egin dezakezu: digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.

Harpidedunentzako sarbidea:

Gogora nazazu

Hil honetako AIZU! aldizkarian erreportaje gehiago aurkituko dituzu. Horrez gain, “Ez da hain fazila” gehigarria ere eskura dezakezu. Hainbat eduki biltzen ditu: "Galde Debalde?" ataltxoa gramatika-zalantzak argitzeko, denbora-pasak, lehiaketak... Kioskoetan salgai, harpidetza ere egin dezakezu, digitala nahiz paperekoa. Klikatu hemen.