San Frantzisko badiaren erdian, badago bi kilometro koadroko uharte txiki bat. Iraganean bizi izandako istorio ugari gordetzen ditu, eta hala literaturaren (Michael P. King, Angel Montero Lama…) nola zinemaren bitartez (Escape from Alcatraz, The Rock…), ospe handia hartu du. Juan Luis Mugertza. Argazkiak: Juan Luis Mugertza.
Lurzati hori, gaur egun parke nazionala bada ere, garai batean segurtasun handiko espetxea zen: Alcatraz (euskaraz, zanga). Espetxera joateko ferryak San Frantziskoko Pier 33 kaitik irteten dira, eta bidaiak 15 eta 20 minutu artean irauten du.
Bertan kondena bete zuten 1.545 presoen artean (gizonak guztiak), batzuk oso ezagunak izan ziren. Esaterako, Alphonse Gabriel Al Capone mafiako burua, Scarface izenez ere ezaguna. 181. gelaxkan egon zen giltzapetuta. George Barnes Machine Gun Kelly ere, lege lehorraren garaiko gangsterretako bat, bertan sartu zuten. Barnes eta haren emaztea, Kathryn, Texasko petrolio handiki baten bahiketa famatuaren egileak izan ziren, 1933an. Alcatrazeko beste preso ospetsu bat Albin Francis Karpowicz izan zen, bere irribarre maltzurragatik Creepy ere izendatua. Egin zituen delituen artean, lapurretak, bahiketak eta hilketak daude. Iruzur fiskalagatik irlan kondena bete zutenak ere badaude, Mickey Cohen, adibidez, Frank Sinatraren eta Judy Garlanden lagun handia. Hura bi aldiz izan zen Alcatrazen. Halarik ere, presorik bitxiena, seguru asko, Robert Franklin Stroud dugu. Txori gizona esaten zioten, Kansasko kartzela bateko bere ziegan 300 kanario hazi zituelako. Heriotza zigorra ezarri zioten, kartzelazain bat hil zuelako, baina Woodrow Wilson presidentearen grazia lortu zuen eta Alcatrazera eraman zuten.
Preso gehienak beste espetxe batzuetan arazoak izandakoak ziren. 34 ihes egiten saiatu ziren: 23 harrapatu egin zituzten, 6 akabatu, 2 itota hil ziren eta 3 desagertuta eta/edo hilda omen daude. Ihesik sonatuena 1962ko ekainekoa izan zen, Frank Morrisek eta John eta Clarence Anglin anaiek burutua. Ihesaldia prestatzeko, zazpi hilabete behar izan zuten, eta koilarak erabili zituzten aireztatze hodiaren zuloa handitzeko. Ospa egin zuten egunean, egunkari txatalez eta ileordez egindako giza buruak utzi zituzten beren kamainetan, presozainek ohean zeudela pentsa zezaten. Zortzi ordu behar izan zituzten hirurek ziegatik ihes egiteko, eta gabardinak erabiliz flotagailu modukoak egin zituzten, igeri egiten laguntzeko. Ziurtasun osorik ez dago, baina San Frantziskoko badian itota hil zirela uste da. Gorpuak ez dituzte inoiz topatu, ordea, nahiz eta FBIren hipotesi ofizialaren arabera, Ozeano Bareko ur izoztuetan kostaldera heldu nahian hil ziren hirurak. Gertakariak bestelako bukaera izan zuela sinesten duenik ere badago, norbaitek Anglis anaiak Brasilen ikusi omen baitzituen.
Alcatrazeko presoen batez besteko kopurua 260koa zen, gehienez 320koa, baina 336rentzako lekua zegoen. Presozainen emazteak eta seme-alabak ere bertan bizi ziren. Espetxean exekuziorik egin ez arren, zortzi hilketa eta bost suizidio gertatu ziren. Kartzelako gastua oso handia zela eta, 1963ko martxoren 21ean Robert F. Kennedyk 29 urtez funtzionamenduan egondako presondegia, The Rock izenez ere ezaguna, ixtea erabaki zuen.